urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Timorretik Papuara

2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ekialdeko Timorrek autodeterminazio-erreferenduma egin zuenetik hogei urte bete ziren herenegun. Ez zuen berehalakoan lortu independentzia, galdeketari errepresio basatia jarraitu baitzitzaion, eta NBEren banderapean Australiak egindako interbentzio militarrak soilik baretu zuen egoera. 2002an aldarrikatu zuen independentzia Ekialdeko Timorrek, XXI. mendean Nazio Batuetan sartu zen lehen herrialdea izan zen (beste bi baino ez dira sartu gero: Montenegro 2006an eta Hego Sudan 2011n). Gauzek ez zuten halabeharrez horrela amaitu behar. Gutxi falta izan zitzaion Indonesiari Timor uhartearen ekialdea gaur egun bere barruti administratibo bat gehiago izateko. Baina 1991ko Diliko sarraskitik gora egin zuen tentsioak, Gerra Hotza amaitua zen, AEBk babestutako Suhartoren diktadura eroria, Portugalek—Timorrek izandako potentzia kolonialak, hain desberdin jokatuz Espainiak Sahararekin egindakoarekin alderatuta— independentistei babesa ematen zien, eta Australiak ere jarrera aldatu zuen, erreferenduma gauzatu zedin. Erreferenduma bera izan zen timortarren arrakasta. Jakartak ez zien independentziari buruz galdetu. Egoerari eutsi ezin eta proposamen autonomista egin zien. Egoerak ez dira alderagarriak, noski, erregimen ahuldu baten ahalegin etsia zen galdera hura. Timortarrek ez zioten amuari kosk egin, independentzia ordurako askok oso urrun ikusten bazuten ere, eta ezetz esan zioten bostetik lauk (%78k). Oso karta arriskutsua zen, ziurgabetasun handikoa, baina elkar hartuta jokatzen asmatu zuten proposamenari ezetz esateko, eta ondorioa independentzia izan zen.

Duela lau aste kontatu genuen legez, antzeko gatazka baten 50. urteurrena izan da gure uda honetan Indonesiaren lurraldean. 1975ean Timor ekialdea inbaditzeko akuiluetako bat, azken batean, 1969an Papua mendebaldea bereganatzean izandako inpunitatea izan zen. Nazio Batuekin independentzia erreferenduma adostu arren, herritarrek ez zuten sufragio unibertsalik izan: Indonesiak berak mila buruzagi hautatu zituen, dominazioari baietz esatera behartu, eta papuarren onarpen bezala saldu zuten —eta munduak erosi, gertatutakoaz jakitun egonda ere—. Timorren bezala, segidan milaka lagunen aurkako sarraskia eta kolonizazio ahalegina iritsi zen.

Baina aldeak ere badira: Timor Portugalen kolonia izan zen artean, Papua Herbehereen menpe egona zen, Indonesiako gainontzeko uharteak legez. Hau da, munduko deskolonizazioa kolonialismoaren mugak errepikatuz egin zenez, argudio hori ez zen baliagarria Timor ekialdearen okupaziorako, baina balia liteke Papua mendebaldearen kasuan. Eta ezin ahaztu Euskal Herria baino txikiagoa dela Ekialdeko Timor, eta Papua mendebaldea ia Suedia bezain handia, besteak beste munduko urre meategi handiena eta bigarren kobre meategi handiena dituela (Grasberg meategia).

Kontuak kontu, 50 urte bete dira Papua erabat Indonesian integratu zuen iruzur-erreferendum hartatik. Azken hilotan gora egin du borroka armatuak eta armadaren errepresioak. Hainbat herritarren desplazamendua ere salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek. Baina borroka armatuaren eta errepresioaren ohiko ibilbidea izan ohi zena, beste herrialde askotan ikusitakoa, duela bi aste apurtu zen. Geroztik, matxinada betean da Papua mendebaldea.

Papuatik urrun, Surabaya Indonesiako bigarren hirian piztu zen matxinada. Polizia indarrek papuar ikasleen egoitza bati eraso eta ikasleak umiliatu zituzten duela aste bi. Bideo hura biral bihurtu, eta protestak erabateko matxinada bihurtu dira. Indonesiaren bazterketagatik, bigarren mailako herritartzat hartzen dituztelako hasi ziren manifestazioak Papuaren autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko matxinada da dagoeneko.

Asteon Indonesiaren eraikin publikoak okupatu dituzte papuarrek, hainbati su eman diote, espetxe bateko preso politikoak ere askatu dituzte, eta ez dago argi zenbat hildako eragin dituzten indonesiar indar armatuek, Internetik gabe utzi baitu Jakartak Papua mendebaldea. Goizeko izarra, Papua mendebaldeko bandera independentista debekatua, behin eta berriz agertu da egunotan protestetan eta manifestariek hartutako eraikinetan.

Joko Widodo Indonesiako presidentearen orain arteko estrategia Papuan inbertsioak egitea eta diskurtso gogorrik ez erabiltzea izan da. Surabayan gertatutakoa ikertuko duela esan du eta errepresioan parte hartu zuten soldadu batzuk ere lanetik baztertu ditu. Joan den asteazkenean, Papuako gobernadoreak esan zuen Widodok ahalik bizkorren batzartu gura zuela papuar ordezkariekin, independentzia-eskariez eztabaidatzeko. Biharamunean Wiranto Barne ministroak bakerako deia egin zuen, baina berretsiz halaber Papua Indonesiako zati dela eta ez dela erreferendumik egin behar. Azken urteotako matxinada handiena da, eta adi jarraitu beharko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.