Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Helduen alfabetatze eta euskalduntzea. Egoeraren azterketa

Euskaltegiak, motor berrien bila

Euskararen biziberritzean motor garrantzitsua izan dira euskaltegiak, ehunka milaka pertsonak ikasi dutelako euskara bertan. Baina ikasleen soslaia aldatu da, eta tituluak lortzea lehentasun bihurtu den heinean aldatu da irakaskuntza metodoa. Euskaltegien bigarren loraldiaren beharra aldarrikatu dute.
Gau eskola bateko artxiboko irudia, Bilboko Miribilla auzoan.
Gau eskola bateko artxiboko irudia, Bilboko Miribilla auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2021eko martxoak 28

Rikardo Arregi euskaltzale eta kazetariak Euskaltzaindira bidalitako gutun bat hartu ohi da helduen euskalduntze eta alfabetatze prozesuaren ernamuin gisa. 1966ko urtarrilaren 14ko data du idatziak, eta, bertan, Arregik eskaera bat egin zion akademiari: euskaldunak alfabetatzeko proiektu bat martxan jartzea. Hori egiteko arrazoia argi zuen Arregik: «Euskeraz dakiten geienek ez dakite ez euskeraz irakurtzen ez euskeraz idazten. Erri batek indartsu bizi nai baldin badu kulturaren beharra du, ta gaur egunean kultura geien idatziaren bitartez zabaltzen da». Euskaltzaindiak bi aste geroago onartu zuen proposamena, aho batez, Donostian egin zuen batzarrean. Gutun hura bidaltzerako, hainbat ekintzaile hasiak ziren helduak euskalduntzeko lanean, baina gau eskolen abiapuntuaren sinbologia idatzi horrek dauka gaur-gaurkoz. Ordutik 55 urte igaro dira, eta tarte horretan ehunka milaka pertsonak ikasi dute euskaraz euskaltegietan. Horrek aditzera ematen du nolako ekarpena egin dioten hizkuntzaren biziberritzeari.

Zehazki ezin da jakin zenbat pertsona euskaldundu diren euskaltegiei esker, baina Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoaren datuek hurbilpen bat egiten lagun dezakete. 1991. urtekoa da lehen neurketa, eta 2016koa azkena. Bi urte horiek alderatuz gero, euskaraz dakiten 222.500 pertsona gehiago daude —denetara, 751.500—, eta euskaldunen tipologia ere asko aldatu da: 1991n, hiztunen %86k etxean jaso zuten euskara; 25 urte geroago, %64ra arte jaitsi zen zenbatekoa. Kontrara, hiztun berrien kopurua izugarri handitu da: joan den mende amaieran baino 200.000 euskal hiztun berri gehiago zeuden 2016an. Hau da, esan daiteke euskaldun kopuruaren gorakada hezkuntzaren eta euskaltegien bidetik iritsi dela.

Baina kopuru horretatik zenbat hiztun berrik ikasi dute euskara euskaltegietan? Soziolinguistikako adituen arabera, egun dauden ia 275.000 hiztun berrietatik herenak ikastetxeetatik kanpo euskaldundu dira. Hau da, ia 90.000 pertsona inguruk ikasi dute hizkuntza euskaltegietan. Inkesta soziolinguistikoan galdetu ohi dute, ea ikastetxetik kanpora euskara ikasten edo hobetzen aritu ote den inoiz inkestatua; azken neurketaren arabera, Euskal Herriko biztanleen %16 «urteren edo udaren batean» aritu dira euskara ikasten edo hobetzen, eta beste %16, urteetan aritu dira horretan. Hau da, 2016an, euskal herritarren herenak inoiz egonak ziren euskaltegian. Horrek ez du esan nahi horiek denek lortu dutenik gutxieneko euskara gaitasuna, ezta euskaltegira doazen guztiak euskaraz jakin gabe doazenik ere. Dena den, neurketa horren arabera, hizkuntza ikasteko edo hobetzeko ahalegina egin dute noizbait milioi bat pertsonak. 1970eko hamarkadaz geroztik, batez beste, 40.000 pertsona inguru matrikulatzen dira urtean Euskal Herriko zentroetan; beraz, kuantitatiboki oraindik hiztun-sortzaile garrantzitsuak dira euskaltegiak.

«Euskalduntze-alfabetatzeak izan behar du hizkuntzaren biziberritze prozesuaren motorretako bat». Hala dio Arkaitz Zarragak, Basauriko (Bizkaia) udal euskaltegiko zuzendari eta UEUko glotodidaktika saileko arduradunak. Garrantzi hori onartzen die euskaltegiei, hiztun berriak sortzen dituztelako: «Familia eta hezkuntza sistemarekin batera, hizkuntzaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioan hiztun gehiago sortu dituzte». Horregatik bakarrik euskaltegiek egin duten ekarpena handia dela uste du.

