Albistea entzun

Miguel Angel Blancoren hilketaren 25.urteurrena

AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU

Uztailean beteko dira 25 urte ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela. 'Euskal' zen ororen aurkako olde bat ekarri zuen atentatuaren aurkako erreakzioak, BERRIAk elkartu dituen orduko hiru kazetariek oroitu dutenez. Abertzaletasunak batuta erantzun zion. Bideoa, albistearen barruan.
Miguel Angel Blancoren hilketa salatzeko manifestazio bat, Bartzelonan, 1997ko uztailaren 14an.
Miguel Angel Blancoren hilketa salatzeko manifestazio bat, Bartzelonan, 1997ko uztailaren 14an. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko ekainak 26 - Andoain

Euskal herritar anitzen sabelean berunezko bola batek hartzen du lekua Miguel Angel Blancoren izena entzun orduko. Eta nekez ahoskatzen den azalpenik ondoren. «Latza». «Gogorra». Halakoa izan zen garai hura BERRIAk elkartu dituen orduko hiru kazetarientzat ere. Eta gauza bera erakusten dute garai hartako lerroburu eta irudiek.

Ermuko 29 urteko gazte bat zen Blanco, Gipuzkoarekin mugan dagoen Bizkaiko herri horretako PPko zinegotzia, eta ETAk bahitu eta 48 ordura hil zuen, aitzinetik egindako mehatxua beteta: Espainiako Gobernuak euskal preso guziak Euskal Herrira ekarri ezean, hil eginen zuela. Buruan bi tiro zituela agertu zen, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), erakunde armatuak agindutako orduan; eta goizaldera hil zen, Donostia ospitalean. 1997ko uztaila zen. Laster duela mende laurden.

Blancoren bahiketa eta heriotza ez ziren izan ETAren atentatu bat gehiago soilik. Bazuen berezitasunik, eta eman zitzaion trataera berezirik ere. Esku ahurretan kabitu ezin diren 48 ordu horiez mintzatzeko elkartu ditu BERRIAk Elixabete Garmendia Lasa (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1953), Pello Urzelai Agirre (Bilbo, 1961) eta Iñaki Iriondo Telleria (Eibar, Gipuzkoa, 1964) kazetariak. Aitzineko urteetan egosten aritu eta ondoko urteetan luzatu ziren 48 orduez solastatzen bukatu dute, halabeharrez.

Elixabete Garmendia Lasa ETBko kazetari ohia, Pello Urzelai Agirre Euskaldunon Egunkaria-koa eta Iñaki Iriondo Telleria Egin-ekoa, joan den astean, Andoainen
Elixabete Garmendia Lasa ETBko kazetari ohia, Pello Urzelai Agirre 'Euskaldunon Egunkaria'-koa eta Iñaki Iriondo Telleria Egin-ekoa, joan den astean, Andoainen. Andoni Canellada / Foku

BI EGUN SENTIMENDU ETA DETAILETAN

Telefono dei bat, 1997ko uztailaren 10eko arratsaldean, Egin irratiko bulegoetan. Erredakzioetan telefonoak jo eta jo ari diren garaia da, baina berezia da ahotsa: etakide batena. PPko zinegotzi bat bahitu dutela jakinarazteko deitu du, eta zehaztu du 48 orduko ultimatuma eman diotela. Baldintza batekin: larunbatean arratsaldeko lauetarako Espainiako Estatuan dauden euskal preso guziak Euskal Herrira ekartzea. Ortzegun arratsaldea da.

Egin egunkariko erredakzio nagusian ez dago jende anitz: kasualitatea. Eta Gasteiza pasatu dute abisua. Han da Iriondo: «Hernanitik deitu zidaten, eta orduan nik deitu nion lehenengo Jon Goikoleari: [Juan Mari] Atutxaren prentsa arduraduna zen orduan». Abisua pasatu zion orduko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari. «Gero, Cayetano Gonzalezi deitu nion: [Jaime] Mayor Orejaren prentsa arduraduna zen. Barne Ministerioan hartu zidaten telefonoa, eta esan zidaten: 'Deituko dizu'. Nik esan nion: 'Bai, dei nazala, ze PPko zinegotzi bat bahitu dute'. Berehala deitu zidan, komentatu nion, eta, hortik aurrera, jakina dena».

