Koronabirusa

COVID ziurtagiria, urtarrilaren 31 arte gutxienez

Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
EAEko Aldizkari Ofizialak goizean goiz argitaratu zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak sinatutako dekretua, eta hortik aurrera sartu zen indarrean COVID ziurtagiria eremu itxi gehienetan erabiltzeko betebeharra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Dekretuak zehazten duenez, urtarrilaren 31 arte indarrean egongo da neurria, betiere bilakaera epidemiologikoaren datuak bide onetik baldin badoaz. Izan ere, dekretuak dio unean uneko egoera aztertuko dela eta beharrezkoa balitz data horretatik harago luzatuko dela neurria.

Ziurtagiria non eta nola eskatuko den ere zehazten du dekretuak. Hala, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 300 kasu edo gehiago duten herrietan eta hirietan ostalaritza guztian ezarri da ziurtagiriaren eskakizuna, eta kiroldegi, gimnasio eta frontoietan, baita ospitale, zentro soziosanitario eta espetxeetako paziente eta egoiliarrak bisitatzeko ere, derrigorrez erakutsi beharko da txertaketa pauta osoa hartu izana, gaitza pasatu izana edo diagnostiko negatiboa egiaztatzen duen agiri bat.

Ordea, ez da erakutsi behar EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez baitu baimendu aire zabaleko kirol instalazioetan, tartean futbol zelaiak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo adierazi zuen aztertzen ari direla zer neurri har daitezkeen leku horiek «seguruak» izan daitezen. Argitu zuen, halaber, tabernetako terrazetan ez dela COVID ziurtagiria eskatuko, toki irekia delako. Zine aretoetan, berriz, ziurtagiria aurkeztu beharko dela erantsi zuen.

Nafarroan, berriz, COVID ziurtagiria zentro soziosanitarioetara zabalduko du foru gobernuak datorren astean. Gainera, gobernuakbeste sektoreekin ere aztertuko du ziurtagiria zabaltzea, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak atzo jakinarazi zuenez.

Gabonetarako aholkuak

Nafarroan koronabirusaren intzidentzia handia dela eta, Eguberrietako eta urte amaierako ospakizunekin kezkatuta dago gobernua, eta herritarrei gomendatu die ospakizun horietan gehienez hamar pertsona eta bi bizikidetza unitate biltzeko. Nafarroako Gobernuak bihar argitaratuko du ebazpen bat gomendioak bildurik. Indurainek abisua eman du: neurriak zorrotz bete ezean, baliteke Eguberrietan murrizketak izatea. Izan ere, ohartarazi du ospitaleetan tentsioa areagotzen ari dela 129 pertsona daude gaitzak jota erietxeratuta,eta horietatik 23 ZIUetan, eta hasi dira bertan behera uzten «premiazkoak» ez diren zenbait ebakuntza.

Horrez gain, Indurainek jakinarazi zuen Nafarroan omikron aldaeraren beste bi kasu detektatu dituztela azken orduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.