Pello Otxandiano. EH Bilduko Programa Zuzendaria

«Uste dut ez dela biguntzerik egon ezker subiranistan»

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Hauteskunde ziklo baten atarian dago EH Bildu, eta, Otxandianoren ustez, asko alda daitezke gauzak hemendik eta maiatzera arte. Haren arabera, egungo egoera sozialak «inoiz baino gehiago» baldintzatu ditzake hauteskundeetako emaitzak eta abstentzioa.

Udal hauteskundeak hurbil daude. Hasi al zarete kalkuluak egiten alkatetza duzuen herrietan? Aurreko hauteskundeetan Joseba Asironek gora egin zuen Iruñean, baina bere kideen beherakadak kalte egin zion.

Dena ez dago gure esku. Ikusi beharko da Podemosen espazioak zer bilakaera daukan. Askotan esan dugu Podemos desagertzea guretzat ez dela ona. Ez dugu nahi Podemosen espazioa geureganatu, besteak beste, aliantza politiko batzuetarako ezinbestekoa delako. Podemosek jakin behar du bere lekua garatzen, eta ez konpetentzian sartu EH Bildurekin. Oreretan, adibidez, legegintzaldi bat eginda, [EH Bildu] kontsolidatu egin da. Ikusi da bide interesantea dela eta jendeak saritzen duela. Uste dut Durangon eta Galdakaon aldaketa ikusi dela gauza zehatz eta nabarietan, eta politika egiteko moduan. Jendeak esan beharko du.

Ernaik «nazio pultsuaren beherakadaz» ohartarazi du. EH Bilduk badu horretan erantzukizunik?

Denok daukagu erantzukizunaren zati bat. Galera hori hainbat faktorerekin lotuko nuke. Alde batetik, euskal komunikazio sistema husten ari da, aktore globalengatik zein Espainiako komunikazio sistema xurgatzen ari delako. Azken hamarkadan trantsizio prozesu asko egon dira herri honetan, eta EH Bildu ere bada horren lekuko. Birkokatze ideologiko bat egon da, berrikuntza politiko-estrategiko-ideologiko oso bat, hainbat mugimendutan, eta ezker subiranistan ere bai.

Zein da konponbidea?

Gauza bat da hizkuntza eta hizkuntzaren berreskurapen prozesua, eta, hor, normalizazioaren aldeko diskurtsoan muga nabarmenak agertu dira. Diglosia egoera larri batean gaude, eta euskalduntze prozesuak behar ditu diskurtso berriak, konektatuko dutenak euskararen aldeko borroka bestelako emantzipazio borrokekin. Beste planoa da naziotasunaren planoa. Hitz egin dezakegu energia burujabetzaz, industriaren erronkez, ongizate egiturez... Ez badaukagu identitate komunitario bat, ez da posible izango. Identitate komunitarioa da edozein aldaketa prozesuren oinarria, eta azkenaldian albo batera gelditu da. Identitatearen defentsa deabrutu egin dute, irakurketa oso partzialak eginez, eta erori gara diskurtso batzuetan berdin balio dutenak hemen zein Valladoliden [Espainia]..

Espainiako Sekretu Ofizialen Legea. Zer iruditzen zaio EH Bilduri dokumentu batzuk 50 edo 65 urtera desklasifikatzea?

Onartezina, guztiz. Egia jakin behar da. Erantzukizun politikoak hartu behar dira, erreparazioa egon behar da, eta bermeak, berriro gerta ez dadin. Sekulako desoreka dago gatazkaren alde bati eta besteari exijitzen zaionaren artean. Zu ez bazaude prest gerra zikinak zer suposatu duen argitara ateratzeko, nik uste dut ez daukazula inolako zilegitasun etikorik beste inori ezer eskatzeko. Hemen alde batek bide bat egin du: erantzukizun politikoak asumitu ditu, eta sortutako kaltea erreparatzeko lana egin, gertatutakoa berriro gerta ez dadin. Beste aldea ari da pausoak ematen kontrako norabidean.

Aipatu duzu «birkokatze ideologiko bat» egon dela ezker subiranistan. Uste duzu militante batzuek biguntze prozesu baten moduan hartu dutela?

Badaude diskurtsoak hori leporatzen diotenak ezker subiranistari. Nik uste dut ez dela egon biguntzerik. Agian, egon da zailtasun bat mugimendu oso bat garai berri batera ekartzeko, eta hipotesi estrategikoa eta oinarri ideologikoak birkokatzeko, mundua eta gizartea aldatu direlako. Zalantzarik gabe, iraganean bizi izan duguna oso gogorra izan da. Horrek markatzen ditu pertsonak eta taldeak, eta transformazio horiek oso zailak dira. Bide hori kostatu da.

Zer lortu nahi du EH Bilduk?

Planteamendu argi bat dago: neoliberalismoaren aurkako egitasmo eraldatzaile bat da, herrien burujabetzaren aldekoa eta mugimendu emantzipatzaile globalak —feminismoa, ekologismoa eta hizkuntza gutxituena— artikulatu nahi dituena. Horretarako, nazio proiektu batek ematen dizu euskarria. Garai berri hauetan non dena aldatu den —hipotesi estrategikoa— substantzia berbera da gaur egun ere. Proiektu erradikal bat dago bilatzen duena errotiko bilakaera soziala, eta lotzen zaiona herri honi. Hori jendearekin batera egin behar da, eta planteamendu deklaratorioak eta autoerreferentzialak atzera begirakoak dira, erreakzionarioak. Gu ez gaude horretarako, eta horrek eskatzen du kontraesanak kudeatzea. Ikasketa prozesu batean egon gara eta gaude, baina, zalantzarik gabe, jarraitzen dugu betiko lekuan eta betiko helburuekin.

Ikusi gehiago: «Egoera honetan enpresek ez lituzkete dibidenduak banatu beharko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.