Jakina dena gertaeraz beteriko zurrunbilo handi bat da, eta horren lekuko da idatzizko prentsaren hemeroteka. Iriondok tituluen arabera oroitzen ditu jazotako guziak, gazteleraz, eta galdetu ahala irakurtzen ditu, sakelako telefonoko pantailan Egin egunkariko zatiak dituela. «Lehenengo momentutik, lerroburua zen: 'Gobernuak bere obligazioa beteko du'. Eta, momentu hartan, haren obligazioa zen ezer ez negoziatzea. Bagenekien zer gertatuko zen handik pare bat egunera». Ajuriaeneko Itunak agerraldia egin zuen biharamunean —alegia, Herri Batasuna ez bertze alderdi guziek—, eta hala adierazi zuten: «ETAren ekintza kriminal hau xantaia baino okerragoa da. ETAk badaki bete ezin diren baldintza batzuk ezarri dituela. Mendeku ekintza nazkagarri baten aurrean gaude».

Urzelaik ere uste du «iragarritako heriotza bat» zela Blancorena: «Bagenekien zitekeena zela hilda amaitzea; tamalez horrela gertatuko zela». Sentsazio hori zuten Euskaldunon Egunkaria-ko erredakzioan, nahiz aitortu duen ez dituela egun horiek zehatz oroitzen: «Distantzia pixka bat ezartzen da gertaeren aurrean justu horri buruz idatzi behar baldin baduzu. Nahiz eta oso ondo ulertzen den zer-nolako gertaerak diren, nolako dramatismoa daukaten, esfortzu bat egin behar duzu kontakizuna antolatzeko».

Garmendia oporretan harrapatu zuen ETAren abisuak; ez ETBko kazetari gisa, beraz. Ongi gogoan du, halere: «Sepulvedan gelditu ginen gaua pasatzera [Espainia], 10etik 11rako gau horretan, eta, goizean, irratitik edo dena delakotik jakin genuenean zer ari zen gertatzen, erabaki genuen lehenbailehen honantz etortzea, geldialdi askorik egin gabe, ze SS matrikularekin [Gipuzkoako plaka]...». Egun horiek «agonia» modura oroitzen ditu: «Ez zen ohiko bahiketa bat. Epe labur hori: 48 orduko epe hori. Horrek bihurtzen zuen berezia eta kezkagarria oso». ETAk aitzinetik bi aldiz eginak zituen bahiketak epe bat emanda: Jose Maria Ryan Lemoizko zentraleko (Bizkaia) ingeniaria 1981ean hil zuen, eta Martin Barrios militarra, 1983an. Bahitu eta astebetera biak.

Garmendiak gogoan du Blancori jarritako epeak Kristoren pasioa ekarri ziola akordura: «Nire barruan zerbaitek hori piztu zidan, nahiz eta ez sinestuna izan. Seguru aski ez zitzaion jende askori hori bera etorriko, baina itomen modura bizi izan zen, inpotentzia eta angustia ikaragarriz, epe horregatik».

Manifestazioak hasi ziren berehala Ermuan, bertze herri anitzetan ondotik: bahiketaren kontra eta Blanco askatzearen alde. Larunbat eguerdirako ere deitu zuen mobilizazio batera Ajuriaeneko Itunak, Bilbon, Bakea orain eta betirako leloa hartuta. «Gobernu guztiek fronte bat egin zuten, eta jendea kalera aterarazi. Jendea, gainera, asko atera zen», erran du Iriondok. Baina arratsalde horretarako, hila zuten Blanco.

