Sexu abusuak Eliza katolikoan. Datuak

Elizaren altzoan, 90 erasotzaile eta 177 biktima

1940ko hamarkadatik aurrera Eliza katolikoaren barruan gertatutako eta ezagutarazitako sexu abusuak bildu ditu BERRIAk. Auzi gehienek preskribatu dutenez, lau erlijioso soilik zigortu dituzte. Bilboko Elizbarrutiak bi zentrotako sexu erasoei buruzko ikerketak aurkeztuko ditu aurki.

Elizaren altzoan, 90 erasotzaile eta 177 biktima.
mikel p ansa
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Alez ale, banaka-banaka, elizgizonen, eskola erlijiosoetako irakasleen eta mojen sexu abusuak jasan dituzten askok izua eta lotsa astindu dituzte, eta erasotzaileak seinalatu. Duela hamar urte, Gaztelueta ikastetxeko (Leioa, Bizkaia) salaketa azaldu zenean, zazpi pederastia kasuren berri zegoen Euskal Herriko Elizaren altzoan; orain, 90 erasotzaile ezagutzen dira, eta 177 biktima, gutxienez.

 

Izan ere, gehienetan banaka agertu dira salaketak, eta Nafarroako Gobernua izan da, oraingoz, sexu abusu horiek biltzeko eta ikertzeko ahalegina egin duen administrazio bakarra. Ikerketa horretako datuak, hedabideetan agertutako testigantzak eta elizbarrutiek emandako informazioak bildu ditu BERRIAk, jakiteko zenbat pertsonak jasan dituzten sexu abusuak Elizaren itzalean.

Gutxienez 177 biktima agertu dira zenbaketa horretan, baina icebergaren tontorra besterik ez da datu hori. Elizaren garai bateko boterea, norbere ezinak, beldurrak, gizartearen eta senideen presioa... Arrazoi askok eragin dute auzia hainbeste hamarkadatan isilpean egotea, eta jakinarazten diren salaketak ez dira gertatu ziren kasu guztien zati bat besterik.

Abusuak salatu dituzten askok aipatzen dute salatutako pederastek askoz jende gehiagori egin zizkiotela erasoak, baina, bilduma honetan, salaketa egin dutenen kasuak soilik daude zenbatuta, biktima askok ez dutelako salatzeko urratsa egin. Pederastak ere gehiago izango ziren: askotan, ez daude identifikatuta izen-deiturekin, eta segurutzat jotako kasuak soilik zenbatu ditu BERRIAk.

Bestalde, ez da estatistika ofizialik. Elizbarrutiek ematen dituzte datuak tarteka, baina erasoak ez daude banaka identifikatuta, eta biktima batzuek ez dute Elizaren instituzioetara jo salaketa egitera. Beraz, ezin dira alderatu ezagutarazitako kasuak eta elizbarrutiek jasotakoak berberak ote diren. Horregatik, errepikatu gabeak direla segurutzat jotako kasuak soilik zenbatu dira. Hartara, aise esan liteke pederasta eta biktima gehiago izan direla Elizaren altzoan, eta kopuru hauek behin-behinekoak direla.

Erasotzaile gehienak gizonak dira, apaizak eta kongregazioetako kideak, baina badira eskola erlijiosoetan aritutako laikoak eta moja batzuk ere tartean. Biktima gehienak adingabeak ziren: adina ezagutzen zaienen %98 inguru. Eta hamarretik bat, andrazkoak.

1960ko eta 1970eko hamarkadetan gertatu ziren ezagutarazi diren abusu gehienak, baina badira lehenagoko batzuk. 1980tik aurrerako abusuen kasu gutxiagoren berri jakin da, baina ez da etenik izan, eta 2010eko hamarkadako pare bat ere azaleratu dira.

Preskripzioaren ondorioak

Zenbat erasotzaile zigortu ditu justiziak, ezagutu diren 90 horietatik? Orain arte, hiru bakarrik epaitu dituzte sexu abusuengatik, era honetako kasuek preskribatu egiten dutelako, eta iraungi egiten da delitua. Isunak eta bi urtez azpiko espetxe zigorrak jarri izan dizkiete orain arte epaitutakoei, eta bakar bat ere ez dute kartzelan sartu. Hiru horiez gain, beste elizgizon bat zigortu zuten, haur pornografia edukitzeagatik. Horiek dira justiziari dagozkion datuak.

Kasu batzuetan besterik ez da jakin Elizak zer egin duen bere prozedura kanonikoetan, eta ezin da zehazki jakin 90 erasotzaile horietatik zenbatek jaso dituzten zigorrak Elizaren barruan.