Gainera, hiztun berri horiek euskara gaitasun egokia lortu dutenean, seme-alabei ere transmititu diete hizkuntza, eta, horregatik, hiztun berriak sortzeko lana uste baino handiagoa dela azaldu du Esti Amorrortuk, Deustuko Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultura Graduko irakasleak: «Hazia hor egon da, hiztun berri izan direnen seme-alabak ere estrategikoak baitira; eta hori, zeharka bada ere, euskaltegiei esker izan da». Hau da, ikasle kopuruaz harago, helduen alfabetatze eta euskalduntze sistemak sortu dituen hiztun berriak are gehiago direla.

Funtzio horretaz gain, euskalduntze-alfabetatzeak bestelako ekarpenak ere egin ditu, Zarragaren ustez. Batetik, euskara funtzio gehiagotara zabaltzeko lana aipatu du: «Hizkuntzaren corpusa egokitzen lagundu dute berezkoak ez dituen esparruetarako». Era horretan iritsi da gutxitutako hizkuntza administraziora, hedabideetara, kirol mundura eta eremu gehiagotara. Bestetik, ikasleen artean euskaraz aritzeko motibazioak sortzeko lan egin dutela erantsi du: «Hizkuntzaren biziberritze prozesuaren inguruan eta erabileraren zilegitasunaren inguruan nolabaiteko diskurtso bat eta mezu bat zabaldu dute». Motibazio horretan sakontzeko, gainera, euskaltegiek euskarazko ekoizpenak ikasleengana gerturatzeko lana egin dutela esan du, eta, horregatik, «hizkuntza gutxituan sortu den kulturaren erabiltzaile eta sustatzaile ere izan dira».

Horregatik guztiagatik, euskaltegiek zuzeneko eragina izan dute orain arteko hizkuntzaren biziberritzean. Ez soilik milaka pertsonak ikasi dutelako, baita erabileran sakontzen lagundu dutelako ere. Baina helduen alfabetatzeari argiak beste ilungune ikusten dizkiote adituek.

Titulua lortzeko beharra

Hizkuntzaren biziberritzean «motor garrantzitsuak» izan dira euskaltegiak, Zarragaren ustez, baina motorra «zahartzen ere hasi da». Helduen euskalduntze-alfabetatze eredua aldatu egin baita, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Hizkuntza eskakizunen sistema ezarri denean, egon da homologazio prozesu bat, eta azterketek hartu dute garrantzia». Lan munduan gero eta gehiago eskatzen dira hizkuntza maila ziurtatzeko tituluak, eta horrek aldatu egin du euskaltegietan euskara irakasteko metodologia. Hainbeste, «azterketek eskatzen dutenera» bideratu dutela ikasketa prozesua, eta horregatik euskaltegi guztietan «akademia bihurtzeko prozesu bat» egon dela uste du Zarragak. «Irakasleentzat ere errazagoa da hori, azterketa eredu bat prestatzen baitute, eta hori irakasten dute».

Zarragaren arabera, iraganean hizkuntzaren erabilerara bideratutako ikasketa prozesua zegoen indarrean euskaltegietan, eta egun ez du oinarri hori ikusten. «Ikasketa prozesu tradizionalago bat ezarri da, gramatikan edo sintaxian gehiago oinarritzen dena. Egun ezagutzara bideratzen ari dira, eta ez horrenbeste hitz egitera». Behin azterketa gainditu ondoren, «pentsatzen da hizkuntzaren erabilera librea izango dela». Baina, haren ustez, ezagutzara bideratutako metodologia horrek ez du bermatzen ondoren ikasleak euskaraz aritzea, ezta egoki hitz egiteko gai izatea ere.

Izan ere, euskaltegiak titulua lortzera bideratu izanak aldaketa eragin du euskaltegietako ikasketa prozesuan. Baina euskara eskakizunak eskatzen hastearekin batera aldatu da, era berean, euskaltegian izena emateko arrazoia. Hau da, ikasleek euskara ikasteko iraganean zituzten motibazioak aldatu egin dira gaur egun. Gaiaren inguruan egindako bi ikerketak baieztatu dezakete aldaketa hori.

