'Hotsein' izango da 2023ko Nafarroa Oinez-en leloa

Logoa bozgorailu bat da, Andra Mari ikastolako koloreekin irudikatua. Etxarri Aranatzen izango da festa, Sakanan euskara bultzatzeko asmoz

Tafallako eta Etxarri Aranazko ordezkariak leloa aurkezten. IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
<i>Iruñea</i>
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
«Zuzena eta indartsua». Horrela definitu zuten atzo 2023ko Nafarroa Oinez-en leloa Izaskun Errazkin Andra Mari ikastolako gurasoen ordezkariak eta Iñigo Orella zuzendariak. Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan egin zuten aurkezpenean, Hotsein! leloa aurkeztu zuten, bozgorailuaren logoarekin batera. Ikastolako ordezkariak azaldu zuen Hotsein hitzak bi esanahi dituela Sakanako hizkeran: batetik, zarata egin, eta, bestetik, deitu edo aldarrikatu. «Bi esanahiak baliatu nahi ditugu. Batetik, Andra Mari ikastolak zarata egin nahi du, euskara txoko guztietan entzun dadin. Bestetik, dei zabal bat egin nahi du arnasguneetan gauden ikastolon alde, proiektu horien beharra aldarrikatzeko», azaldu zuen Orellak.

Logoa bozgorailu bat da, hiru marratxorekin osatua. Errazkinek esan zuen marra horien koloreak garrantzitsuak direla, Andra Mari ikastolaren koloreak direlako. Bozgorailuak hitza zabaltzeko asmoa adierazten du, Sakanan euskarari bizirik eusteko nahia. «Datorren urteko Nafarroa Oinez-en proiektuari gogo handiz heldu nahi diogu, baina baita arduraz ere. Euskarak bultzada handia behar du Sakanan», esan zuen zuzendariak.

Tafallakoa, arrakastatsua

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak eman dio lekukoa Andra Mari ikastolari, eta babes osoa eskaini. Paula Arregi Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria pozik agertu zen 2022ko Nafarroa Oinez-ek izandako erantzun jendetsuagatik, eta helburuak bete zituela adierazi zuen: «Programatutako jarduera guztiak egin genituen, eta eskerrak eman nahi dizkiegu 1.200 boluntarioei».

Andra Mari ikastolakoek bide horretatik jarraitu nahi dute, eta, laugarren aldiz, jai herrikoia antolatu nahi dute, auzolanean oinarritutakoa, erakusteko euskarak bizi-bizirik dirauela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.