Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Klima larrialdia. Osasun ondorioak

Kezkaren zuztarrak ahantzi gabe

Buruko osasuneko ondorioei begira ere aztertu behar da klima aldaketa, sortzen dituen arazoen neurriarengatik eta eragiten dituen duda handiengatik, baina kausak aintzakotzat hartuta beti.
Jendearen itzala, uda honetan Iruñean egindako argazki batean.
Jendearen itzala, uda honetan Iruñean egindako argazki batean. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre - Jone Arruabarrena - Arantxa Iraola -

2022ko irailak 25

Norbanako bakoitzak bere gaitasunak garatu, bizitzako tentsioei aurre egin, modu emankorrean lan egin, eta bere komunitateari ekarpena egiteko aukera ematen dion ongizate egoera bat». Horrela definitzen du OME Osasunaren Munduko Erakundeak buru osasuna. Baldintza horiei, baina, mehatxu egiten die klima larrialdiak: IPCCk otsailean ateratako txostenaren arabera, larrialdiak geroz eta gehiago eragiten dio buru osasunari, « ondoez emozionala, antsietatea, depresioa, mina edo portaera suizidak» eragiteraino.

OMEk gogora ekarri du egoera sozioekonomikoak, generoak eta adinak eragina dutela, eta ikuspegi zabala eskatzen duela gaiak. Hala ere, iaz egindako ikerketa baten arabera, 95 herrialdetatik soilik bederatzik hartu zuten kontuan buru osasuna klima larrialdiari buruzko osasun planetan.Horregatik, arazoari bost ikuspegitatik heltzea proposatzen du OMEk: klima larrialdia kontuan hartzea buru osasuneko programetan, bi arloak modu bateratuan lantzea, arlo horietan egin diren mundu mailako itunak oinarri hartzea, komunitatean oinarritutako ikuspegiak lantzea, eta arlorako finantzazioa haztea.

Hitz berria: 'ekoantsietatea'

Klima larrialdiak eragiten duen larriminari deitzen zaio ekoantsietatea. Geroz eta gehiago erabiltzen da hitz hori, eta buruko osasunaren profesionalen artean ere gogoeta iturri bilakatu da kontzeptu hori azken hilabeteotan. Hain zuzen ere, larrimin horren inguruko interesa du Mathilde Depaulis psikologoak; Miarritzen (Lapurdi) egiten du lan, eta emozioen kudeaketan berezitua da. Ekoantsietatea definitzeko orduan, Veronique Lapaige mediku ikerlariaren hitzak bere egin ditu: «Antizipazioz sentitzen den larrimina da, geroa mehatxaturik ikusten delarik».

Ikusi gehiago: KLIMA LARRIALDIAREN OSASUN LARRITASUNAK

Depaulisen ustez, egiazko aldaketa bat gertatu da uda honetan, muturreko eguraldi fenomenoak gertatu baitira usaian baino gehiago, eta horrek «hurbilekoago eta errealago» egin du klima aldaketa jende anitzentzat. Fenomeno horien ondorioz, ekoantsietate hitza geroz eta zabalduagoa dela onarturik ere, argi utzi du: «Egun, ez da diagnostiko bat». Baina hitzak berak dakar, haren ustez, atzean dagoen arazo psikologikoa: antsietatea edo larrimina. «Psikologo gisa, noski, hori ikusten dugu kontzeptu horren atzean. Ekoantsietatea duten pazienteek, oro har, antsietatea duten pazienteen sintoma berak dituzte: lo egiteko arazoak, izu krisiak, jateko arazoak...». Zehaztu du, halere, hark hartzen dituen pazienteen artean ez dela zehazki arazo horrengatik heldu denik. «Baina egia da geroz eta paziente gehiagok aipatzen dutela ingurumenaz kezkatuta daudela». Ez du, oraingoz, soslai berezirik definitu ahal izan, eta erran du orokortasunak egitekoan «kontuz» ibili behar dela.

Horri aurre egiteko tresnak plantan ezartzea da lehentasuna, Depaulisen aburuz. Horretarako, larriminak eragiten dituen «emozioen lantzea da gakoa». Edonola ere, emozio horiek transformatzea da, haren ustez, garrantzitsuena. «Izan daiteke jendeari kontzientzia ekologista harraraziz, edo aktibista izanez, nork bere burua kolektibo batean kokatzeak ere garrantzia baitu».

Ikusi gehiago: «Egiten den politika orotan lehenetsi behar da osasuna»

Hain justu, ekoantsietatea kolektibo egitearen ondorioez aritu zen Iñaki Barrutia Arregi psikologoa, BERRIAn abuztuan argitaratutako iritzi artikulu batean: «Hedabideek nabarmenduko balute suntsiketa klimatikoa garrantzitsu bezain larria dela, fluktuatzaile den ekoantsietatea beldur kolektibo bilakatuko litzateke. Beldur kolektibo hori, kontzientea, arrazionala eta partekatua izanda, mobilizatzaile eta eraldatzailea izango litzateke. Horrek beste mota bateko perspektiba emango lioke klima aldaketari».

Gero eta ohikoagoa

Antzeko ikuspegitik mintzo da Belen Gonzalez Callado psikiatra. Madrilen dihardu, eta, hantxe, solasaldi bat egingo dute heldu den astean klima larrialdiak buruko osasunean izango dituen ondorioez aritzeko. «Abangoardia» lan bat izatea nahi dute, datorren erronkari buruko osasuneko profesionalek zer-nola erantzun behar dioten aztertzeko: «Zer toki izan behar dugun ikusteko». Izan ere, ez du dudarik: klima larrialdiak eta mundu mailan gordinduta dauden beste hainbat arazok eragiten duten ezinegona «handitu» egingo da. Iruditzen zaio ez dela oraindik «kontsultetara» heldu, baina gero eta agerikoagoa dela:«Jende asko hasi da kezka hori sentitzen».

Ikusi gehiago: Nola eraiki hiri osasuntsu bat larrialdian

Eta etsipenerako bidea ere eman dezakete kezka horiek. «Hain arazo handiak dira». Gainera, gizartean gailenduta dago arazoei era «indibidualizatuan» aurre egiteko joera: «Eta, jakina, halako hondamen bati aurre egiteko gaitasun indibidualik ez dugu». Horregatik, atzean dauden kausak ikusarazi behar direla argi du. «Gainerakoan, medikuntzarekin erantzun nahi zaie irtenbide politikoak behar dituzten arazoei; iruzurra da hori», salatu du. Alde horretatik, ekoantsietatea eta antzeko kontzeptuek pairamendu bat «teknifikatu» egiten dutela uste du: «Nolabait ere, atzean dauden kausekin ez dezagun lotu».

Ikusi gehiago: Datorrenari aurrea hartuz

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.
Juan Mari Aburto lore eskaintza egiten, atzo, Bilbon. ©BILBOKO UDALA

Frankismoak espetxeratutako andreak omendu dituzte Bilbon

Iosu Alberdi

Bilboko Udalak eta Gogora institutuak plaka bat jarri dute Orue Txaleta zegoen lekuan. Eraikin hura espetxe izan zen 1937tik 1942ra bitarte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.