'Jakin' aldizkariak gazteak eta politika ditu ardatz zenbaki berrian

Testu nagusiak egungo gazteen «ustezko axolagabekeria» aztertzen du. Politikan aktiboki parte hartzen duten bost gazteren iritziak bildu dituzte

Olatz Enzunza Mallona.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Gazte gera gazte, eta ez gaude konforme». Hala zioen Lourdes Iriondo kantariak Ez gaude konforme abestian. Azkenaldian, gazte axolagabe eta indibidualistaren estereotipoa hedatu da gizartean, eta, era berean, agerikoa da hainbat esparrutan zabaldu den gazteen parte hartzearen inguruko kezka. Zehazki, politikan duten partaidetza aztertu nahi izan du Jakin aldizkariak 243. zenbakian. Gazteen ustezko axolagabekeria aletu dute hainbat adituk, eta parte hartzeko hainbat modu daudela ondorioztatu dute.

EHUko Parte Hartuz ikerketa taldea arduratu da gaiaren inguruko azterketa kualitatiboa egiteaz. Oraingo gazteak axolagabe? Gazteen eta politikaren arteko harremanak aztergai izenburupeko testua osatu dute Ane Larrinaga Renteriak, Iker Iraola Arretxek, Onintza Odriozola Irizarrek, Mila Amurrio Velezek, Julen Zabalo Bilbaok eta Maddalen Epelde Juaristik. Bertan azaldu dute gazteen eta politikaren arteko harremana hainbat modutara irudikatu izan dela garaiaren eta testuinguru sozialaren arabera. Eta gaur egun «gazte axolagabe eta indibidualisten estereotipoa» zabaldu bada ere, ikerketa aurrera eramateko elkarrizketatu dituzten 63 gazteek bestelako irudi bat agertzen dutela, «sakonagoa eta konplexuagoa». Izan ere, gazte horiek politikari ematen dizkioten esanahiak eta esparru politikoan gauzatzen dituzten praktikak ezagututa, Euskal Herriko «tradizio aktibista» transmisio kate gisa ageri da, «pribilegiozko ezaugarri» identifikatzeraino, adituen hitzetan. Bestalde, politikan ez parte hartzeko arrazoien artean, bitarteko sozialen urritasuna nabarmendu dute. Gainera, kontrakoa uste izan arren, gazteek indibidualizazioa eta zentzu kolektiboa uztartu egiten dituzte euren esperientzietan.

Halaber, Andoni Olariaga filosofoak garai postmodernoetako krisiak aztertu ditu Garai baten mugetan izeneko artikuluan, eta gazteen kultura eta jokabide politikoari testuinguru soziohistoriko bat eskaini. Euskal Herritik begiratuta, «utopietatik distopietara» igarotzean politika lantzeko zer lur geratzen den atzeman nahi izan du egileak testuan.

Testigantzak, lehen eskutik

Aldizkariko zenbaki berriko protagonista nagusiak gazteak izanik, Konpromisoa krisi garaiotan atalean, gazteen testigantzak jaso ditu Ander Barandiaran Nafarroako Gazte Parlamentuko teknikariak. Hain zuzen ere, politikan modu aktiboan parte hartzen duten bost gazte elkarrizketatu ditu Barandiaranek: Aitana Agirre (EGI), Iñigo Etxezarreta (LGTBIQ+), Izar Hernando (Ernai), Unai Martinez (GKS) eta Naiara Rodriguez (mugimendu feminista). Askotariko gaien inguruan luze eta zabal hitz egiteko baliatu dute elkarrizketa, eta beste gai batzuen artean, politikaz, politika instituzionalaz, euskal nazioaz eta hizkuntza auziez mintzatu dira bost gazteak.

Horiekin batera, aldizkariari amaiera emateko, Maialen Akizu Bidegain bertsolariak, Jaime Altuna Ramirez irakasleak eta Iñigo Martinez Peña irakasleak kulturari, soziolinguistikari eta pentsamenduari buruz hausnartu dute, hurrenez hurren, Egunen gurpilean atalean.

Aurreko aldizkarietan egin bezala, 243. zenbakia ixteko ere, Unai Iturriaga bertsolari eta irudigileak ondu du kontrazala, gai nagusiaren haritik tiraka, eta begirada ironikoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.