Koronabirusa

Aztarnarien deirik gabe ere ikasleek testa egitea agindu du Bildarratzek

Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aldatu egingo du ikasleen artean COVID-19a atzemateko protokoloa. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoren atzo iragarri zuenez, aurrerantzean, erreferentziako ESI erakunde sanitario integratuak ikastetxe bateko ikasleen artean baheketa egin behar dela ikusten duenean, ikastetxeei jakinaraziko die, eta haiek arduratuko dira familiei abisatzeaz. Hortaz, ez dute aztarnarien deiaren zain egon beharko. Behin abisu hori jasota, osasun zentrora joan beharko dute, eta bestelako proba bat egingo diete: listu bidezko proba. «Nabarmen arinduko da kasuak atzemateko prozesua, geletako presentzialtasuna indartuko dugu, eta familiei lasaitasun handiagoa emango diegu», nabarmendu zuen.

Itxitako gelen datuak ere eguneratu zituen: 190 gela daude itxita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 85 ikastetxetan. Haren hitzetan, neurriak indartzea beharrezko ikusten badute hala egingo dute, «orain arte bezala». Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, herrialdeko 56 ikastetxetako ehun gela daude itxita.

Laguntzak unibertsitateei

Gobernu Kontseiluan hartu duten beste erabaki batez ere aritu zen Bildarratz. Azaldu zuenez, COVID-19aren testuinguruan 3,9 milioi euro pasatxo emango dizkiete EHU Euskal Herriko Unibertsitateari, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari, «lehentasunezko» hiru eremutako programak bultzatzeko: eraldaketa digitalerako, osasun zientziekin lotutako ikasketetan ikuspegi berritzaile batetik prestakuntza indartzeko, eta hezkuntza arloko ikerketarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.