Koronabirusa

Bentak. Tabakoa, alkohola eta tabako gehiago

Ireki dute Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga, eta bezeroz bete dira berriz ere bentak. Behobian, Okzitaniatik etorritako jendeak ilara luzeak eragin ditu estankoen aitzinean, prezioak erakarrita

Jendea tabako denda baten aitzinean, atzo, Behobian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Behobia
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Malboro zigarret zorro batek ia 90 euro balio du Frantzian, eta, hemen, 50 bat euro». Michel Merignac Paueko (Okzitania) herritarra Tabacos Tellechea dendaren aitzinean da, lerroan, zain. Baina ez da bakarra: Urruñako Pausu auzoarekin (Lapurdi) mugakide, Behobia auzoan (Irun, Gipuzkoa) dagoen denda ttipi bat da Tellechea, eta barneko bi langileak etenik gabe ari dira tabako pakete handiak saltzen. Bi ate ditu saltokiak, eta bi aldeetara ditu ilarak. Luzeak, 11:00etan. Baina berdin segitzen dute 12:00etan. «Nik utzia diot erretzeari, baina nire lagunarentzat etorri naiz zigarretak erostera. Bi zorro-edo erosiko ditut». Alegia, 20 tabako pakete. «Donibane Lohizunen izan naiz asteburu-pasa, eta bidaia baliatu dut gaur hona etortzeko». Baina lehenago ere bazuen ohitura: «Tarteka etortzen naiz hona edo Dantxarineara. Merezi du, bertzela tabakoaren dirua errauts bihurtzen baita segidan. Pozik gaude muga ireki dutelako».

Merignacen hitzek ederki aski laburbiltzen dute atzo Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugaren irekierak eragin zuena. Poliziaren kontrolak igandean kendu zituzten Santiago zubitik, eta hesiak, berriz, Behobiakotik. Atzo, astelehena, goiz osoanetengabea izan zen autoen joan-etorria Behobiako zubian, eta aparkatzea ere zaila zen Bidasoa ibaiaren Gipuzkoako aldean. Merignacen gisan, Okzitania aldetik etorritakoak ziren bezeroetako anitz: Landetatik ugari, eta baita urrunagotik ere. «Arroxelatik etorri gara», azaldu dute bi emakumek. «Zertara? Zigarretak erostera» diote irriz, ebidentziaren ebidentziaz; baina euren burua desenkusatuz: «Ez gara horretara bakarrik etorri, e? Hossegorren geunden asteburu-pasa, eta...».

Saltzaileak, gainezka

Tabako denden ondoan, alkohola eta bertzelakoak saltzen dituzten dendak ere gainezka, nahiz ez hainbertze. «Lan asko izaten ari gara, eromena da», azaldu du Juan Villalobosek. Banatzailea da, eta aldi baterako lan erregulazioan pasatu ditu hiru hilabete: «Hemengo bezeroak nagusiki frantsesak dira, eta, muga itxita...». Ricard kutxa botiladunak pilatzen dabil bata bertzearen gainean, horiexek baitira bezeroen amu nagusia. «Alkohola, tabakoa, eta litxarreria batzuk ere bai».

Pareko supermerkatuan ere gelditu ezinik dabiltza langileak. «Denetarik saltzen ari gara», azaldu du enkargatuak. Bertze egunetatik alderik nabaritu duen galdetuta, irribarrez erantzun du: «Hainbertzekoa da diferentzia, ezen ezin bainaiz gelditu ere egin zurekin minutu batez mintzatzeko. Ikusten duzu, ezta?», bezeroei begira. Erosleak, «denetarik» erosten bai, baina tartean nagusi, bi litroko alkohol botilak: Pastis-a, vodka...

Denda guztien artean dagoen ostatukoak ere barkamena eskatu du, gelditu ezinagatik: «Gure taberna da irekia dagoen bakarra. Bertze egunetan ere irekia nuen, e!». Baina nabari da diferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.