Patxi Zabaleta

Txillardegi eta giza eskubideak

2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Kanpotik eta urruti xamarretik jarraitu ditut azken hilabeteetan Txillardegiren heriotzaren X. urteurrena dela-eta ospatu diren ekitaldiak eta egin diren aldarrikapenak; gainera, gainbegirada bat eman diet argitaratu diren liburu eta iritzi artikuluei.

Euskalgintzan, intelektualitate arloan edo kroniketan utzitako idazlanek ez dute guztiz azaltzen Txillardegiren nortasuneko hezurdura. Pertsonalki ezagutu genuenok badakigu bere grina, amorru eta sen politikoa zirela bere jokaeretan akuilu eta erro nagusiak.

Euskaltzale, euskal idazle eta euskalari izateaz gainera, euskararen etorkizunaz «existentzialki» arduratuta bizitu zen. Era berean, euskal politika grinatsu bizitu zuen. Ideologikoki bere burua abertzaletasunean eta ezkerrean ez-ezik, jarrera aurrerakoietan eta giza eskubideen defentsan kokatzen zuen; segur aski hurrenkera horretan, nahiz eta marxismoari buruzko bere jarrera maiz polemikoegiak eta askotan azalkeriaz arbuiatuak bere benetako jarrera ezkertiar eta aurrerakoia desitxuratu edo estali egin zuen batzuetan.

Egia da Txillardegiren aiurri sutsuak ezkutatu egin zuela haren izaera baketsua behin baino gehiagotan. Baina bakegintzan esanguratsua ez-ezik oso eraginkorra gertatu zen Txillardegi eta beste ETAko fundatzaile gehienek Aralar alderdiko erkide edo militante izateko erabakia hartu izana. Jarrera hark giza eskubideen eta politikagintzaren lehentasuna aitortzeko balio izan zuen. Eta horren ondorioz aitzineratu zen, besteak beste, bakegintzaren aldebakarreko eta ordain politikorik gabeko eredua edo euskal bakearen modeloa. Izan ere, lehenik eta batez ere borroka eta lehia ideologikoak direlako irabazi beharrekoak, Gernikako Akordio gabe ez zen posible izango Aieteko Konferentzia. Beraz, Txillardegik ez bakarrik ez zuen inoiz eduki, indarkeriarengatik inolako erantzukizun eskaerarik, baizik eta askok baino gehiago egin zuen euskal bakearen alde eta giza eskubideen defentsan.

Txillardegi 7 urtez izan zen Aralar alderdiko militantea. 2007an baja eman zuen eta bere arrazoiak azaltzeko gutun bat bidali zigun Iñaki Aldekoa eta bioi zuzendua, Larrun aldizkariaren 113. alea erantsita, bertako testuan garrantzitsuenak iruditzen zitzaizkion argudioak azpimarraturik. Zehazki «ez zela oraindik posible politika konbentzionala egitea»; eta hori, nahiz aintzat hartzen zuen Nafarroa Bai, NaBaik, Nafarroan eragindako politika astindua. Baina 2007ko garai eta giro politiko hartan oso gertutik eragiten zion partidu abertzaleen ilegalizazioak.

Urte haietan eztabaida bat baino gehiago izan nituen Txillardegirekin; eta batzuek oraindik gaurkotasuna dute. Bat, hizkuntzaren arloan, elebakartasunaren ala eleaniztasunaren estrategia ideologikoaz. Bestea, ideologiaren arloan, marxismoaz. -Hi, dogmatismoaren aurka hago eta hire arerio guzti horiek baino marxistagoa haiz- esan izan nion. Eta berakOrain ez nago modan- edo holakoren bat erantzun ohi zidan. Zalantzarik gabe, inon kokatzekotan existentzialismoan kokatu beharko genuke, Camus, Bergson eta batez ere Sartrerekin batera, baina edonola ere sen intelektuala eta grina politikoa zeukan pertsonaia zen. Baina politikagintzaren arloan, zeharkako edo transbertsalitatea adierazten duten jokabideak mesfidantza sortzen zioten beti, «Felipe» zelakoarekin jasotako desengainu eta porrotengatik.

Urteurren honetan argitaratu diren hiru liburu Euskalgintza, Intelektuala eta Gizartea eta Kronikak, interesgarriak ez ezik, irakurtzeko gustagarriak iruditu zaizkit, baina zalantzarik gabe, Txillardegiren nortasuneko «katalizadorea» beti euskal politika ezkertiar eta aurrerakoiaren sena izan zen.

Donostiako Udal Liburutegiari bere izena jartzea izan da berriro ere Txillardegiren gertukoek egin eta astindu duten aldarrikapena. Donostiako Goia alkateak eta ildo beretik Jaurlaritzako eledun Zupiria jaunak ezezko erantzun miserable bat eman diote eskariari eta horretan nola Mikel Albisuren jazarpen kasuan «zuriketaz» mintzatu dira. Nik gogora ekarri nahiko nituzke hemen sektarioa eta alderdikoia iruditzen zaidan jarrera horren aurka gertakizun xume eta bitxi pare bat:

Txillardegiri egindako omenaldietako bat Donostiako Udal Liburutegiko sotoan ospatu zen. Erauntsi ikaragarria bota zuen egun hartan eta gu, bi lagun Iruñetik joanda, blai eginik iritsi ginen. Sartu orduko norbaitek kargua hartu zidan ea zergatik Euskaltzaindiak ez zuen Txillardegi euskaltzain oso izendatu galdetuz. Nik ahal nuen azalpenak eman nizkion baina ez ziren han bilduta zegoen jendearentzat asegarriak gertatu. Orduan Ramon Labayenek, Donostiako alkate ohiak alegia, zutitu eta bota zuen: «Euskaltzaindiak ez zuen Txillardegi merezi». Izan ere Labayen Txillardegiren adiskide eta mireslea baitzen. Oraingo Donostiako alkateari eta bera bezala ari direnei ere gauza bera esan beharko litzaieke. Goiak eta Zupiriak ez dute Txillardegi merezi. Etorriko dira bestelako garaiak.

Azken bi urteetan argiturik gelditu den Txillardegiren beste emaitza bat euskararen batasuneko ekarpena izan da; besteak beste, Davantek emandako lekukotasun garrantzitsuari esker. Euskaltzaindiak Arantzazun 1968an onartutakoa, lau urte lehenago Baionan, zortzi lagunek taxututakoa izan zen. Zailtasunak ikaragarriak izan ziren eta kontrakotasunak ere bai. Zalantzarik gabe gainera, egindako urratsak berrazterketa sakonak izango dituzte datozen urteetan baina gaur egungo euskal literaturak eta euskararen erabilerak frogatzen du hil ala bizikoa izan zela apustu hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.