LEKU-LEKUTAN

'GoT' eta hizkuntza komuna

<em>Game of Thrones</em> telesaileko bi pertsonaia, fotograma batean.
Game of Thrones telesaileko bi pertsonaia, fotograma batean. HELEN SLOAN / EFE

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko maiatzak 19
Badoa Game of Thrones. Bihar esango digu agur hamarkada oso bat markatu duen telesailak, telebistan oso gutxitan ikusi den fenomeno global bihurtuta. Benetan global, alegia: HBOk iragarri duenez, 170 estatutan ari da simultaneoki emititzen telesaila. Nazio Batuetan 193 estatu daude. Amerika eta Europako herrialde guztietan ikusten dute, Asian ere ia guztietan (Txinan eszena asko zentsuratuta), eta Afrikan baino ez dago hutsunea, Magreben eta hegoaldeko herrialdeetan baino ez baitago ikusgai.

Dozenaka milioi lagun egongo dira bihar azken kapituluari begira Tokiotik New Yorkera eta Johannesburgotik Reykjavikera. Bai, Islandian bizi diren 300 mila lagunek ere izango dute Game of Thrones ikusteko aukera. Gehienek badakite ingelesez, baina ez dakitenek ere arazorik gabe ikusiko dute. Euskaldunok ezingo dugu halakorik egin. Fenomeno globalek ez dakite euskaraz. Espaloitik jaitsi eta euskara ordu eta erdiz abandonatu beharko dugu munduko 170 herrialdetan ikusiko duten kapituluaz gozatu gura badugu; gero itzuliko gara euskalduntasunera, eta sare sozialetan komentatuko dugu zer-nolako zirrara eragin digun kapituluak, espero edo nahi genuena gertatu ote den Jon Snow-rekin eta Daenerys Targaryen-ekin, lagun artean komentatuko dugu, Twitterren, Facebooken, BERRIAn. «Game Of Thrones zalea zara? Jarraitu kapitulu berriak astero euskaraz!» iragarri zuen Gaztezulok duela urte pare bat, Europako beste edozein aldizkarik egingo lukeen eran. Normalak bagina bezala. Baina kapituluak ez genituen euskaraz jarraitzen, erdaraz ikusitako kapituluari buruzko iruzkinak eta eztabaidak baizik. Orain ere, normalak bagina bezala komentatuko dugu euskaraz zortzigarren denboraldiak, azken kapituluak eman dutena, Tokion eta Reykjaviken eta New Yorken komentatuko duten bezalaxe. Normalak bagina bezala, baina ez gara. Telesaila ez dugu ikusi lagun artean BERRIAn idazten dugun hizkuntza honetan.

El País-ek edo Le Monde-k edo Die Zeit-ek ez dute erreportajerik egiten bere irakurleen hizkuntzan ez dagoen kultur produktu edo fenomeno bati buruz, eta salbuespen hori egitekotan, arrakasta handia izan duen saio edo nobela bat aipatzeko adibidez, berehala zehaztuko dute noizko egongo den aleman/frantses/espainiar itzulpena. Egunkariaren irakurleak noiz gozatu ahalko duen jakin gura du eta. Kazetari euskaldunek ez dugu halakorik egiten. Irakurle euskaldunek ere ez digute halakorik eskatzen. Game of Thrones idazten dugu zuzentasun politikoz, jatorrizko hizkuntzan izendatuta espainolarekiko subordinazioa gainditzen dugulakoan. Baina badakigu gutxi batzuk ikusiko dugula bihar Game of Thrones, gehienek Juego de Tronos ikusiko dutela.

Islandiera hiztunak euskaldunen erdiak dira, baina HBOk Stö? 2 telebista katearen bidez emitituko du bihar azken kapitulua; ingelesez dakitenek zein ez dakitenek, denek gozatu ahalko dute Game of Thrones-en amaiera. Gurean espainolez edo frantsesez jakin behar da, erdaldun garen neurrian baino ezingo dugu ulertu kapitulua. Game of Thrones-en pertsonaia batzuek dothrakieraz eta valyrieraz egiten dute. Gainontzekoen hizkuntzari common language esaten diote, hizkuntza komuna alegia. Stö? kanala ikusten dutenek islandieraz irakurriko dute hizkuntza komuna; euskaldunontzat gure erdara hegemonikoak dira hizkuntza komuna.

Game of Thrones edo beste edozein telesail euskaratzea ez da euskarak oraingoz ez daukan eta irabazteko daukan eremu bat, euskarak izan zuen eta galdu duen eremua baizik. Bosgarren denboraldia euskaratu egin zen eta euskarazko azpidatziekin emititu zuten Hegoaldean, 2014an Jaurlaritzak onartutako ekimen bati esker. Dothrakien Bardea ikusia genuen ordurako, eta hurrengo denboraldietan Gaztelugatxen elkartu ziren Jon Snow eta Daenerys Targaryen, eta Itzurun gainetik ibili ziren herensugeak. Gure erakundeek lortu zuten fenomeno global bihurtutako telesaila limurtzea Euskal Herrian grabatu zezan, baina ez telesaila euskaraz emititzeko ekimenarekin jarraitzea.

Azpitituluak.eus-eko boluntarioei esker, agian, Game of Thrones euskaraz egongo da etorkizun hurbil edo urrunago baten. Gaitz erdi hala bada. Baina bihar behar genuen, emisio egunean, munduko beste hizkuntzen parean egoteko. Gutenbergek inprenta asmatu eta ehun urtera argitaratu genuen euskarazko lehen liburua, ez da asko XV-XVI. mendeko parametroetan. Telesail baten emisiotik urtebetera izatea gure hizkuntzan ikusgai, denbora luzeagoa da, XXI. mendeko modernotasunetik kanpo ibiltzea da, eta medikuarekin euskaraz egiterik ez dugunean baino askoz gehiago lotzen gaitu espainolarekiko subordinaziora.