Albistea entzun

TOKIO 2020. Txirrindularitza

SUFRITZEN ERE GOZATZEN DU

Bihar jokatuko da gizonezkoen errepideko proba. Ibilbide gogorra da, 234 kilometrokoa, eta bero eta hezetasun handia izango da. Omar Fraile eta Izagirre anaiak ariko dira lehian.

Omar Fraile musukoarekin, Tourreko etapa amaiera batean.
Omar Fraile musukoarekin, Tourreko etapa amaiera batean. CHRIS GRAYTHEN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon - Berriemaile berezia

2021eko uztailak 23

«Gogorra eta luzea». Halaxe definitu du Omar Frailek (Santurtzi, Bizkaia, 1990) bihar errepideko proban txirrindulariek heldu beharko dioten ibilbidea (04:00). Datuak horren erakusgarri dira: 234 kilometro eta 4.865 metroko desnibela. Horri egingo duen hezetasuna eta beroa gehitu behar zaio: 31 gradu eta %66ko hezetasuna. «Sei ordu egingo ditugu bizikleta gainean. Baina halako lasterketak hain dira ederrak, sufrimendu eta gogortasun hori bigarren mailan geratzen baita. Nik, behintzat, disfrutatu egiten dut», esan du Astana taldeko ziklistak.

Frailerekin batera, Ion eta Gorka Izagirre anaiak izango dira beste bi euskal ziklistak: «Ion oso ondo ibili da Tourrean, eta Gorka oso gogor entrenatu da etxean. Sekulako lana egin du». Alejandro Valverderi laguntzera doaz hirurak: «Gero ikusiko da nola doan lasterketa, baina, printzipioz, hori izango da gure egitekoa. Haren inguruan osatu da multzoa».

Gakoa azken bi mendateetan egongo dela uste du. Mikuni Pass (1.171 metro) igo beharko dute helmugarako 33 kilometro falta direla, eta Kagosaka Pass hogei falta direla. 1.100 metro ditu azken gain horrek. «Hortik aurrera, ibilbidea ez da horren gogorra. Baina ikusi beharko da horra ihesaldiren bat iristen den aurretik, edo tropel txiki bat».

Horri lotuta dago estrategia, selekzio bakoitzak bost kide baititu gehienez: «Fin ibili behar dugu erabakietan. Ikusi beharko dugu komeni zaigun ihesaldietan sartzea edo horiek bertan behera uztea». Helburu argia dute: «Azken txanpara ahalik eta gehien iristea izango da, Alejandro babesteko». Baina ez da erraza izango: «Hasierako zatian txirrindulari batek egon beharko du ihesaldien adi, eta ondoren, beste bik. Lan egitea egokituz gero, zaila izango da horiek azken kilometroetara multzoarekin iristea. Beraz, bat edo bi baino ez dira iritsiko une erabakigarrira».

Ibilbidearen gogortasuna alde batera utzita, bero eta hezetasun handia izango da: «Lasterketa motzagoa izan balitz, horrek ez luke horrenbesteko eraginik izango. Baina kasu honetan, sei ordu baino gehiago egingo ditugu bizikleta gainean, eta baldintza horietan arriskua dago karranpak edo sabeleko arazoak izateko. Ondo neurtu behar dugu zenbat edaten dugun, tripa nahi baino gehiago ez betetzeko. Baina, aldi berean, deshidratatzeko arriskua saihestu behar dugu». Karranpei dagokienez, uste du «abantaila» dela Tourrean aritu izana: «Lehiaketa erritmoa dugu, eta azken kilometroetan hori eskertu egiten da»

Selekzio indartsuen artean Frantzia, Italia, Belgika eta Eslovenia azpimarratu ditu: «Askok ez dute aipatzen, baina, ibilbidea ikusita, ziur Kolonbiak ere lan ona egingo duela». Ez du dudarik Tadej Pogacar, Greg van Avermaet, Remco Evenepoel, Wout van Aert, Richard Carapaz, Primoz Roglic eta halako txirrindulariak hortzak ondo zorroztuta irtengo direla. Garaipen gose handia dute guztiek. Hutsuneen artean bi izen daude: Mathieu van der Poel eta Julian Alaphilippe.