Ajuriaeneko Itunak eta Jaurlaritzako lehendakariak deitutako manifestazioa, uztailaren 12an,
eguerdian, Bilbon
Ajuriaeneko Itunak eta Jaurlaritzako lehendakariak deitutako manifestazioa, uztailaren 12an, eguerdian, Bilbon Xouse Simal

Euskaldunon Egunkaria-ko erredakzioan zain zegoen Urzelai: «Hori jakin arte, egiaztatu arte edo kontatzeko momentua iritsi arte». Martin Ugalde kultur parkeko erredakzioaren aitzinetik ertzain auto batzuk pasatzen aditu zituen orduan: «Hernani edo Urnieta aldera zihoazen, eta kotxea hartu eta haien atzetik joan nintzen, pentsatu bainuen tokira bertara joango zirela». Eta ez zegoen oker: «Urnietatik Lasarte aldera joan ziren, eta, hara iritsi, eta anbulantziarekin gurutzatu nintzen». Gorpua atzeman zuten lekuraino joan zen: «Gero, bueltatu erredakziora, eta gogoratzen dut kotxearen atea zabalik utzi nuela, zabal-zabalik, presaka atera nintzelako». Webgunerik gabeko garai batean, biharamunerako kronika idaztera.

Egin-eko erredakzioan ez zituzten egun samurrak izan, ezta ezker abertzaleko ingurunean ere, Iriondoren hitzetan: «Lehenengo egunetan, herriko tabernei eraso zieten, erre egin zituzten Ermukoa eta Eibarkoa, jendea jipoitu zuten... Ehizaldi bat izan zen. Guk Egin-en ezin genuen telefonoa ere hartu. Denbora guztian esaten ziguten: 'Hiltzaileak, hiltzaileak'. Poliziak ez zuen ezer egin, eta askotan erasotzaileak defendatu zituen». Urzelairen ustez, «jarrera faxistak berpiztu» ziren kalean, «su bat elikatzeko» asmoz: «Baita estatu aparatu polizialekin edo parapolizialekin lotutako elementuak ere». Ez zaio iruditzen, nolanahi ere, horrek luzaz iraun zuenik: «Beti sinistu izan dut euskal gizartean gehiengo oso nabarmen bat elkarbizitzaren aldekoa dela, edozer gerta. Eta badakiela bideratzen».

Miguel Angel Blancoren hileta, uztailaren 14an,
Ermuan (Bizkaia)
Miguel Angel Blancoren hileta, uztailaren 14an, Ermuan (Bizkaia) Xouse Simal

BAHIKETEN GARAIA

Miguel Angel Blancoren izenak bertze bat ekartzen du burura segituan: Jose Antonio Ortega Lararena. Espetxe funtzionarioa zen Ortega, eta ETAk 532 egunez eduki zuen bahitua, Blanco askatzeko egin zuen eskaera bera eginda: euskal presoak Euskal Herrira ekartzea. «Blanco bahitu baino hamar egun lehenago askatu zuen Guardia Zibilak Ortega Lara», gogoratu du Garmendiak. 1997ko uztailaren 1ean, hain zuzen. Egun berean askatu zuen ETAk Cosme Delclaux enpresari bahitua ere, erakunde armatuak eskatutako dirutza ordainduta. «Bahiketak, normalean, oso luzeak izaten ziren garai hartan», dio Garmendiak. Bat baino gehiago izan baitziren urte haietan.

Urzelaik gibelerago egin du Miguel Angel Blancoren bahiketaren eta hilketaren gertaera kokatzeko. «Aljerko elkarrizketa prozesuaren [1989] saiakeraren ondoren, urteetako konfrontazio fase luze bat hasi zen, bi aldeetatik: ETAren indarkeria, eta bestelakoak, estatuaren partetik». Bi momentu garrantzitsu ikusten ditu garai hartan. Batetik, Fernando Mujika Herzog politikariaren eta Francisco Tomas y Valiente Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen hilketak, 1996an. «Horren ondoren —baina ondorioz ere esango nuke—, Herri Batasunaren kontrako prozesua hasi zen martxan jartzen. Planteatu zuten nola erantzun ETAren indarkeriari, eta erabaki zuten alderdi politikoari erantzutea, Herri Batasunari». Bertzetik, «bahiketen garai» bat dago: «Julio Iglesias Zamorarena, 1993an, 116 egunekoa; Jose Maria Aldaia enpresariarena, 1995ean; gero Ortega Lararena, 1996ko urtarrilean hasi zena; eta azaroan, Cosme Delclauxen bahiketa». Kaleko protestak ugaritu zituzten horiek guziek: «Dinamika berri bat hasi zen: xingola urdina, kale protestak bahituak askatzearen alde —gainera, leloak berdinak ziren, eta errepikatu egiten ziren: Julio askatu, Jose Maria askatu—, eta kontrako protestak ere bai —Euskal Herria askatu—... Giro hartan gertatu zen».

