Haurrak zaintzeko eszedentzien %71 andreek hartzen dituzte

Emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterketa bat aurkeztu du Emakundek. Batez besteko soldaten arteko arrakala 6.300 eurokoa da

Soldata arrakalaren aurkako mobilizazio bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume eta gizonen egoerari buruzko informazioa bildu du Emakundek Zifrak txostenean, bi sexuen artean identifikatutako desberdintasunak deskribatzeko xedez. Egun, biztanleriaren erdia inguru (%51,5) dira emakumeak, baina berdintasun hori desparekotasun bihurtzen da zenbait arlotan; batez ere, lan munduaz eta zaintzaz aritzean.

HEZKUNTZA

Emakunderen datuen arabera, gizon eta emakumeen arteko desorekak nabarmenak dira behin derrigorrezko hezkuntza amaituta, eta agerian geratzen da «sektore feminizatuen eta maskulinizatuen arteko segregazioa»,Emakundek «genero rol eta estereotipoekin» lotzen duena. Izan ere, Lanbide Heziketako ikasleen herenak inguru dira emakumeak, besteak beste gehiengo handi batek (%85,4) batxilergoa egiteko hautua egiten duelako, ondoren unibertsitatera joateko. Bi kasuetan, gainera, alde nabarmenak daude ikasketa arloa aukeratzeko garaian. Kasurako, unibertsitatean, osasun zientziei lotutako graduetako ikasleen hiru laurden emakumeak dira. Kontrara, Ingeniaritza eta Arkitektura arloan, ikasleen laurdenak inguru dira emakumeak.

LANA

Lanari dagokionez, Emakundek lan produktiboa eta erreproduktiboa hartu ditu kontuan. Hezkuntzan gertatu bezala, lan munduan ere sektore feminizatuak eta maskulinizatuak daude. Lehenaren adibidea zerbitzuen sektorea da, lanean ari diren hamar emakumetik ia bederatzi hor ari baitira lanean. Beraz, haien presentzia eskasa da lehen sektorean, industrian eta, batez ere, eraikuntzan. Halere, badira kontuan hartu beharreko beste zenbait datu. Besteak beste, lan jardunaldiari erreparatuz gero, lan kontratu partzialen %79,7 dira emakumeenak, eta osoen %42,1 besterik ez.

Hala, datuek adierazten duteemakumeek zailtasun gehiago dituztela lana eta zaintza uztartzeko, «erreprodukzio eremuan behar den gizonen erantzukidetasuna» falta delako. Izan ere, seme-alabak zaintzeko eszedentzien %71,6 emakumeek hartutakoak dira, eta senitartekoak zaintzeko hartutakoen %75,8 ere bai.

BALIABIDEAK

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko soldata 29.476 eurokoa da, baina aldea nabarmena da gizonen eta emakumeen batezbestekoen artean: 6.331 euroko arrakala dago. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen %12,3 pobrezia arriskuan daude, 2020an kopuruak gora egin ostean.

OSASUNA

Sexu eta ugalketa osasunari dagokionez, haurdunaldiaren borondatezko 3.530 etete erregistratu ziren 2020an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: aurreko urtean baino 187 gutxiago. Emakumeen batez besteko adina 29,8 urtekoa izan zen, eta esku hartze gehienak (%93,6) emakumeak eskatuta egin ziren. Sasoi berean, bularreko minbizia detektatzeko proba kopurua murriztu egin zen: 2019an ia 125.000 proba egin ziren, eta 2020an, 73.031.

PARTE HARTZEA

Parte hartze instituzionalari erreparatuta, Eusko Jaurlaritzako eta hiru aldundietako buruzagien artean ez dago emakumerik. Halere, Jaurlaritzako sailburuen %40 eta foru diputatuen %58 emakumeak dira. Eusko Legebiltzarreko hautetsien erdiak ere badira.

Sindikatu nagusietako batzorde exekutiboetan, presentzia orekatua dago, nahiz eta LAB den idazkari nagusi gisa emakume bat duen bakarra. Enpresa munduan, baina, bestelakoa da joera: patronaletako administrazio kontseiluetako kideen %20 dira, eta finantza erakundeetakoen %36,8.

INDARKERIA

2020an, emakumeen aurkako indarkeriaren 4.177 biktima erregistratu zituen Emakundek. Horien %69,3 bikotekideen edo bikotekide ohien biktima izan ziren; %22,7, etxeko edo familia eremuko indarkeriaren biktima; eta %8,1, sexu indarkeriaren biktima. Hala, urte hartan 5.344 salaketa erregistratu zituzten, 2019an baino 576 gutxiago. Beherakada, baina, COVID-19ak utzitako jokalekuan ulertu behar da: itxialdi garaian, emakumeek erasotzaileekin batera bizi behar izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.