urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Zirkuan arrotz

2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Sare sozialek halakoak dituzte. Gutxien uste duzunean, gutxien uste duzun lekuan eta, sarritan, horretarako motibo gutxien daudenean, albistea lehertu eta oihartzun itzela hartzen du. Ezin esan aste honetakoa horrelakoa izan denik; euskal mundutxoan gertatu ohi denez, ekaitzera ere iritsi ez den leherketatxo bat izan da, dozena bat euskaltzale gutxi-asko haserretu gara, eztabaida txiki bat, eta Twitterrek bere erritmora jarraitu du.

Kontua Orion Gure Zirkuaren karpan datorren asteazkenerako iragarri duten filmaren harira etorri da. Showman Handia (The Great Showman, 2017) filma emango du, espainolezko bikoizketarekin. Bati baino gehiagori mingarri egin zaio azken urteotako euskarazko ekimenik ederrenetakoan horrelako zerbait antolatzeak, eta horregatik adierazi du kexua. Segoviatik etorritako turistak gau ederra gozatu ahalko du filma zinemaren karpapean ikusiz, baina Baigorriko familiarik iritsi bada herriko sarreran Orion euskaraz bizi gara dioen herrira oporretan, bestelako planen bat egin beharko du.

Hala, ekimen zehatz honengan jarri da fokua asteon. Gordin begiratuta, euskaltzale gehienoi mingarri zaigula uste dut. Baina bidegabea da, halaber, Orion baino ez jartzea fokua. Edo ekimen horretan bakarrik, zehatzago esanda. Oker ez banago, atzo bertan Jumanji filma eman zuten Orion, espainolez bikoiztuta, eta ez da kexurik ikusi bazterrotan. Lekeition Jungle Cruise, bertsio berean. Zarautzen, Escuadrón suicida. Usurbilen aurreko biak eta El bebé jefazo 2 (The Boss Baby 2), Beizaman Los Mitchel contra las máquinas, eta ziur nago horrela joan gaitezkeela Euskal Herriko hainbat herritara, zinema arruntean zein udako proiekzioetan. Euskararik ez, eta gurean ez izatea bezain larria dena: beste hainbat hizkuntza hauta litezke, baina alternatiba beti da espainolez, sarritan umeek jakin ere ez dakiten baina gurasoentzat horren erosoa denhizkuntzan. Horrek herri euskaldun horietan eta hurrengo belaunaldietan inolako ondoriorik ez balu legez.

Bitartean, aipaturiko film gehienak katalanez ari dira ematen Katalunian eta horrek, ziur aski, are mingarriago egiten du errealitatea Euskal Herrian. Generalitateak filmak katalanera itzultzeko diru kopurua handituko duela iragarri berri du; azken aldian auziak kezka piztu du gure artean, Pantailak Euskaraz-en bildu dira gai horren inguruan zebiltzan talde eta pertsonak, eta inbidia sano batez begiratzen zaio Kataluniari. Nahiko genuke, noski, haien itzulpen kopuruak izan eta goian aipaturiko filmak euskaraz egotea gure zinemetan. Baina lilurak itsutzea ere ez da komeni, eta Katalunian entzuten diren kritikei ere arreta jarri behar zaie: katalanezko bertsioei ordutegi txarrena ematen dieten aretoak, laguntzak bereganatu bai baina oso produktu txarra egiten duten enpresak, eta diru-publikoa tartean dagoenean sor litezkeen gehiegikeriak. Baten batek esango du, nahiko lituzkeela arazo eta eztabaida horiek izatea basamortu hutsa den inguru honetan, baina inbertsioaren eta emaitzen arteko balantzea ere garrantzitsua da: plataforma digitaletan, ia gu bezain txarto daude, eta espainola da jaun eta jabe pantailan. Salbuespena Filmin da. Eta beste neurri batean, Disney+, hilotako lanaren eta presioaren ondorioz, astiro-astiro katalanezko bertsioak ere erantsi baititu multinazionalak. Islandiarrek ere lortu dute: euskararen hiztunen erdiak izan arren, estatua daukate. Gobernuak Disneyri otsailean esan zion onartezina zela Danimarkako metropoli ohiko- bertsioa emititzea, eta dagoeneko jaramon egin dio konpainiak. Batean zein bestean, baina, atzeko lana ere badago: urteotan guztiotan katalanera zein islandierara itzuli dituzte filmak, eta beraz, eginda zeuden bertsioak bere eskaintzari eranstea besterik ez du egin Disneyk.

Gure arazoa da, egin ere ez direla egin itzulpen horiek... legalki. Zenbait film, badaude euskaratuta, denen eskuragarri, Euskal Encodings-en zuzenean deskargatu eta ikusteko moduan. Zinema aretoetan orain bertan ematen duten Viuda Negra, esaterako, duela aste pare bat euskaratu nuen, eta itzulpen hori erabili dute Euskal Encodings-ekoek filmari azpidatziak txertatzeko eta nahi duten guztientzat eskuragarri jartzeko. Ez da legala, baina ondo dakigu zenbat aldiz egin behar izan diren legez egiterik ez zeudenak, gure hizkuntzan bizitzeko.

Kataluniako esperientzia (umeen bikoizketa bermatu, helduen filmak bai, baina telesailak ez), eta Islandiakoa (herri txiki gehienena, merke eta erraz azpidatzi, eta irakurtzen ez dakiten umeen animaziorako utzi bikoizketa), eta Estoniakoa (errusierazko gain-ahotsen bikoizketatik azpidatzi bikoitzen sistemara igaro dira, estonieraz eta errusieraz), denak aztertu eta gurean zer egin erabaki beharko da, benetan euskaraz bizi nahi badugu.

Orioko Udalak edo herriak-, nahi badu, erraz samar euskaratu dezake Showman Handia, emanaldirako geratzen diren hiru egunetan. Auzolanean egiteko ekimen ederra ere izan liteke, pirata samarra, baina eredu, halaber, udalerri euskaldunetarako. Besterik da, onartzea, arnasgunerik osasuntsuenean ere askok nahiago dutela horren etxeko zaien bikoizketa espainola ikustea. Hizkuntzaren normalizazioa ez da lortzen erdalguneetan euskaraz ikasten dutenekin bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.