Herritar bat zauritua, Iruñeko sanferminetan,
uztailaren 14an.
Herritar bat zauritua, Iruñeko sanferminetan, uztailaren 14an. Jagoba Manterola / Foku

 

«Espetxe frontea» zeukan martxan ETAk, eta gogorra zen egoera kartzeletan ere. Iriondok Juan Carlos Hernando euskal presoarena gogoratu du, adibidez: «Urkatuta agertu zen Euskal Herritik 700 kilometrora: Peli». Albaceteko kartzelan. Garmendiak ere aipatu du ordura arteko euskal preso kopururik handienetako bat zegoela kartzelan: «Ikaragarrizko karga izan behar zuen senideentzat, eta oro har ETAren inguruarentzat, ezker abertzalearentzat: hainbeste pertsona estatu guztian zabalduta».

Josu Zabala Etxarri-Aranazko (Nafarroa) gaztearen kasua ere gogoan du Urzelaik —Itziarren (Gipuzkoa) agertu zen hilda, 1997ko martxoan—, baita Jose Luis Gerestarena ere —1999an atzeman zuten haren gorpua, Errenterian (Gipuzkoa), buruan tiro bat zuela—. «Bi kasuetan izan dezakete harremana», uste du Urzelaik: «Josu Zabalarenak, Ortega Lararen kasuarekin, eta Gerestarenak, Miguel Angel Blancorenarekin», zehaztu du. «Egia da gauzak gogoratzen hasi eta ikaragarria izan zela», erantzun dio Garmendiak. «Eta gauza batzuek ez dituzte beste batzuk justifikatzen, nire ustez, baina lantzak alde guztietatik zihoazen».

ETA, AZKENEAN, BATUTA

Miguel Angel Blancorena gertatu eta urtebetera, argazki bat, Lizarran (Nafarroa), 1998ko irailaren 12an. Mahai baten gibelean daude EAJko bozeramaile Joseba Egibar, HBko Arnaldo Otegi, LABeko Rafa Diez eta ELAko Joxe Elorrieta; bertze hainbat alderdi, sindikatu eta eragile sozial eta politikotako ordezkariekin batera. «Lizarrako akordioa» jartzen du gibelean, afixa batean, eta Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) berretsiko dute konpromisoa aste batzuk geroago. Irlandako bake prozesua pil-pilean dago, eta, hari jarraituz, elkarrizketa prozesu bati ekiteko proposamena egin dute han bildutakoek. Urtebete lehenago ezinezkoa zirudien argazkiak; gutiago testuak.

Miguel Angel Blancoren hilketaren ondotik Ermuko espiritua izenekoa jarri baitzen martxan. Garmendia: «Oso toki sentiberan gertatu zen [bahiketa eta hilketa], etorkin asko zeuden tokian; horien joera politikoak pentsatzekoa da PP eta PSOE zirela, PSOEko alkatea zegoen Ermuan...». Iriondok nabarmendu duenez, hasieran ezker abertzalearen aurka jo zuten: «Ajuriaeneko Itunak dei bat egin zuen HBri alkatetzak kentzeko. Bilbon, adibidez, ez zieten laga osoko bilkura batean sartzen». Urzelaik berretsi du: «Lehenengo kasua Arrasatekoa izan zen [Gipuzkoa]: alkatetza kendu zioten HBri».

