Zientzia

Ez da erraza azken hatsa asmatzea

Heriotzaren unea zehaztea erabakigarria izan daiteke hilketak argitzeko. Zientzialariek teknika sorta bat baliatzen dute horretarako, eta teknika berri bat bidean egon daiteke, geneen espresioa nola aldatu den aztertzea oinarri duena.

Auzitegi medikuak, lanean. Artxiboko irudia. PASCAL SAURA / EFE.
Juanma Gallego.
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Heriotzak ohean harrapatu du emakumea, pijama jarrita. Aurrekariak ikusita, nahiko argi dago heriotzaren zioa: emakumea drogazalea zen, eta gaindosiak hil du. Haren heriotza goizeko ordu txikietan izan dela dio bikotekideak; ordu horretan konturatu omen zen emakumeak arnasarik hartzen ez zuela.

Auzitegiko medikua bertaratu denean, ordea, konturatu da heriotzaren ustezko ordua eta hilotzaren zantzuak ez datozela bat. Autopsiak berretsi ditu lehen zantzu horiek: gorpuan badira barne lesioak. Gaindosirik ez, beraz: hilketa izan da.

Bilbon izandako benetako kasua da hori. Halakoetan, pertsona baten heriotza noiz izan zen argitzea premiazkoa izan daiteke, eta zientzia lagungarria da horretan. Urteen poderioz, hainbat teknika garatu ditu auzitegi medikuntzaren zientziak, heriotzaren ordua zehazteko.

Bidean teknika gehiago ere izan daitezke. Hilaren 13an, nazioarteko ikertzaile talde batek Nature Communications aldizkarian aurkeztu du norabide horretan garrantzitsua izan daitekeen aukera berri bat. Geneen espresioaren azterketa izan da aurkikuntzaren abiapuntua.

Espresioaren bitartez, geneek gordetzen duten informazioa hainbat proteinatara bideratzen dute, organo eta ehun bakoitzean proteinek dagokien funtzioa bete dezaten.

Bartzelonako CRG Erregulazio Genomikorako Zentroko ikertzaile Roderic Guigok azaldu du zertan den teknika berria: «Geneen espresioan egon diren aldaketak aztertuta, eredu bat proposatu dugu heriotzaren unetik zenbat denbora igaro den iragarri ahal izateko».

Ohartarazi du proposatutakoa «ikerketa akademikoa» dela. Ikusteko dago irekitako zirrikitu horrek etorkizunean aplikaziorik izango ote duen auzitegi medikuntza, baina itxaropena du Guigok: «Ikusi dugu aldaketa bat izaten dela ehun bakoitzean eta, gainera, aldaketa hori ezberdina dela ehunaren arabera».

GTEx proiektua

Guztira, GTEx izeneko proiektuan bilduta zeuden 36 ehuni dagozkien 7.000 lagin inguru aztertu dituzte ikerketan. «Guri, gehienbat, bizidunak interesatzen zaizkigu, eta ez horrenbeste hildakoak. Baina ehunak eskuratzeko, noski, hildako lagunengana jo beharra dago ezinbestean».

Berez, ikerketaren asmoa zen jakitea zer neurritaraino diren erabilgarriak hildakoen laginak bizidunei buruzko ondorioak ateratzeko. Baina, horrez gain, ezusteko aurkikuntza hori egin dute, eta ikertzaileei interesgarria iruditu zaie emaitza zientzia komunitatearen esku jartzea.

Ehun asko ikertu badituzte ere, zientzialariek uste dute bi ehunetako laginak aztertzearekin nahikoa izan litekeela heriotzaren ordua zehazteko. Halere, denbora tartea hil eta 24 ordura mugatua dagoela ohartarazi du Guigok, GTEx proiektuko laginak heriotzaren ondorengo lehen 24 orduetan bildutakoak direlako. Hala eta guztiz ere, zientzialariak ez du uste epea luzeagoa izanda ere bide berria asko luza litekeenik. «Kontuan izan behar dugu geneak RNA molekularen bitartez espresatzen direla baina molekula hori ez dela oso egonkorra. Beraz, bospasei egunetara seguruenera informazio hori galduko da».