Josu Perales HABEko teknikaria da, eta euskaltegien inguruko hainbat ikerketa egin izan ditu; horien artean, Euskara ikasleen motibazio eta jarrerak, 1989an argitaratua. Orduan elkarrizketatu zituen 434 ikasleen %45,1ek euskara ikasteko motibazio integratzailea zeukaten, hau da, Euskal Herriko hizkuntza zelako joaten ziren euskaltegira, atxikimendua zutelako; %29,2k motibazio instrumentala zuten, alegia, lana lortzeko edo bestelako arrazoi pragmatikoengatik erabaki zuten euskara ikastea; gainerako ikasleek erdibideko motibazioak zituzten. 30 urte geroago, Urtzi Arrieta euskaltegiko irakasleak antzeko ikerketa egin zuen Hiznet hizkuntza plangintza graduondoko proiekturako. Gipuzkoako euskaltegietako 286 ikasleri euren motibazioez galdetu zien, eta ondorio argia atera zuen: ikasleen %61ek titulua lortzeko edo lana topatzeko arrazoiak zituzten, eta gainerakoek lagunekin edo familiarekin euskaraz hitz egitekoak. Hiru hamarkadetan, beraz, aldea sumatzen da ikasleen motibazioan.

Amorrortuk euskal hiztun berriei buruzko ikerketak egin izan ditu, eta, besteak beste, Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak izenekoa argitaratu zuen 2009an, Ane Ortegarekin, Itziar Idiazabalekin eta Andoni Barreñarekin batera. Orduan ere sumatu zuten euskara ikasteko arrazoien eraldaketa: «Ikerketa egin genuenean, ikusi genuen arrazoiak asko aldatu zirela, eta motibazioak instrumentalak zirela». Amorrortuk gogoan du nola irakasleek faltan sumatzen zuten iraganeko giro hura, errazagoa zitzaielako klaseak ematea: «Mintegiak ez ziren ikasgelan amaitzen, ikaskideak batera joaten baitziren parrandara. Jendea gehiago inplikatzen zen, eta arinago ikasten zuten». Ikasleen motibazio aldaketa hori bertatik bertara ikusi du Zarragak Basauriko zentroan: «Gaur egun ez da poteorik egiten, eta ohikoa da antzerki baterako plana egiten saiatzea ikasleekin, eta haiek nahi ez izatea». Bestelako helburuen eragina.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan nabaritu den aldaketa hori, ordea, ez da horrenbeste sumatu Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko zentroetan. Siadecok 1996an helduen euskalduntzeari buruz egin zuen ikerketan zehazten zuenaren arabera, eremu horietako ikasleek euskara ikasteko motibazio afektibo handiagoa zeukaten Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian baino. 2016an, EEP Euskararen Erakunde Publikoak ere ikerketa bat egin zuen Ipar Euskal Herriko euskara ikasleekin, eta bertan arrazoi hauek gailendu ziren: ingurukoekin euskaraz egin ahal izatea eta euskarazko abestiak zein hedabideak ulertzea. Horrek erakusten du hizkuntza eskakizun gutxiago dauden eremuetan bestelako arrazoiek bideratzen dutela euskara ikasteko nahia.

Hizkuntza eskakizuna lortzeko beharrak berekin ekarri ditu aldaketak euskaltegien metodologian eta ikasleen motibazioetan. Baina adituek argi utzi nahi dute motibazio bat ez dela bestea baino hobea. Azken batean, euskara ikastera bideratzen duten nahiak direlako biak, eta helburua euskaraz ikastea delako. Eta erronka horri eutsi zaio: arrazoi batek ala besteak bideratuta ere, urtetik urtera matrikulazio datuak ohiko kopuruetan baitabiltza.

Titulua lortu beharrak euskaltegietan aldaketak eragin dituen arren, Zarragak ez du uste lanpostuetarako euskara gaitasuna ziurtatu behar ez denik: «Hizkuntza eskakizunak eskatzen jarraitu behar da; beste kontu bat da ea zelan bermatuko dugun maila hori». Irakasteko moduak aldatu behar direla uste baitute biek.

Bigarren loraldiaren premia

Motibazio berriak sortu behar direla iritzi du Zarragak, eta horretarako euskaltegien bigarren loraldi baten beharra ikusten du. «Euskaltegietako hormak lodiegiak dira, eta hortik atera behar dute». Irakasleak klasean ikasleen zain egon beharrean, salto egin behar da ikaslearen eremuetara, haren ustez. Hau da, irakaskuntza metodoak ikasle bakoitzaren beharretara egokitu beharra aipatu du: «Administraria izango den batek, suhiltzaileek, irakasleek eta adinekoek, denek jakin behar dute iritzi artikulu bat idazten? Agian bai, baina ez du zertan. Norberaren esparruak hartu behar du garrantzia, eta dituzten behar komunikatiboei erantzun behar zaie; eta horren arabera ebaluatu». Hau da, irakaskuntza metodoak aldatu behar direla uste du.

