M8: Euskara eta feminismoa. Datuen azterketa

EUSKARAREN FEMINITATEA

Kaleko neurketetan nabari da, eta transmisioan, eta euskararen aldeko egitasmoetan: euskarari ekarpen handiagoa egiten diote emakumeek. Euskal soziolinguistikan ez da asko ikertu gai horri buruz, baina ari da azterketarako eta gogoetarako bidea irekitzen.

EUSKARAREN FEMINITATEA.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gehiago jarduten dira euskaraz kalean, ekarpen sendoagoa egin diote euskararen transmisioari, eta nabarmen gehiago parte hartzen dute euskara sustatzeko jardunetan. Emakumeak eta euskara. Hizpide da gai hori euskalgintzan eta mugimendu feministan. Ikerketa soziolinguistikoetan apenas aztertu duten gai hori orain arte, baina ari dira bideak irekitzen han-hemen. BERRIAk datu bilketa bat egin du: euskararen adierazle nagusietan zer diferentzia nabari diren emakumeen eta gizonen artean. Badira gorabeherak: kaleko behaketek diote andreen erabilera handiagoa dela adin talde gehienetan —inkestetan, gizonek diote gehiago erabiltzen dutela—; transmisioan alde adierazgarria egon da hamarkadetan, nahiz eta txikitzen ari den. Are adierazgarriagoak dira euskalgintzako jardueretako datuak: Euskaraldian eta mintzalagunetan, andreak dira hirutik bi. Eta beste joera adierazgarri bat: adin talde gazteetan ere agerikoa da sexuen arteko ezberdintasuna.

Kaleko erabileraren neurketan aldiz aldiko joera da emakumeak koskatxo bat gorago egotea, gizonena baino erabilera handixeagoa izatea. 2016an egin zuten azken neurketa, eta emakumeen erabilera handiagoa da umeetan, gazteetan eta helduetan; adinekoetan, gizonezkoena. Urte bereko inkesta soziolinguistikoak beste argazki bat erakusten du, ordea: gizonek, %17ko erabilera, eta emakumeek, %16koa. Bi azterketa horien artean badago erroko desberdintasun bat: kalekoa behaketa bidez egiten dute, hiztunek zer egiten duten ikusiz; inkestakoa, berriz, datu aitortua da, hiztunek eurek zer adierazi duten.

Bi ikerketen arteko desberdintasun hori aintzat hartu behar da konparazioak egiteko. «Neurketa edo inkesta izateak eduki dezake garrantzia: historikoki bizi dugun menderakuntzagatik, identitatearen eraikuntza horretan emakumeok ez diogu aitortzen geure buruari hainbat gaitasun, abilezia...». Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen esanetan —hezkidetza alorrean aritua da—, litekeena da emakumeek eta gizonek berdin ez erantzutea inkestetan. «Zuhurtzia izaten ikasi dugu, eta horren arabera erantzuten dugu. Ez da horrela gertatzen gizonezkoen artean». Bide beretik jo du Jone Miren Hernandez EHUko irakasle eta antropologoak: bereizi egin ditu datu aitortuak eta behaketa bidez jasotakoak. «Erabilera aitortua datu interesgarria izan daiteke, noski, baina datu subjektiboagoa da, eta, neurri batean, ideologikoagoa».

Gazteen erabilera

Inkesta soziolinguistikoak eta kaleko erabileraren neurketak joera bera erakusten dute, halere, adin talde gazteetan —16-24 urte bitartekoak—: emakume gazteek gizon gazteek baino gehiago erabiltzen dute euskara. Inkesta soziolinguistikoan ia hiru punturen aldea dago —%23,1 eta %20,5—, eta kaleko neurketan, puntu bat pasatxokoa —%19 eta %17,1—. Gazteekin lotuta, aintzat hartzekoak dira EHUn egindako kale neurketak, desoreka nabarmena erakusten baitute. Gipuzkoako campuseko datuak dira hauek: Hezkuntza fakultatean, %49ko erabilera dute emakumeek, eta %38koa gizonek; Medikuntzan, %55ekoa andreek eta %41ekoa gizonek.

Genero rolen eragina? «Generoak eragindako rol banaketa ez da nerabezaroan hasten, umea jaiotzean baizik, eta lehenago. Nerabezaroan gertatzen dena da umetatik datorren banaketa hori oso agerian geratzen dela». Penelope Eckert linguistaren teoriak ekarri ditu gogora Hernandezek. «Nerabeak familian oinarritutako identitate batetik adinkideen arteko harremanetan oinarritutako identitate batera mugitzen hasten dira, eta hor, erdi-erdian, ordena heterosoziala dugu». Desoreka ez da nerabezaroan hasten: kale neurketak umeen erabileran ere sumatu du aldea —%19 neskek, %17,7 mutilek—, eta adierazgarria da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola umeekin egindako Arrue ikerketa: neskak aritzen dira euskaraz gehiago eskolan eta gurasoekin. Bi ñabardura: batetik, adinean gora eginda jaitsi egiten da euskararen erabilera bi sexuetan; bestetik, gurasoekiko erlazioan gehiagok diote amarekin euskaraz egiten dutela, aitarekin baino —nahiz eta inkesta soziolinguistikoan aitek adierazi euskaraz gehiago aritzen direla—.

