Beste hamasei etorkin hil dira Egeon, ontzi bat hondoratuta

Azken astean hiru ontzi hondoratu dira Greziako uretan, eta 30 bat lagun hil dira. Atenasen iritziz, «bizitzak arriskuan jartzen» segitzen du Ankarak

HANDOUT/HELLENIC COAST GUARD HAN / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Ontzi bat hondoratu zen ostiral iluntzean Egeo itsasoan, Greziako Paros uhartetik gertu, eta gutxienez hamasei etorkin hil ziren. Greziako kostazainek 63 migratzaile erreskatatu ahal izan zituzten. Azkeneko astean, etorkinak zeramatzaten hiru ontzi hondoratu dira Egeoko uretan, eta gutxienez 30 zendu dira; 258 etorkin erreskatatu dituzte guztira, eta desagertuak dozenaka dira.

Kostazainen esanetan, azkeneko hondoratzea Paros uhartetik bost bat itsas miliatara gertatu zen. Ez dago argi zerk eragin zuen, baina eskifaiAko kideek larrialdi dei bat egin zuten, konturatu zirelako ontzia hondoratzen ari zela. Erreskatatutakoen arabera, gutxienez 80 pertsona zihoazen ontzian; horrenbestez, hildakoak gehiago izan litezke.

Turkiatik abiatuta Italiara ailegatzea zuten helburu hondoratutako ontziek. Migratzaileekin trafikatzen dutenek bide hori aukeratzen dute azkenaldian. Kostazain ugari daude Egeo itsasoko uharteetan, Grezia eta Turkia artean, eta horiek saiheste aldera egiten dute hautu hori.

Greziako agintariek Turkiakoen kontra egin dute. «Greziak bizitzak salbatzen jarraituko du, nahiz eta beste batzuek [Turkia] segitzen duten bizitzak arriskuan jartzen bai Egeoan, baita Mediterraneoaren ekialdean ere», nabarmendu zuen Giannis Plakiotakis Greziako Itsas Garraioko ministroak, atzo, ERT telebista katean. Atenasen iritziz, kontrabandisten ontzien ibiliak eteteko Ankararen politikak ez dira eraginkorrak. Migratzaileekin trafikatzen dutenak ere jarri zituen jomugan Plakiotakisek: «Desesperazioak jota dauden dozenaka pertsona pilatzen ari dira erabili eta botatzeko ontzietan, eta salbamendu jakarik ere ez diete ematen; horregatik dauzkagu halako gertakari tristeak».Ministroak datu bat plazaratu zuen: 2021ean, migratzailek erreskatatzeko 1.450 operazio egin dituzte Egeo itsasoan.

Aste honetako lehen hondoratzea asteazkenean gertatu zen, Folegandros uhartetik gertu (Grezia). Gutxienez hiru pertsona hil ziren, hamahiru erreskatatu zituzten, eta horiek adierazi zuten gutxienez hamazazpi zirela desagertutakoak. Agintariek jakinarazi zuten ontzian zihoazen gehienak Irakekoak zirela.

«Alternatiba seguruak»

Bigarren hondoratzea ostegunean gertatu zen. Ontzi batek uhartexka bat jo zuen Antikythira, uhartetik gertu (Grezia), Atenastik 145 bat itsas miliara, eta gutxienez 11 pertsona hil ziren. Kostazainek adierazi zuten, herenegun, 90 pertsona erreskatatu zituztela.

Azkeneko egunotako hondoratzeei erantzunez, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Greziako bulegoak Twitterren nabarmendu du migratzaileek «alternatiba seguruak» behar dituztela. UNHCR-ren arabera, aurten 116.000 bat migratzailek zeharkatu dute Mediterraneo itsasoa Europara bidean; horien %55 Italiara heldu ziren; %35, Espainiara; %7, Greziara; eta gainontzekoak, Maltara eta Ziprera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.