Pello Otxandiano. EH Bilduko Programa Zuzendaria

«Egoera honetan enpresek ez lituzkete dibidenduak banatu beharko»

Energia krisia eta haren arrazoiak estrukturalak direla uste du Otxandianok, eta sakoneko neurriak proposatu ditu hari aurre egiteko. Euskal Herriak eraginkortasun energetikoaren aldeko 'Marshall plan bat' behar dela uste du, etxeetan zein industrian.

JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ekonomia gaiak dira nagusi aurtengo udako solasaldi eta eztabaidetan: energia neurriak, deflatazioa, atzeraldia... EH Bilduk ere hainbat arauri buruzko bere iritzia plazaratu du, eta Pello Otxandianok (Otxandio, Bizkaia, 1983) luze eta zabal azaldu ditu: «Garai hauetan tokian tokiko komunitate energetiko bat antolatzeak daukan balio politikoa izan daiteke bere garaian ikastola bat sortzeak zeukanaren antzerakoa».

Haserre azaldu zarete aldundiek iragarritako deflatazioarekin. «PPk adierazi dion bidea da». Zergatik diozue hori?

Bi arrazoirengatik. Batetik, neurri erregresiboak direlako. Deflatazioaren ideia da inflazioarengatik dagoen zor bilketaren handitze hori herritarren poltsikoetara bideratzea, bainaerrenta tarte guztietara modu berean egiten bada, inflazioak sortzen dituen ezberdintasunak sakontzen ari zara. Errentarik txikienei ia ez die lagunduko, ezta herritarrik zaurgarrienei ere, haiek ez baitira iristen errenta aitorpena egitera. Hori da Isabel Diaz Ayusok Madrilen proposatu duen bidea, eta PPk Jaurlaritzari eskatu diona. Bestetik, neurri hauek behin-behinekoak dira. Uste batean oinarritzen dira, hazkunde ekonomikoak jarraituko duela, eta zergen bidezko gainbilketak jarraituko duela, bainaezin da ziurtatu. Guk argi dugu garai honi ezin zaiola aurre egin behin-behineko neurriekin; hau ez da behin-behineko egoera bat.

Deflatazioak ez al die laguntzen diru sarrera ez oso handiak dituzten herritarrei ere? Sindikatuek, esaterako, motz geratu delako kritikatu dute, ez duelako inflazio osoa kontuan hartu...

Errenta zati handiei eragingo die, ez txikienei. Onargarria da errentatxikientzat, azter daiteke ertainekin, baina onartezina da handientzat. Horrela aplikatzea ezberdintasun sozialak sakontzea da.

Udazkenean krisi handia dator, ala ez da hainbesterako izango? Zer diote zuen aurreikuspenek?

Ezin gara erori planteamendu kolapsistetan. Baina egia da beste garai batean sartu garela, anabasa ekonomiko handiko garai batean. Besteak beste, bizi dugun krisi honetan badago egoera estruktural bat guztia aldatzen duena, edo gutxienez badaude hiru ezaugarri. Bat, planetaren muga biofisikoarekin talka egiten ari gara. Bi, azken 200 urteetako ezberdintasun sozialik handienak sortzen ari dira; eta hiru, bukatzen ari da erregai fosil merkeen aroa. Udazkenera begira badaude zantzuak esateko gauzak are gehiago tenkatuko direla, hainbat faktoreren arabera: gerra, interes tipoa, krisi politikoak... Ezagutu gabeko testuinguru batzuk ezagut ditzakegu, gas gabezia eta halakoak.

Udazkenean lan negoziazio asko etorriko dira. Erosketa ahalmena bere osotasunean mantentzea posible al da?

Erosketa ahalmenaz bainoago, ongizate oinarria bermatzeaz hitz egin beharko genuke...

Baina, neurgailu ofiziala KPIa da.