Nerabezaroko jokaerei buruz ohartarazi du Dobaranek, eta hizkuntza araua hausteaz: «Maskulinitate hegemonikoaren ezaugarria izan da beti arauen apurketa. Nerabeak diren mutil askorentzat euskara eskola hizkuntza da; euskara araua denez, horrekin apurtzeko joera handiagoa izan dezakete. Neskei, ostera, gehiago kostatzen zaie arauak haustea; izan ere, oso txikitatik ikasten dugu neska onak izaten». Arauak betetzearen zantzuak badira Arrue ikerketan: nesken eta mutilen eskolako erabileran, alderik handiena irakasleekiko harremanetan dago; neskak gehiago aritzen dira euskaraz maisu-maistrekin. Beste hipotesi bat ere jarri du mahai gainean Dobaranek: zaintzarena. «Geure egiten dugu, eta horrexegatik izan dezakete neskek jarrera desberdina, hizkuntza ere zaintzarekin lotzen dutelako».

Bikote mistoen jokabidea

Zaintzarekin lotutako aldagaia da lehen hizkuntza: umeek zein jasotzen duten etxean. Aztertzekoa da genero aldea: gurasoetako bakarra denean euskalduna, euskararen transmisioa handiagoa da euskalduna ama denean. Bikoteko bi kideak euskaldunak direnean, orduan da handiena euskararen transmisioa —azken 50 urteetan, %90etik gorakoa—. Hala ere, euskararen transmisioa areagotzen ari da bikoteko kide bakarra euskalduna denean, eta tipologia horretako familietan euskara jasotzen dute ume gehienek —erdararekin batera eskuratzen dute ia denek—. Bikotekide bakarra denean euskalduna, hamarkada luzeetan izan da alde handia haren sexuaren arabera. Hara: 1950etik atzera jaiotakoen artean, soilik ama euskalduna zutenen %43k jaso zuten euskara etxean, eta soilik aita euskalduna zutenen %13k. Azken hamarkadetan txikitu egin da aldea, nahiz koska bat badagoen oraindik: 1992-2000n jaiotakoen artean, aita soilik denean euskalduna %52k jaso dute euskara; ama denean, %58k. Inkesta soziolinguistikoaren datuak dira.

Desoreka hori zaintza lanarekin lotu du Jaurlaritzako sailburuordeak: «Lan banaketa sexuala indarrean dagoenez, seme-alaben zaintzaren ardura emakumeek hartzen dute beren gain». Zaintzaren eta transmisioaren arteko lotura eraikiez hitz egin du Hernandezek. Batetik, euskarari buruzko diskurtsoez: «Historikoki ideologia jakin bat bultzatu da, zeinetan emakumeak agertu diren euskararen geroratzearen arduradun gisa». Eta, bestetik, genero sistemaz: «Zaintza emakumeen eskuetan utzi da erabat. Eta horregatik ama euskalduna zenean euskara transmititu da; ez naturak aginduta, baizik eta sozialki hari zegozkiolako umeen eta hizkuntzaren sozializazio lanak». Ez alferrik, urteetan ama hizkuntza esan zaio umetan etxean jasotako hizkuntzari. Eta, datuen argitan, transmisioan ez ezik erabileran ere badaude desberdintasunak aitetatik ametara: Arrue inkestaren arabera, eskola umeek gehiago egiten dute euskaraz amarekin.

Adinekoetan, bestela

Genero ezberdintasun horiek gisa berekoak izan ote dira orain arte ere? Transmisioari buruzko datuetan bai, nabari da ama euskaldunek gehiago transmititu dutela euskara. Ezagutzaren eta erabileraren kasuan, ordea, gizonak ageri dira gorago belaunaldi helduetan. Kaleko erabileraren 2016ko neurketan bada zantzu bat: adinekoetan, handiagoa da gizonen erabilera. Ez da lehen aldia: joera bera zen hogei urte atzera eginda.

