Elena Laka.
Euskaraldia. IRITZIA

Euskara justizian

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Elena Laka Muñoz, abokatua, bizitza profesionalak Hego Euskal Herriko ia epaitegi guztietan aritzera eramandakoa, euskarak justizia administrazioan duen presentziari buruz galdetuta, honako hau diot:

1. Auzipetze Zibilaren Legeak xedatzen duenez, auzitegietako ekintza guztietan epaile, idazkari, fiskal eta langileek gaztelera erabiliko dute, eta beste hizkuntza ofizial bat dagoen lurraldeetan, abokatu eta prokuradoreek eta herritarrek eskubidea dute bertako hizkuntza ofiziala erabiltzeko. Epaileek, idazkari eta fiskalek erabili ahal izango lukete baita ere alderdietako inork ez badu aurkakoa esaten.

2. Legez euskara erabil dezake, beraz, herritarrak, baina epaileak, legez, ez du euskaraz jakiteko obligaziorik. Ezta idazkariek eta fiskalek ere.

3. Ondorioz, herritarrak auzian euskaraz egin nahi duenean, sarri, oso sarri, ia beti, arazoak baino ez ditu topatzen, epaileak, normalki, ez dakielako euskaraz, eta euskaldunaren teilatuan jartzen duelako arazoa, euskalduna gazteleraz ez dakien peiokirtena izango balitz bezala, edo euskara, berez motela eta astuna den prozedura judizialean, trabak ipintzera baino etorriko ez balitz bezala.

4. Epaitegietako langileak Eusko Jaurlaritzako langileak dira, eta, eskualdaketa gertatu zenetik, alde handia igarri dugu langileen euskara gaitasunean. Herritar-bezeroak ikus dezake lanpostu askotan langileek badakitela euskaraz, eta, beraz, ez da horren zaila ahozko bulegoko tramiteak euskaraz egitea epaitegietan, EAEn behintzat. Tramite errazez ari naiz: zerbait galdetu, jakinarazpenak jaso, ahalordetzak egin, eta, oro har, mostradorean egin ahal diren tramiteak. Hala ere, ahozko harremana euskaraz egin daiteke, baina idatzitakoa gaztelerazko edo bi zutabetan elebidun bihurtzen da.

5. Auzian dabilen alderdietako batek edo kanpoko lekuko edo froga-bidaltzaileren batek idatzi bat euskaraz aurkezten duenean, epaitegiak ikusi ere ez du egiten lehenik epaitegiko itzultzaileak gaztelerara itzuli arte.

6. Epaiketak euskaraz egitea gaur egun ezinezkoa da. Gu saiatu gara, baina, zinez, oso gauza txikiak lortu ditugu. Justizia gauza korala da, eta hizkuntza, gurean, lanerako beste tresna bat. Abokatu eta prokuradore propio eta kontrakoak, epaileak, idazkariak, fiskalak, langileak, auzi-medikuak, ertzainak, behar dira, gehi alderdiak eta lekukoak. Ez dut topatu horrek guztiak epaitegiko areto batean elkartu eta guztiak euskaraz hitz egiteko gaitasuna izaterik.

7. Euskaraz izan zitezen, beharko litzateke errotiko aldaketa bat: euskaraz ez jakitea elebakarren arazoa da, eta ez euskaraz jarduteko eskubidea duen herritarrarena.

8. Saiatuz gero, topatu ditugu euskararentzako espazioak, baina asko saiatuta eta oso modu bakanduan. Egin ditugu itzultzailerik bariko ekintza prozesalak euskaraz: idazkariaren aurreko agerraldiak lekuko euskaldunekin, epaiketak epaile euskaldunekin kontrako alderdia errebeldian zegoela, ikertuen deklarazioak euskaraz epaile euskaldunekin fiskalik barik, demandak eta hitzarmen arautzaileak euskaraz... Baina, euskaraz eginda ere, gazteleraz idatziak izan dira gero epailearen ebazpenak, deklarazioak. Eta euskarazkoak eskatuz gero, itzulpen hutsak izan dira.

9. Hain da justizia gazteleraz pentsatzen, Avantius EAEko justizia plataforma berriak ere gaztelera hutsean egiten baititu jakinarazpenak, nahiz eta programa euskaraz konfiguratuta egon.

10. Justizian ere herritarren hizkuntz eskubideak errespeta daitezen, euskaraz hitz egitea posible den guneak bultzatu behar dira, langile elebidunen bitartez eta epaile-idazkari-fiskalekin lanketa handia, itzela, eginez. Epaiketa jendetsuak ez diren mila tramite prozesalekin abia daiteke. Eta epaileak pasatu behar dute obligaziorik ez izatetik herritarrarengandik gertuago egongo den hizkuntza errespetatzera eta erabiltzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.