Argentina. Abortuaren legea. Nelly Minyersky. Abokatua

«Sexualitatea oraindik ere estu lotzen da ugalketarekin»

Familia Zuzenbideko adituak uste du 2018ko ahaleginak ugalketaz hitz egiteko aukera sortu zuela; izan ere, «modu absurdoan» ezkutuan zegoen ordura arte gaia, funtsezkoa izan arren.

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Nelly Minyerskyk 91 urte ditu (San Miguel de Tucuman, Argentina, 1929); abokatua da, Familia Zuzenbideko aditua, eta Buenos Airesko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasle aholkularia. Abortatzea legezkoa, segurua eta doakoa izateko eskubidearen alde egiten ari diren kanpaina nazionalaren parte da bera ere, eta, BERRIArekin eginiko elkarrizketa honetan, giza eskubideei lotutako kausen alde egin duen ibilbide luzeaz mintzatu da.

Zer ibilbide egin duzu Argentinako Abortuaren Legearen aldeko borrokan?

Diktadura baten baino gehiagoren menpe bizi izan naiz ni. 40ko hamarkadako gerrak ere eragin zidan, zeren gure aitak, euskal-frantses jatorrikoa bera, Europan baitzeukan familia. Betidanik izan dut joera, neurez, giza eskubideak defendatzeko, eta, familia zuzenbidea zela medio, emakumea diskriminatzen zuten lege guztien berri izan nuen. 1994an, nazioarteko zenbait hitzarmen sartu ziren Argentinako Konstituzioan, hala nola Emakumeak Diskriminatzeko Modu Guztiak Deuseztatzeko Ituna, eta, horrela, eskubide batzuk lortuz joan ginen: esaterako, dibortzio binkularrarena, guraso erantzukizunarena eta adulterio delitua bertan behera uzteari buruzkoa.

2015ean kode zibil berria idatzi zuten, baina ordura arteko egitura juridikoak mugatuta zeuzkan emakumeen eskubideak. Gaur egun ere, oraindik, oso atzera gaude sexu eta ugalketa eskubideetan, abortatzeko eskubidearen esparruan batik bat. Beraz, nahiz eta emakumeak borrokan ari diren eskubide horiek hedatuz joan daitezen, ezingo dugu geure burua herritartzat hartu harik eta beste eskubide horiek geuretu arte. Penalizazioak albo ondorio lazgarriak ditu, azken batean esaten baitizu sexualitatearekin zerikusia duen guztia lotsatzekoa dela, eta kulpante sentitzekoa. Ez dugu eskubiderik ez plazererako eta ez gozamenerako, eta, gainera, sexualitatea oraindik ere estu-estu lotzen da ugalketarekin.

Diputatuen ganberako batzordeen eztabaidan parte hartzera deitu zintuzten. Zer moduz joan ziren eztabaidak?

Eskubideen kontrako militanteek ez dituzte aipatzen giza eskubideen inguruko hitzarmenak, eta, aipatzen dituztenean, erdizka baino ez dituzte aipatzen. Gauza bitxia da oso, zeren enbrioiaren ustezko eskubideez jarduten dute, baina ez dago enbrioia defendatzen duen itunik. Marketin diskurtso txukuna daukate, baina batere zintzoa ez, bi bizitza daudela esaten dute eta. Baina ez daude bi bizitza; hori esaten duten guztiei desafio egiten diet ea kapazak diren erantzuteko: probeta batean enbrioi bat baldin badago, eta horren ondoan ume bat hezur eta mami, bietako zein salbatuko dute larrialdi batean?

Biologia aldetik ere, kezkatzen nau zer ikuspegi partziala duten. Diskurtsoak aztertuz gero, ikusiko duzu ez dutela emakumea babesten. Orain, lelo gisa hartu dute emakume pobreek ez dutela abortatu nahi, baina badakizu zergatik emakume pobreek batzuetan ez duten abortatu nahi? Inortxok ere ez dielako sekula beste biderik erakutsi bizitzan, ez prebentziorako biderik, ez heziketarik. Hori dela eta, amatasuna goresten dute beren diskurtsoan, baina benetako babesik ez dute.

Bi proiektu aurkeztu ziren, gobernuarena bata eta Kanpainarena bestea, eta azkenean onartu denari lehen onespena emana diote diputatuek…

Oso konforme nago proiektuarekin. Egokiak dira bai haren edukiak, bai ezartzen dituen arauak. Argi zegoen kontzientzia eragozpenarena sartu egingo zutela. Kanpainak ez zuen sartu, eta, beraz, borroka egingo dugu inork eragozpena duela esaten badu, hori oztopo izan ez dadin. Horri oso adi ibili beharko dugu, eragozpena da-eta legearen ondorioei ihes egiteko erabiltzen diren baliabideetako bat. Eragozpenarena legean sartzen bada, legea osatu beharko da horrek emakumeari sekula kalte egin ez diezaion.

Beraz, hori argi eta garbi geratzea nahi dugu: profesional horrena da ardura harik eta beste profesional batek ardura hartu arte. Eta norbait 300 kilometrora dagoen hiri batera bidaltzea ez da bermea, zeren seguru pertsona horrek ez duela dirurik 300 kilometro horiek egiteko. Italiari, beste adibide bat ematearren, zigorra jarri zion Europako Auzitegiak, hango eskualde batzuetan denak direlako kontzientzia eragozleak. Hori arriskutsua da. Guk zera nahi dugu: instituzioan beti egotea norbait praktika hori egiteko prest egongo dena.

Zer aldatu da 2018arekin konparatuta? Uste duzu abortuarena lege bihurtuko dela 2020 honetan?

Iruditzen zait baietz, lege bihurtuko dela. 2018koa, funtsean, epika bat izan zen, eta horixe aldatu da ordutik ona, nik uste. 2018an, curriculumak aldatu ziren unibertsitateetan, hitz egin zen, eta armairutik atera zen jendea. Alegia, sexualitateaz eta ugalketaz hitz egiteko modua sortu zen, ordura arte ezkutuan baitzegoen gai hori, modu absurdoan, zeren gauza funtsezkoa baita bizitzan. Eta amonek kontatu ahal izan zuten izeba edo birramona abortu baten ondorioz hil zela.

Nire ustez, oso bestelako giroa sortu zuen horrek. Epika hark milioika pertsona aterarazi zituen kalera, baina, tamalez, ez dakit orain berriz halakorik gertatuko den, pandemia dela medio. Kanpainakook, koherenteak eta etikoak garenez, kalera deitzen ditugu herritarrak, baina behar bezain kontuz ibiltzen gara eta behar diren protokoloak betetzen ditugu.

Aldatu den beste gauza bat: aurreko aldi hartan, presidente batek eman zuen modua debatea piztu zedin, Macrik alegia, baina biharamunean esan zuen bera biziaren alde zegoela. Zorionez, aurre egin genion erronkari, eta zin-zinezko iraultza sozial bat sortu zen; sakon aldatu zen kontzientzia soziala. Era berean, konturatu ginen benetan den bezala hartu zela auzia, kontua ez dela abortua bai edo abortua ez, baizik askoz ere arazo sakonagoa dela, zerikusia duena libertatearekin, berdintasunarekin eta autonomiarekin.

Horren ondorioz atera ziren milioi bat baino gehiago kalera, gazteak batez ere, zapi berdea jantzita. Beraz, nik espero dut lege bihurtuko dela. Ea 2020a gogoan izaten dugun pandemiagatik ez ezik baita Argentinak pauso handi bat eman eta demokraziarekin zuen zorra kitatu zuelako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.