Ibilbide baten mugarriak

Azken urteotan, Arartekoak kexa ugari jaso ditu Lanbidek kudeatutako laguntzekin lotuak. Presoen eskubideak errespetatzeko eta torturak desagertzeko gomendioak ere eman izan ditu.

Edurne Begiristain.
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Herritarren kexak kudeatzea, ebazpenak, aholkuak eta gomendioak egitea, ofiziozkoespedienteak abiatzea edota txosten bereziak lantzea; 30 urtean, EAEko Arartekoakaskotariko lanak egin ditu.

LANBIDE

Azken urteotan, Arartekoak kexa ugari jaso ditu gizarte bazterkeriari aurre egiteko laguntzen inguruan; batez ere Lanbidek kudeatutako laguntzei buruzkoak dira kexa gehienak. Jaurlaritzak 2012an enplegurako politika aktiboen ardura hartu zuenetik hasi ziren kexak ugaritzen, eta, harrezkero kopuruak zertxobait behera egin badu ere, egoera ez da askorik zuzendu. 2013an, Arartekoak 949 kexa jaso zituen; urtebete geroago 576, 2015ean 739, 2016an 759, 2017an 802 eta 2018an 713. Lanbideren jarduerari buruzko kexek diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta etxebizitzarako laguntza osagarriarekin dute zerikusia batez ere.

HAUR ETA NERABEAK

Arartekoak adingabeak babesteko urrats garrantzitsua egin zuen 2010ean, Haur eta Nerabeentzako Bulegoa sortuta. Handik aurrera, bulego berriak bere gain hartu zuen hein handi batean Adingabeen Defentsa Bulegoak egindako lana. Besteak beste, eskola jazarpenaz eta etorkin adingabeen egoeraz arduratzen da erakundea. Haur eta Nerabeentzako Bulegoa sortu zenetik, jasotako kexen erdia baino gehiago bizi maila egokia izateko eskubideekin lotuta daude.

'CABACAS AUZIA'

Iñigo Cabacasen heriotza dela eta, Arartekoak ofizioko espediente bat abiatu zuen 2012an, argitzeko ea egokiak izan ziren Ertzaintzak polizia operazio horretan erabilitako protokolo eta irizpideak. Ikerketa horrek hautsak harrotu zituen, eta horretarako eskumenik ez izatea egotzi zion Jaurlaritzak —PSE zegoen gobernuan—.Iñigo Lamarcak jakin nahi izan zuen zer neurri hartu zituen Ertzaintzak barne ikerketari eta indarraren erabilerari dagokionez, eta, halaber, zer neurri hartu ziren horrelako gertakari larririk berriro gerta ez dadin. Arartekoak kritikatu zuen Jaurlaritzak ez ziola eman informazio nahikorik, eta ikerketa «sakona, zehatza eta alderdikeriarik gabea» egiteko eskatu zion.

TORTURAK

Torturak behin betiko desagerrarazteko eskatuz, Arartekoak zenbait aholku egin izan dizkie administrazioei: besteak beste, inkomunikazioa kentzeko, edo besterik ezean, atxilotze aldia hasieratik amaieraraino grabatzeko. Era berean, polizien esku dauden pertsonei osasun zerbitzu publikoetako profesionalek azterketa egitea aholkatu izan die. Halaber, tortura salaketa guztiak «sakonki» ikertzeko deia egin die administrazioei, eta halakorik balego arduradunei zigorrak ezartzeko. Polizia operazioetan atxilotutako euskal herritar askok egindako salaketak aintzat hartuz egin izan dizkie eskaerak Arartekoak Jaurlaritzari eta Madrili.

EUSKAL PRESOAK

Arartekoak hainbat ezohiko txosten eta aholku eman ditu espetxe politikaz eta euskal presoen egoeraz. Espetxe politika aldatzeko eta presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko proposamenak egin ditu. 2011n aurkeztutako txostenean, besteak beste, kartzela politika aldatzeko eskatu zuen Arartekoak, eta neurri hauek proposatu: sakabanaketa amaitzea eta presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna onartzea, legeak babestutako onurak ematea eta libre uztea gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.