Osakidetzak 222 milioi euroko zerbitzuak itundu ditu zentro pribatuekin

Herri plataformek bat egin dute bihar Donostian, Bilbon eta Gasteizen izango diren protestekin. Nafarroan bigarren lanuztea egingo dute

Osasun publikoaren alde Donostian elkarretaratze bat, urtarrilean. J. URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
2022. urtean 222,6 milioi euroko osasun zerbitzuak hitzartu zituen Osakidetzak zentro pribatuekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aurrekontuaren %5 da gutxi gorabehera. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak egin zuen galdera, eta Osasun Sailak hari emandako erantzunean ageri da datua. 2021ean 221 milioi ingurukoa izan zen eta 2019an 186 milioi eurokoa. Gipuzkoan dago gastu handiena.

Aurreko astean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak justifikatu egin zuen hainbat osasun zerbitzu zentro pribatuetara bideratzea. Helburua herritarrei «kalitatea» eskaintzea dela esanez defendatu zuen, bere hitzetan osasungintza publikoak ezin dituelako herri eta zentro guztietan zerbitzu guztiak eskaini.

Mobilizaziorako deia

Hainbat sindikatuk antolatuta, osasun sistema publikoaren aldeko manifestazioak egingo dituzte bihar Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Osasun Publikoaren Aldeko Batasuna koordinakundeak bat egin du mobilizazioekin. «Osasun publikoaren defentsa aktiboan mobilizatzera behartuta gaude beste behin, helburu horiek partekatzen ditugun gainontzeko erakundeekin batera», adierazi du koordinakundeko kide den Donostialdea Osasun Publikoaren alde plataformak, ohar baten bidez.

ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT,SME medikuen sindikatua eta ESK sindikatuek antolatu dituzte biharko manifestazioak. 12:00etan egingo dituzte: Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik. Osasun sistema publikoa «gainbehera» doala salatu dute sindikatuek, eta bihar kaleetan eskatuko dute lantaldeei behar duten neurria emateko, osasun aurrekontua handitzeko, karrera profesionala garatzeko, eta azken hamar urteetan galdutako erosahalmena —%20tik gorakoa— berreskuratzeko. Oro har, Osasun Publikoaren Aldeko Batasuna koordinakundea osatzen duten plataforma gehienek babestu dituzte mobilizazioak.

Nafarroako osasungintzan, berriz, greba egingo dute martxoaren 23an. Bigarren lanuztea izango da, eta Osasunbideko intersindikala osatzen duten sindikatu nagusiek —LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk— antolatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.