Soziolinguista batzuek hizpide izan zuten gaia 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. Lluis Aracil valentziarrak, adibidez, ohartarazi zuen hizkuntza ordezkapena azkarragoa zela emakumeetan; Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-ek Nafarroan egindako ikerketetan ondorioztatu zuen hizkuntza sozializazio desberdina zutela, eta gizonek hobeto eusten ziotela euskarari. Hizkuntza ordezkapena eta euskararen atzeraldia zituzten hizpide. Beste testuinguru bat zen.

Egoera soziolinguistikoa aldatu da ordutik: euskararen ezagutzak aurrerapauso nabarmena eman du, eta erabilera ere igo da, batik bat esparru formalean. Hala ere, Hernandezen esanetan, horrekin soilik ezin da esplikatu erabilera moldea aldatzea. «Denbora honetan aldaketa handiak gertatu dira gizarte arlo guztietan. Aldaketa horien parte izan da euskara. Baina, horrekin batera, esan behar da hizkuntzak, erabilerak bereziki, aldaketa horiek islatzen dituela. Kostatu egiten zaigu irakurketa hori egitea, baina beharrezkoa da».

Erabilerarena soilik ez, ezagutzaren eboluzioa ere aztertzekoa da: 50 urtetik behera, emakumeen ezagutza handiagoa da, inkesta soziolinguistikoaren arabera. Genero rolak berriro Hernandezen ahotan: zer hizkuntzatara jotzen duten emakumeek eta gizonek. «Mutil gazteek hizkuntzak ikasten dituzte, askok eta askok, baina ingelesa edo bestelako nazioarteko hizkuntza bat». Aldea interesgarria da. Ingelesaren ezagutza handiagoa da gizonezkoen artean, Jaurlaritzak 2017an egindako ikerketa baten arabera: gizonen %38k diote ingelesez aritzeko gai direla, eta emakumeen %33k. Ordea, euskara ikasten ari direnen proportzioak ez du zerikusirik horrekin: euskaltegietako hiru ikasletik bi emakumeak dira. Urteetako joera da, gainera. Dobaran: «Emakumeek egin dute apustu sendoa euskara ikasteko».

Euskalgintzako lana

Euskaltegiena ez da kasu bakarra: euskalgintzako jardunetan handiagoa da emakumeen parte hartzea, alde handiz. Adierazgarriak dira Euskaltzaleen Topagunearen datuak: Euskaraldian, mintzalagunetan eta euskara elkarteetan emakumeak dira gehienak. Elkarteetako zuzendaritzetan ere bai, duela gutxi ez bezala. «Argi izpi hori ilunagoa da herriz gaindiko aginte organoetan: Topaguneko zuzendaritzan, aldatzeko ahalegin handia egiten ari bagara ere, hamarretik hirukoa da emakumeon presentzia», azaldu du Jasone Mendizabal zuzendariak. Lan bilerak eta kontziliazioa aipatu ditu faktore gisa. Ez da oraingo egoera soilik, ordea: sektore feminizatua izan arren, maiz gizonek izan dute protagonismoa. «Emakumezkoen ibilbideak gehiago gelditu dira ezkutuan. Emakumeen ikusezintasunak ere bizi gaitu euskaltzaleen mugimenduan».

Feminizazioaren harira, boluntariotza, zaintza eta euskara lotu ditu Dobaranek. «Euskalgintza oso sektore feminizatua da, hizkuntza gutxitu baten zaintzarekin lotuta dago, eta lan baldintzak ez dira merkatuko onenak». Euskalgintzaren «aitortza faltari» eta prekaritateari buruz ohartarazi du Mendizabalek ere.

Hernandezen esanetan, halere, euskararen arlotik harago begiratu behar da. «Irakurketa konplexuagoak egitearen aldekoa naiz. Non daude emakumeak, non mugitzen dira? Euskaran ez ezik, kulturan eta euskal kulturaren eremuan ere presente daude, eragile edota kontsumitzaile gisa». Durangoko Azokan, bost bisitaritik hiru emakumeak dira, eta alde handiena 16-25 urtekoen artean dago: hirutik bi emakumeak dira.

Euskara indarberritzeko prozesuan aintzat hartu beharreko esparrua da, beraz, generoa. «Gurean ez da tradiziorik egon hizkuntza eta generoa uztartzeko», ohartarazi du Hernandezek. Euskalgintzan badago interesa, Mendizabalek dioenez: «Intersekzionalitatearen gaiak interes handia piztu du gurean, eta sakontzeko gogoa eta asmoa badago». Lan ildo horrekin lotuta, Jaurlaritzak gaia aztertzeko batzorde bat osatu du, eta ikerketa beka batzuk sortu ditu. Inkesta soziolinguistikoan genero ikuspegia txertatzeko lanean ari dira. «Hizkuntza politika eraginkorragoa egiteko lagungarri izan daitezke horrelako ikerketak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.