Tresna berriak heldu bitartean, ikertzaileek urte luzeetan ondo finkatutako metodoak dituzte eskura. Medikuntzaren hizkeran, kronotanatodiagnosia deritzo diziplinari. Ordu zehatza igartzea oraingoz ezinezkoa dela nabarmendu du Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeko arduradun Carlos Cuberok. Haren aburuz, arras zaila da heriotzaren unea zehaztea. «Zeregin horretan, adierazle biologikoez gain, funtsezkoak dira ikerketaren inguruan dauden bestelako adierazleak: hildako pertsona ikusi zuten azken aldia, egindako azken deia edo bidalitako azken mezu elektronikoa, azken erosketak, etxeko energia kontsumoa... Hori polizia lanaren barruan egonda ere, auzitegiko medikuak informazio hori kontuan hartu behar du. Osterantzean, gorpua zenbat eta beranduago azaldu, orduan eta zailagoa izango da jakitea heriotza gutxi gorabehera noiz jazo zen».

Hildakoa agertu den tokira helduta, kanpoko azterketa da egin beharreko lehena. «Bertan ikusiko dugu gorpuan deshidratazio prozesu bat izan dela, eta hori lagungarria izango da ordua kalkulatzeko». Filmetan hainbeste aldiz ikusitako begien miaketa hori ere egiten dute. «Begiak itxita badaude, eta kornea opakua bada, heriotza duela 45 minutu izan dela kalkula dezakegu. Begiak irekita mantentzen badira, kornearen opakutasun honek 24 ordu inguru beharko lituzke agertzeko». Kasuaren arabera, eta deshidratazioaren ondorioz, 12 ordura begiaren eskleran orban obalatu bat ager daiteke.

Hilotza hoztea

Horrek guztiak, ordea, hasierako orduetarako baino ez du balio. Denbora gehiago igaro bada, bestelakoak dira kontuan hartu beharreko adierazleak.

Filmetan maiz agertzen ez bada ere, Cuberok dio ondesteko tenperatura hartzea oso adierazgarria izan daitekeela. Termometro baten bitartez, hilotzaren hoztea neurtzen dute. «Betiere, hainbat aldagai hartuta: inguruko tenperatura, uretan sartuta egon ote den, pertsonaren lodiera edota zenbat arropa duen». Horretarako, Henssge-ren nomogramak deritzen taulak erabiltzen dituzte.

Bestalde, hilotz ubeltasuna (livor mortis) edo hilotz zurruntasuna (rigor mortis) faktoreak ere kontuan hartzen dituzte. Heriotzaren ondoren, grabitatearen eraginez odolak joera du leku zehatzetan geratzeko. Prozesu hori, halere, pixkanaka eta modu mailakatuan gertatzen da. «1-3 ordu igaro badira, ubeltasunak normalean eremu zerbikalean azalduko dira; 3-6 ordura, berriz, behealdean. Gainera, ubeltasun horiek jada ez dira irmoak izango, eta, atzamarrarekin estutuz gero, desagertu egingo dira». 8-14 ordu igarota, marka trinkoagoak geratuko dira, eta, estutuz gero, jada ez dira desagertuko. Bestalde, ubeltasunek ere hilotza lekuz mugitua izan ote den igartzeko bidea ematen diete ikertzaileei.

Aditu ez direnen artean ospetsuagoa den rigor mortis izenekoa ere kontuan hartzen dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako forentseen nagusiak azaldu ditu horren atzean dauden zio medikoak. «Giharraren azidotzea dela eta, giharrak eta artikulazioak trinkotu egiten dira». Prozesu horretan ere badira argigarriak diren faseak. «Hasierako 2-4 orduetan, masailezurrean eta lepoan gertatzen da gehien. Denborarekin, zurruntasun hori behera doa modu mailakatuan, oinetara heldu arte. 13 ordutik aurrera, zurruntasuna erabatekoa da; 24 ordu igarota, hain da handia, ezen ezin baituzu kendu», azaldu du Cuberok.

Heriotzaren unetik egun bat baino gehiago igaro bada, ordea, bestelako parametroetara jo beharra dago, ezinbestez. «Bi egunera, zurruntasunik ez dago. Usteltzearen fasea hasten da orduan. Fase kromatikoa da lehena: gorpuak berde kolorea hartzen du». Usteltze fase horietan, entomologiako auzitegi medikuaren laguntza ere izan dezakete. «Fase bakoitzaren arabera, intsektuek arrabak jartzen dituzte hilotzean. Denboraren arabera, intsektu bat edo bestea izango da, eta hori zehazteko ere taula batzuk daude».

Usteltzearen azken faseak datoz ondoren, baina horien deskribapena ez da igande goiz bateko gosari bat laguntzeko modukoa. Bizirik egotea zein ederra den pentsatzeko ez bada, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.