Garmendiak azpimarratu du, ordea, pixkanaka zabaldu egin zela kontrakotasuna. «Ermuko espiritua azkenean zer izan zen? Ikaragarrizko erasoa. Lehenengo, ETAren eta ezker abertzalearen kontra; bigarren, indar abertzale guztien kontra; eta hirugarren, esango nuke, euskal zen horren guztiaren kontra». Ondotik etorri zen Basta Ya mugimendua ere (Aski da), eta Garmendiak kontatu du «beldurra» ere nabaritu izan zuela haien mobilizazioetan: «Eraso egiten zizutela sentitzen zenuen ikuste hutsarekin».

Erreakzio horren aurkako erantzuna antolatu zuten indar abertzaleek, hala. Iriondo: «Nik uste dut EAJk eta EAk ikusi zutela Espainiako nazionalismoa oso oilartuta, eta pentsatu zuten hortik ezin zela jarraitu; beste irtenbide bat behar zela». Garmendiak 1997ko urriaren 18an Gernika-Lumon (Bizkaia) egin zen ekitaldia du «mugarri» gisa: «Indar abertzale guztiak egon ziren: EAJtik hasi, eta EA, HB, Ezker Batua, Zutik... Han egon ziren Elkarri eta Senideak ere, eta hiru sindikatuak: ELA, LAB eta EHNE». Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusiaren hitzak dauzka bereziki gogoan: «Estatutua hilda dago».

Urzelaik azaldu duenez, dena den, lehendik ere baziren elkarrizketak EAJren eta ezker abertzalearen artean, eta, beraz, ez du «mugarri» gisa ikusten Blancorena: «Memorian bai. Politikoki, ez dut uste hainbeste ondorio izan zuenik». Are, ezker abertzalearen aurkako erasoak gerora ere segitu zuela azaldu du, Lizarra-Garazi bukatu zenean: «Izan zen sekuentzia bat, termino handietan begiratuta, estatutik bideratu zena, eta hori zen ez auzi armatua neutralizatzeko bakarrik, baizik eta auzi politikoa neutralizatzeko, formula ezberdinekin. Batzuetan, gertaerak baliatzen dira helburu estrategiko horiei forma emateko».

Iriondok oroitu du espainiar nazionalistek erraten dutela Blancoren hilketarekin hasi zela ETAren bukaera: «Hori ez dakigu hala den, baina dakiguna da Ajuriaeneko Ituna bukatu zela, baita demokraten eta biolentoen arteko kontraesana ere, eta espainiar nazionalisten eta euskal abertzaleen artekoa hasi zen. Ja ez zen Gesto por la Paz, baizik eta Ermuko Foroa-eta... talde espainolistak». Zirudien baino indar gutiago izan zuten, azkenean: «Begiratzen badituzu orduko mobilizazioak, bazirudien espainiar nazionalismoak kristoren indarra zuela hemen ere; leherketa momentu bat izan zen, baina gero aldatu egin ziren gauzak: legebiltzarrean zer kopurutan mugitzen diren ikustea besterik ez dago».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Etxeratek joan den astean Donostian egindako protesta. ©ANDONI CANELLADA/FOKU

Beste sei euskal preso jarri dituzte hirugarren graduan azken hilabetean

Berria

Guztira, 23 presori eman diete hirugarren gradua Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik.

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Iñaut Matauko Rada

Maiak PPri egotzi dio koalizioa uzteko modua ez dela «egokia» izan. Esan duenez, Nafarroan zentro-eskuinaren liderra UPN izan da «historikoki», eta ez Alderdi Popularra, Telladok esan bezala

2021eko Ospa! eguna, Altsasun. ©Maialen Andres / FOKU

Ospa Eguna irailaren 3an egingo dute Altsasun

Oihane Puertas Ramirez

Espainiako polizia indarrak herritik joan daitezela eskatuko dute Altsasun, Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu lelopean.

Blboko agerraldia ©Monika del Valle / Foku

Preso eta iheslarien egoera «normalizatzeko» eskatuko dute manifestazio baten bidez

Gotzon Hermosilla

Sarek eta Bilboko konpartsek batera antolatuta, abuztuaren 26an egingo dute, Bilbon.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...