Hidroituango megaproiektua

«Hondartzak gauetik egunera militarizatu zizkiguten»

Blanca Giraldo. Hidroituangoren azpiegitura eraikitzeko lanen ondorioz, bizitokia utzi behar izan zuen, eta zentralaren aurka aritzeagatik ere mehatxuak jaso ditu hainbat aldiz.

Blanca Giraldo, Toledon, urtegia dagoen ingurura begira. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Toledo
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Lau desplazamendu kode onartuta dauzkat... eta zenbat lekualdatze edukiko ditudan aitortu gabe. Zeren salaketak jartzeaz ere nekatzen baita bat». Hidroituangoren obrek zein hari lotutako bortizkeria politikoak hainbatetan behartu dute Blanca Giraldo lekualdatzera: joan-etorriek eta gorabeherek blaitu dute bere mintzaldi irmoa. Ituangokoa da, baina egun ezin du herrian lo egin: «Bisitan joaten naiz, baina oso adi egon behar dut. Beldurra ere ematen dit tarteka». Toledon bizi da, eta maiz joaten da Rios Vivos mugimenduak han duen aterpetxera. Argi adierazi du nolako indarkeria pairatu duten: «Gatazka armatua oso lotuta dago megaproiektuarekin. Hemen gerra handi bat bizi izan dugu paramilitarrekin».

Ikusi gehiago:MEGAPROIEKTUAK ERAMAN DUENA

Cauca ibaiaren alboan bizi zen Giraldo, zentralaren obrek handik egotzi zutenean: «Umeak han bertan jolasten ziren... Orain dena dago urpean». 2010ean hasi ziren inguru hori husten, zentralaren azpiegitura eta inguruko errepideak eraikitzeko. «Gauetik egunera militarizatu zizkiguten hondartzak: esnatu eta armadako soldaduz beteta ikusi genuen gure bizitokia; egunean bertan alde egin behar izan genuen. Gure gauza guztiak eraman zituzten, eta gero ez zizkiguten eman».

2018an urtegian izandako istripu larriak ere ibaiertzean harrapatu zuen: «Bost familia bizi ginen gune hartan: animaliak genituen eta lurra lantzen genuen. Apiril amaieran ur maila igotzen hasi zen, eta maiatza hasi zenerako jada ezin ginen han geratu: mendian gora joan ginen, eta erreskatean etorri behar izan zitzaizkigun; kide batzuek zuhaitzetara igota eskatu behar izan zuten laguntza, trapu zuriekin. Animalia asko galdu zitzaizkigun». Ia urtebete egin zuen Ituangon aterpetxe gisa moldatutako kiroldegian, baina ez zuen kalte ordainik jaso: «Ez ginen erroldetan ageri».

Toledora mugitu zen, eta hotel batean garbitzaile hasi zen. «Jarraika nituela sentitzen nuen. Halako batean, ohartarazi zidaten ez gehiago kalterik egiteko megaproiektuaren prestigioari». Ez zen mehatxuak jasotzen zituen lehen aldia: «Hainbatetan jo naute, baita haurdun egonda ere. 2008an lau gizon etorri zitzaizkidan esanez alde egin behar nuela. Hiru hilabete egin nituen Medellingo harrera etxe batean, eta gero itzuli nintzen».

Haren ustez, megaproiektuak ez du ezer onik ekarri Ituangora: «Landa eremuko auzoetan, herritar gehienak lekualdatuak izan dira. Eta orain gosea dago herrian, prostituzioa, nerabeak talde armatuetan errekrutatzen dituzte... Nahiko nuke zentral hidroelektrikorik ez egitea beste inon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.