Ildo horretatik tiraka, erabileran oinarrituko den ikasketa prozesuak garrantzi handiagoa hartu behar duela uste du Amorrortuk: «Ikasleek konturatu behar dute ikasketa prozesua ez dela amaitzen titulua lortzen denean, eta hori jakinarazi egin behar diegu; akreditazio horietan neurtzen diren gaitasunak oso akademikoak dira, baina gero lagundu behar diegu beste esparru batzuetan erabiltzen: lanean edo egunerokoan». Horregatik nabarmendu du bestelako ahalegin bat egin beharko dela gaitasun komunikatiboak garatzeko; bestela, titulua eskuratuta ere askotan hitz egiteko mugak izan baititzakete ikasleek. «Moduak bilatu behar dira pertsona horiek gaitasuna galdu ez dezaten, eta hiztun aktibo bihurtu daitezen».

Azken batean, beharretara egokitu behar dela dio Amorrortuk, eta bat egin du Zarragak esan duenarekin: euskaltegietako hormak gainditu eta «plazara irteteko» aukeran sakondu behar da. «Oro har ikasleekin atera behar dute kanpora, baina baita gainerako herritarrekin ere; hizkuntzaren aktibazioan lan egin beharko lukete». Izan ere, gaur egungo gizartea ez da duela 30 urtekoa, eta euskaltegiek bete beharko duten funtzioa ere ez da lehengo bera.

Horretaz jabetzeko, ikusi besterik ez dago nola aldatu den euskaltegietako ikasleen soslaia: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 1986-1987ko ikasturtean hamar ikasletik zortzik 16-30 urte artean zituzten, eta zenbateko hori %31ra jaitsi zen mende laurdenean. Kontrara, bikoiztu egin da 31-45 urte arteko ikasle kopurua, eta 46-60 urtekoen artean are eta nabarmenagoa da hazkundea: ikasleen %1,8 ziren lehen, eta laurdenak dira orain. Ikasleak zahartu egin dira.

«Iraganean euskalduntze prozesuaren beharra zegoen, eta horretan aritu ziren euskaltegiak; orain halako beharrik ez dago, gazteak ikastetxeetan ari direlako ikasten. Egoera honetan, euskaltegiek badauzkate ekarpenak egin ditzaketen esparruak, batez ere euskaldunen aktibazioari begira». Zerrenda ere egin du Amorrortuk: euskara elkarteekin, udalekin, eskolekin edo bestelako elkarteekin harremanak egin, eta euskararen erabilera planak sustatu. «Azken urteetan ari dira normalizazioaren dinamizazioan lanean», baina arlo horretan sakondu behar dutela uste du. Bide berriak ireki, euskaltegiak ez daitezen euskara irakastera bakarrik mugatu. Euskararen biziberritzean motor izan daitezen aurrerantzean ere.

Aldaketa hori egiteko, gainera, datozen urteak gako izango direla uste du Zarragak, oraingo irakasleen erdiek baino gehiagok 50 urtetik gora baitituzte. Irakasleen belaunaldi aldaketan prestakuntza osoagoa beharko dela dio Amorrortuk: «Euskara irakastea ez baita ingelesa irakastea bezala; hizkuntzaren egoera ezagutu behar da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Gotzone Sagardui.</b> Osasun sailburua, atzo, Gobernu Kontseiluaren ostean egin zuten agerraldian. ©J. FONTANEDA / FOKU

Datu «txarrak» direla eta, osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak

Berria

Espainiako Auzitegi Gorenak onetsi egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun ziurtagiria erabiltzea. Ziurtagiria datuak apaltzeko «tresnetako» bat izango dela dio Urkulluk A. Iraola - J. Ordoñez- J. Senar
Garbiñe Ubeda, Paula Kasares eta Kike Amonarriz, atzo, Andoainen, Martin Ugalde foroan. ©JON URBE / FOKU

Hitzekin batera, haien balioa

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gurasoen hizkuntza jarreren garrantziaz aritu dira Kasares eta Amonarriz Martin Ugalde foroan
Emakume bat Soweton, Johhanesburgon, atzo. Omikron aldaeraren kasuak agertzen hasiak dira mundu osoan. ©K. L. / EFE

EMAk iragarri du hiru hilabete beharko direla aldaera berrirako txertoak onesteko

Arantxa Elizegi Egilegor

Austriak datorren astean aurkeztuko du nahitaezko txertaketa ezartzeko lege proposamena. Baliteke Alemaniak ere bide beretik jotzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.