Ikusi gehiago:Sean Ryan: «Elizak aspalditik zekien arazo larria zuela sexu abusuekin; barne agiriek frogatzen dute hori»

Aurreko legearen arabera, biktimak 18 urte bete eta handik bost edo hamar urtera (gehienez ere) iraungitzen zen salaketa jartzeko epea, Hego Euskal Herrian. Legea aldatu zuten Espainian, eta, orain, biktimek tarte handiagoa dute: salaketa jartzeko epea 35 urtetik aurrera hasten da kontatzen. Delituaren arabera, bost edo hamar urte dituzte hortik aurrera. Epe horren barruan salaketa jarri ezean, delitua iraungi egiten da.

Biktimek eurek salatu izan dute motzegia dela epe hori, askok denbora gehiago behar dutelako gertatu zitzaiena ulertu, onartu, barneratu eta salatzeko. Australian egindako ikerketa baten arabera, biktimek, batez beste, 33 urte behar izan dituzte gertatu zitzaiena salatzeko. Kazeta honek bildutako datuen arabera, 40-50 urte igaro dira abusuak gertatu zirenetik ezagutarazi diren arte: batez ere 2010eko hamarkadatik aurrera izan da 1960ko eta 1970eko erasoen berri.

Herrialdekako datuak

Nafarroan ezagutarazi dira kasu gehien, baina ez da kasualitatea. Elizaren gerizpean aritutako pederasten biktimek elkarte bat sortu zuten herrialde horretan, Nafarroako Parlamentuak lege bat onartu zuen biktimak aitortzeko, eta Nafarroako Gobernuak ikerketa bat enkargatu zion Nafarroako Unibertsitate Publikoari. Baldintza horiek eragin dute beste herrialdeetan baino kasu gehiago agertzea. Gaur egun, 77 biktima eta 50 pederastaren datuak daude jasota herrialde horretan.

Bizkaian, badira 71 biktima eta hemeretzi biktimario; Gipuzkoan, 21 biktima eta hamabost erasotzaile; Lapurdin, sei biktima eta bost abusatzaile; Araban, bi biktima eta erasotzaile bat. Beste herrialdeetan ez da jaso Elizaren inguruko sexu abusuen berririk.

Beste ikerketa batzuen zain

Aurki handituko dira zenbateko horiek. Espainiako Apezpikuen Konferentzia urtero ari da datuak biltzen, eta espero da datozen hilabeteetan aurkeztuko dituela iaz jasotako datuak. Iruñeko Artzapezpikutzak hala ziurtatu du: jasotako datuak Madrilera igorriak ditu, eta aurtengo lehen hiruhilekoan aurkeztekoak dira.

Bilboko Elizbarrutiak, berriz, baditu bi ikerketa enkargatuak, eta espero da emaitzak datozen asteetan aurkeztuko dituztela. Deustuko Unibertsitatea Derioko seminarioko sexu abusuak ikertzen ari da, eta Euskal Herriko Unibertsitatea, berriz, Bilboko Erruki Etxean gertatu ziren abusu kasuak aztertzen.

Iruñean bezala Bilbon eta beste elizbarrutietan, biktimak artatzeko bulegoak zabalik eta lanean dauzka Elizak. Biktimak artatzeaz gain, Iruñeko Artzapezpikutzak zehaztu du prebentzioan eta formakuntzan indarra egiten ari direla orain.

Baionako Elizbarrutiko bulegoak darama lanean denbora gehien, 2016an sortu baitzuten, biktima batzuek Lyongo (Frantzia) gotzaina auzitara eraman ondoren. Abusuak ezkutatzea leporatu zioten Lyongo gotzainari, eta auzitegiak errugabetu egin zuen, baina auzi horrek astindu egin zituen Frantziako Elizaren zimenduak. Horren eraginez, ikerketa zabal bat egin zuten, 2021eko urrian aurkeztu zutena.

Ikerketa horren arabera, Baionako Elizbarrutian —Biarno ere barnean hartzen du— 25 biktima eta hamahiru erasotzaile agertu dira. Bilbokoan, 23 erasotzaileren berri jaso dute 2019tik —orduan sortu zuten bulegoa—. Gasteizko eta Donostiako elizbarrutietan, berriz, ez dute salaketa berririk jaso azkeneko urteotan. Guztira, hiru kasuren berri dute Gasteizen, eta Donostiakoak lau erasotzaileren berri eman zuen 2019an.

Arartekora, auzitegira edo elizbarrutira jo daiteke salaketak egiteko. BERRIAri lekukotza bat eman nahi izanez gero:

[email protected]

Ikusi gehiago:Biktimek argitu dute bidea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.