Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Esklabo gisa bere burua saldu

Hibai Arbide Aza -

2021eko urriak 17

Kobi Fredek 22 urte ditu, eta esklabo gisa bere burua saltzea erabaki du. Europara joateko aukera bakarra Libiako Maison du Crédit delakora jotzea omen da. Dirurik zein abal-emailerik ez duten migratzaileentzako kreditu moduko bat da Libian. Kopurua hitzartu, eta esklabo bihurtzen dira mailegua ordaindu arte. Kobi Nigerren dago, non mugalari batek Libiako erosle bat ordezkatzen duen bitartekari bat aurkitzen laguntzen dion. Aurpegi borobila du, begi urratuak, izugarrikeria ikusi dutenak. Ume baten irribarrea. Ondo hitz egiten du ingelesez, frantsesez eta beste hiruzpalau hizkuntzatan, kamerundar askok bezala. Mbappe-ren kamiseta higatua darama, eta Versace galtzak —elastikoa bezain faltsuak—, estilo handiz. Ea egingo duenaz ziur dagoen galdetzen diot. Baietz erantzun dit, irribarrez. Beldur den galdetzen diot: «Izututa nago, baina ez dut beste aukerarik».

Libian, migratzaile beltz gehienak esklabo bihurtzen dira aldi baterako. Iparralderako bidean, banda paramilitarrek, bahitu, eta dirua eskatzen dute askapenaren truke. Torturatu egiten dituzte, haien senideren baten zor batek lagundu arte. Inork dirurik bidaltzea lortzen ez badute, migratzaileak saldu eta esklabo bihurtzen dituzte. Maison du Crédit delakoa ez da ohikoena. Gaddafiren Libian esklabotza existitzen zen, baina NATOren inbasioaren ondoren orokortu egin da, eta torturak zein estortsioa larriagotu dira. Lehen, mendebaldeko Afrikako migratzaileentzat Libia helmugako herrialdea zen igarotzekoa baino gehiago. Gehienak Libiara joaten ziren lanera hilabete batzuetarako, eta beren herrialdera itzultzen ziren. Paradoxikoki, Europako Batasuneko politikek bihurtu zuten Libiarako bidaia Europara jauzi egiteko plataforma. Gero eta kontrol gehiago inposatzean, migrazio zirkularra joaneko bidaia bilakatu zuten.

Kobik ez zuen nahi Europara joan. Hezkuntza ona jaso zuen, eta nekazaria izatea gustatzen zitzaion. Bere bizitza proiektua barazkiak esportatzea zen. Baina Boko Haramek bere herriari eraso zionean, ama erail zuen eskolako irakaslea izateagatik. Aitari burua moztu zioten, emazteari irakaskuntzan aritzeko baimena emateagatik. Kobik eta anaiak Nigeriara ospa egin zuten. Kalean egiten zuten lo. Gau batean, zeukaten apurra lapurtu nahian, anaia labankada batez hil zuten. Kobi bakarrik geratu zen. Nigeriatik Nigerrera joan zen, eta Agadezen, ghetto batean bizi da; hau da, migratzaileak Libiara edo Aljeriara joateko aukeraren zain dauden etxeetako batean. Europako mugen kanporatzea dela eta, basamortuan zehar bidaia gero eta garestiagoa, luzeagoa eta arriskutsuagoa da. Lehen Sahara zeharkatzen zuten bide nagusietatik. Orain ur-putzuak saihesten dituzte poliziek detekta ez ditzaten. Lagun gehiago hiltzen dira basamortuan Mediterraneoan baino.

Europako politikak dira basamortuan hildakoen kopurua handitzearen errudun. Europak Nigerri ezarritako migrazioen kriminalizazioak delitu bihurtu du migratzaileei laguntzea. Tuareg edo tubuentzat, lana baino gehiago, haien kultura eta nortasuna da. Argi eta garbi esan behar dugu: edonork izan behar du nahi duen lekura migratzeko eskubidea, Afrikan edo Europan. Ezkerraren zati baten diskurtsoa da arazoak jatorrian konpondu behar ditugula etorkinek etorri beharrik izan ez dezaten. Sakoneko ideia da hobe litzatekeela ez daitezen etor. Baieztapen horrekin eroso sentitzen da ezkerraren zati bat, baina baita Ana Iris Simon, Marine Le Pen edo PSOE alderdia ere. Oso ideia kontserbadorea da bakoitza jaio den lekuan hobeto dagoela pentsatzea. Eta, gainera, proposamen politiko bihurtzen denean, oso arriskutsua da. Sufrimendu itzela eragiten ez duen muga politika bakarra muga irekiak dira. Itxi eta militarizatu egiten dituztenean, negozio aukerak sortzen dira Kobi erosiko duen jendearentzat. Joan den asteazkenean, Agadez utzi genuenean, Kobi zapuztuta zegoen eroslearekin akordio onik lortu ez zuelako. Erosleak ez zuen eskaintza igo nahi, eta bitartekariak esan zion: «Europara bidaiatzea hain zaila den bitartean, ez zaizkit hautagaiak faltako. Berdin zait zuk onartzen ez baduzu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bakhmut, higatze bataila bat

Bakhmut, higatze bataila bat

I. S.

Ez dago argi Bakhmut leku estrategiko bat ote den, baina Ukrainako indarrek hura defendatu nahi dute, eta Errusiakoek, berriz, hartu. Asteak daramatzate han borrokan.
Gush Etzion kokagunea, Zisjordanian, artxiboko argazki batean. ©ABIR SULTAN / EFE

Zisjordanian hustutako lau kokagune berriz baimendu ditu Israelek

Arantxa Elizegi Egilegor

2005ean hustu zituzten kokaguneak, Ariel Sharon lehen ministroaren aginduz. Haietako bat palestinarren jabetza pribatuan dago eraikia
Carles Puigdemont, artxiboko argazki batean, Bruselan. ©JULIEN WARNARD / EFE

Carles Puigdemonten aurkako atxilotze agindua berretsi dute

Berria

Espainiako Gorenak atzera bota ditu defentsako abokatuek eta fiskaltzak jarritako helegiteak
Zenbait indiar, beren etxetik kanpo, 6,8 graduko lurrikara sentitu ostean, Srinagar hirian, Indian. ©FAROOQ KHAN / EFE

6,8 graduko lurrikara batek Pakistan eta Afganistan astindu ditu

Mikel O. Iribar

India iparraldeko zenbait eskualdetan ere sentitu dute seismoa; 187 kilometroko sakonera izan du. Gutxienez hiru lagun hil dira, eta laurehundik gora zauritu. Alerta gorena ezarri dute Pakistanen eta Afganistanen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...