Hilabete etxetik urrun

Frailerentzat «ametsa» da Olinpiar Jokoetan aritzea. Tourrean lehiatu eta gero, «ondo» ikusten du bere burua: «Normalean, beti iritsi izan naiz ondo hiru itzuli handietako azken astera. Baina oraingoan banuen beldur apur bat. Izan ere, azken atseden egunean nahiko nekatuta antzeman nuen neure burua. Baina hurrengo egunean ikusi nuen ez zela horrela. Fresko sumatzen ditut hankak. Ondo nago. Tourrean disfrutatu egin dut psikologikoki eta fisikoki».

Gainera, sasoia ondo doakio: «Oso sartuta ikusten dut neure burua. Garaipena iristea kostatu egin zen. Baina ailegatu zen azkenean hori ere». Orain, helburua Tourreko sasoia bihar arte luzatzea da: «Gogorra da hilabete oso bat segidan lehiatzen aritzea eta etxetik kanpo egotea. Baina, oraingoz, merezi du».

Tourra amaitu eta berehala Tokiora egin zuten hegan. «Nekea dela eta, guztiok dezente ondo lo egin genuen bidaian». Txirrindularitza proba ez da Tokion bertan jokatzen. Beraz, ez daude olinpiar hirian, hotel batean baizik: «Lehen eguna, ordu aldaketa tarteko, nekagarria izan zen. Pare bat orduko entrenamendu arina egin genuen». Jada gertutik ikusi dute nolakoa den ibilbidea, eta espero zutena berresteko balio izan die: «Azken igoera oso gogorra da, eta ibilbidea, oro har, bihurria».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

SEIGARREN UZTAIA | Maialen Chourrauten adierazpenak

«38 urte dauzkat. Azkarrena ez nintzen izango, baina esperientzia handiena duena, bai»

Igor Susaeta

Maialen Chourrautek falta zitzaion domina lortu du: zilarrezkoa. Lasarte-Oriako piraguista bigarren tokian sailkatu da emakumezkoen eslalomeko K1eko proban. Olinpiar Jokoetan domina gehien irabazi dituen euskal kirolaria da: hiru.

Ander Elosegi, Tokioko Olinpir Jokoetan ©Enric Fontcuberta, EFE

«Emaitza ez da hain ona, baina egindako lana bai»

Jakes Goikoetxea, Berriemaile berezia

Ez du lortu nahi zuen emaitza, baina, hori alde batera utzita, bere gaitasunen neurriko jaitsiera egin ez izanaren sentsazioa geratu zaio. Hala ere, uste du ondo prestatuta iritsi dela eta jaitsierak ondo planteatu dituztela.

Maialen Chourraut, Tokioko Olinpiar Jokoetan. ©Enric Fontcuberta, EFE

Zirkulua biribildu du

Ainara Arratibel Gascon, Berriemaile berezia

Maialen Chourraut Olinpiar Jokoetan garaipen zerrendarik onena duen euskal kirolaria bilakatu da, zilar gogoangarri bat lortuta. Jaitsiera erabakigarrian azken txanpa ikusgarria egin duelako lortu du domina. Hunkituta azaldu da.

Virginia Diaz eta Aina Cid arraunlariak ©Raul Bogajo, Foku

Diaz finalerdian lehiatuko da bihar

Oihane Puertas Ramirez

05:30ean izango da Diazen txanda, lemazainik gabeko bikoteko proban. 11 euskal kirolari lehiatuko dira bihar, eta Kevin Peponneten lehenengo lasterketa izango da Tokioko Olinpiar Jokoetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.