'Bateragune auzia'. Erreakzioak

'Bateragune auziari' batera aurre egingo diotela aldarrikatu dute sarean

EAJk adierazi du «ezusteko desatsegina» izan dela auzitegiaren erabakia. Abalosen arabera, auzian ez da talde parlamentario bat epaitzen

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzia berriro egiteko erabakia hartu zuen atzo, eta hautuarekin batera iritsi ziren lehen erreakzioak. Auzipetuetako batzuek sare sozialak erabili zituzten horretarako. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak mezu labur bat zabaldu zuen, erdaraz: «Ez gintuzten bezatu, ez gintuzten menderatu, ez gaituzte otzanduko! Egin irri. Irabaziko dugu». Hala ere, gaur egingo du agerraldia, 12:00etan, EH Bilduren mahai politikoarekin batera. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiaren arabera, jada hamabi urte igaro dira atxilotu zituztenetik, eta sei urte espetxean igaro eta Europak ere epaia ezetsi ostean, salatu zuen berriz ETAko kide izateaz epaitu nahi dituztela, ETA deseginda badago ere. «Demokrazia? Ze demokrazia?». Miren Zabaleta Sortuko kidea, berriz, aurrera begira jarria dago: «Borrokatu, irabazi, erori, altxatu. Bakeak, justiziak eta demokraziak beti merezi izan dute eta merezi dute». Auziari batera aurre egingo diotela aldarrikatu zuten.

Talde politikoei dagokienez, EAJk azpimarratu zuen auzitegiak hartutako erabakia alderdiarentzat «ezusteko desatsegina» izan dela, eta «harriduraz eta haserre» jaso dutela berria. Areago, erantsi zuten «zentzugabekeria» dela «guztia ETArekin lotzea», eta horrek oztopoak sortu dituela bizikidetza prozesuan. «Erabakiak arreta jartzen du berriro Europako instantzia gorenek Espainiako erresumaren aurka eman dituzten epai ugarietan; akusatuei bidezko epaiketa baterako eskubidea urratu zaie, eta ez da inpartzialtasunez jardun». Haren ustez, «inoiz baino premiazkoagoa» da Espainiako justiziaren egiturak, funtzionamenduak eta hautaketa irizpideak berritzea, bere jarduna giza eskubideen defentsan Europak ezarritako estandarrekin bateratzeko.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak ere bere iritzia plazaratu zuen: «Legezko alderdi bateko buruak epaitu nahi dituzte legez kanpoko alderdi bat sortzea egotzita. Non dago kasua?».

EAk Espainiako Gobernuari eskatu zion auzitegiak hartutako erabakiaren inguruan hausnartzeko eta iritzia plazaratzeko, eta Ezker Anitzak uste du hautuak erakusten duela «eskuina auzitegietan dagoela».

Espainian ere oihartzuna izan zuen. Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza Idazkaria eta Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun ministroaren ustez, eta zehazki Otegiri erreferentzia eginez, adierazi zuen epaiketan ez dela talde parlamentario bat epaitzen, baizik eta pertsona bat, nahiz eta auziak haren ekintza politikoekin lotura izan dezakeen. Gainera, nabarmendu zuen Espainiako aurrekontuen eztabaidan parte hartu izanak ez duela esan nahi justiziaren aurrean erantzun behar ez dutenik. Areago, hainbat dira egoera hau talde politiko bat indargabetzeko baliatu nahi dutenak ere. Voxek, esaterako, EH Bildu legez kanpoko jotzeko eskatu zuen.

Sindikatuek, elkartasuna

LAB sindikatuak uste du Espainiak justizia «modu injustuan» erabiltzen duela, eta eskubide zibil eta politikoak «etengabe eta bidegabeki» urratzen dituela. Auzi politiko guztien amaiera exijitu zuen. ELAren iritziz, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia «zentzugabekeria judiziala» da, eta soilik arrazoi politikoei erantzuten die. Elkartasuna adierazi, eta Hegoaldeko gobernuei babesa eskatu zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.