Jaio baino 10.547 pertsona gehiago hil dira 2022. urtean EAEn

2021arekin alderatuta, %4,7 ugaritu dira heriotzak EAEn. Heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio aparatuko eritasunak izan dira

1.713 pertsona hil ziren 2022an koronabirusagatik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin zuen heriotza kopuruak 2022an: 24.160 pertsona hil ziren, 12.314 emakume eta 11.846 gizon. 2021arekin alderatuta, %4,7 ugaritu ziren heriotzak EAEn, eta 2019aren alderatuta, berriz, %12. Eustatek atzo zabaldutako datuen arabera, heriotza kopuruaren igoera nabarmena izan zen, batez ere, Araban eta Bizkaian: %6,5ekoa Araban, eta %5,1ekoa Bizkaian. Jaiotza kopuruarekin alderatuta, hazkunde begetatiboa negatiboa izan da. Hau da, heriotzak gehiago izan ziren jaiotzak baino: 10.547 gehiago, zehazki.

Biztanleria galera hori Gipuzkoan nabaritu da gehien, kopuru horretatik 6.286 gipuzkoarrak baitziren. Hildako guztietatik, 40 urtebete baino gutxiagoko umeak izan ziren, aurreko urtean baino bost gehiago. 100 urtetik gorako 417 pertsona zendu ziren, 2021ean baino 81 gehiago.


Laugarren hiruhilekoan, baina, behera egin zuen heriotza kopuruak. 2021eko aldi berarekin alderatuta, 203 hildako gutxiago egon ziren. Batez ere, Gipuzkoan nabaritu zen beherakada: %4,5ekoa izan zen. Sexuari dagokionez, %3,6 egin zuen behera emakumeen heriotza kopuruak, eta %3 gizonenak.

Kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio aparatuko gaitzak izan ziren: 1.626 eta 1.379 heriotza eragin zituzten, hurrenez hurren. Bien artean heriotzen erdiak baino gehiago eragin dituzte. Arnas aparatuari lotutako eritasunak izan ziren hirugarren heriotza kausa nagusia: 459 hildako eragin zituzten, ia %8. Gizonen artean, tumoreak eta zirkulazio aparatuko gaitzak dira kausa nagusiak; emakumeen artean, berriz, alderantziz.

Koronabirusa

COVID-19a ere presente egon zen iazko heriotzetan. Laugarren hiruhilekoan, adibidez, 200 pertsona hil ziren gaitz horrengatik. Batean izan ezik, gainerako kasu guztietan baieztatuta zegoen eritasun hori izan zela heriotzaren kausa. Bizkaian izan ziren kasu gehienak: 109. Urte guztiari erreparatuz gero, 1.713 pertsona zendu ziren gaitz horrengatik, aurreko urtean baino %1,8 gehiago. Beraz, kopuru orokorrak ez ezik, koronabirusarengatik izandako hildako kopuruak ere gora egin zuen iaz, 2021arekin alderatuta.

Sexuari dagokionez, ez dago alderik heriotza kopuruen artean: 100 gizon eta 100 emakume zendu ziren COVID-19agatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.