«Herri burujabe bat» eskatuko du EH Bilduk larunbatean

Donostian egingo du manifestazioa indar subiranistak, larunbat arratsaldean, 'Gora goaz. Euskal Errepublikarantz' lelopean

EH Bilduren agerraldia Donostiako Aste Nagusiko manifestazioaren aurkezpena egiteko, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Donostia
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
«Berdintasunean oinarritutako Euskal Errepublika» aldarrikatzeko, aurten ere mobilizaziora deitu du EH Bilduk, larunbatean Donostian, Aste Nagusiari hasiera eman baino ordu pare bat lehenago. Gora goaz. Euskal Errepublikarantz! lelopean, «berdintasunean» oinarritutako euskal errepublikan bizitzea «amesten» duten «euskal herritar guztiei» parte hartzeko deia egin die Estitxu Elduaien EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak. Larunbatean, 17:00etan abiatuko da kalejira aldarrikatzailea Artzain Onaren plazatik, eta hiriaren erdiguneko kaleetan barrena ibiliko dira.

«EH Bilduren komunitatea» osatzen dutenek jai giroan egon arren beren aldarrikapenak ez dituztela albo batera uzten esan zuten atzo eguerdian Donostiako kaian eginiko agerraldian. «Guk herri libre batean bizi nahi dugu, aukera berdintasunean oinarritutako Euskal Herri burujabe, aske eta independente bat nahi dugu», adierazi zuen EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak.

Elduaienek azaldu duenez, «bakoitza bere esparruan» ari da lanean: hala nola instituzioetan, herri mugimenduetan, mugimendu kulturalean, kirol arloan, mugimendu feministan, ekologistan... jarduten direla azpimarratu du.

Elduaienek esan du oraindik ere aurrera egiteko bidea geratzen zaien arren EH Bilduren azken urteetako eta batez ere azken hilabeteetako joerak «agerian» utzi duela «gure ametsa gero eta gertuago» dagoela, eta azpimarratu du horren adibide izan direla Espainiako eta udal eta foru hauteskundeetako emaitzak.

Udal eta foru hauteskundeetan «inoizko emaitzarik onenak» lortu dituztela nabarmendu du Elduaienek, eta Espainiako Diputatuen Kongresuan ERCrekin akordioa egitea «erabakigarria» izan dela azaldu du: «Gero eta gehiago eta gero eta determinanteagoak gara euskal errepublikaren alde egunero lanean aritzen garenok».

Espainiako egoeraren inguruan ere hitz egin du Elduaienek. Haren iritziz, «ahul» dago Espainia, eta, gainera, lurraldetasunarekin lotutako «krisi politiko eta instituzional sakonean» murgilduta: «Gu gorantz egiten ari garen bitartean, Espainiako Estatua egiturazko krisi sakon batean murgilduta dago».

«Isilean» egindako lana

Espainiako eskuin alderdien inguruan, «trifatxitoak»—Voxek, PPk eta Ciudadanosek— botererik ez eskuratzeko beren esku dagoen guztia egingo dutela esan dute. Horrez gainera, EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak esan du ez dela «kasualitatea» balio politiko eta sozialak «gero eta barneratuago» izatea, eta nabarmendu du «milaka eta milaka herritarrek isilean egin duten lanaren emaitza» dela.

Elduaienek argi utzi du EH Bilduk «esaten duena egiten eta, aldi berean, egiten duena esaten» jarraituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.