Bai, baina ñabardura bat lehenbizi, ezkerreko ikuspegitik beste indize batzuk erabili behar ditugu. Kontraesana da ikuspuntu ekologiko batetik kontsumo eta ekoizpen ereduak aldatu behar ditugula esatea eta jarraian erosketa ahalmena mantentzea izatea gure lehen helburua eta bakarra.

Galderara itzuliz, enpresen irabazien inguruko ariketa bat egin behar da. Enpresen irabazien zati bat doa soldatetara, eta ongizate hitzarmena aurkeztu genuenean interpelazio bat egin genion Confebaski. Hark dio «etengabeko ziurgabetasun aro» batean gaudela eta soldaten igoera baino garrantzitsuagoa dela irabaziak berriz ere inbertitzea enpresetan: giza kapitalaren sorreran, ikerketan... Guk interpelazio bat egiten diogu planteamendu horri. Lehenbizi Confebaskek konpromiso bat hartu behar du dibidenduak ez banatzeko, eta planteamendua izatea enpresek sortzen duten aberastasuna enpresetan geratzea. Hori jendaurrean esatea laguntza handikoa litzateke akordioak lortzeko. Egia da sektore eta enpresa guztiak ez direla berdinak. Batzuek ez dute mozkinik eta beste batzuek, aldiz, inoizko irabazirik handienak dituzte. Hemen, gerrikoa estutu behar da, baina beti langileei eskatzen zaie, eta enpresa batzuk, bitartean, irabazi handiak lortzen ari dira.

LAB sindikatuak hainbat forotan sartzea erabaki du: Lanbiden, Osalanen... Atzean ezker abertzaleak erakundeetan sartzearen estrategia dagoela ikusten duenik badago.

Ezker abertzaleak ez dauka estrategia bat erakundeetan sartzeko, estatu bat eraikitzekoa baizik. Nazio eraikuntza prozesu garaikide bat nahi badugu, ahal beste botere esparru herrigintzaren zerbitzura jarri behar dira, eta hortik estatugintza abiatu. Eta hori bada estrategia, egon behar dugu foro guztietan eta botere eremu guztietan. Berdin balio du Lanbidek, kooperatiben artekaritza batzordeak edo eskoletako zuzendaritzak.

Zergatik orain bai eta duela bi edo lau urte ez?

Estrategia hau ezker abertzaleak aspaldi idatzi zuen txostenetan. LABen kasuan ez dakit zein izan den zehazki gogoeta. Foroetan egoteak ez zaitu baldintzatzen gero beste estrategia batzuk garatzeko, baina ez egoteak zer zentzu dauka? Aldarrikapenak foro guztietara eraman behar dira. Indar harremanak borroka kulturalarekin eraikitzen dira, eta horretarako behar da estrategia sindikal bat. Baina ez dena bakarrik kontraboterean oinarritzen, nolabait ELAk planteatzen duen estrategia horretan. Horrek behar du beste hanka bat, eta hori da foroak herri eraikuntza prozesu baten zerbitzura jartzea.

ELA aipatu duzu. Haren kritikek mintzen zaituztete?

Ez, inondik inora. ELAk kritikatzen duen bezala, ELA kritikatu daiteke. Ez du balio, ordea, kritika egitea eta ondoren kritika jasotzeko zailtasunak izatea. ELAk ze kritika egiten dion EH Bilduri jakina da, eta EH Bilduk ELAri ze kritika egiten dion ere bai. Orduan, ez dago inolako arazorik.

Espainiako Gobernuak alde batera utzi du zerga sistema erreformatzeko saioa, eta Jaurlaritzak eta aldundiek agindu zuten erreforma atzeratzen ari da. Zer uste duzue zuek?

Zerga sistemaren inguruko debatea mundu mailan irekita dago, beste kontu bat da hari ekiteko ze ausardia dagoen. Enpresa energetikoen eta bankuen ezohiko irabazien inguruko zerga horrekin ate bat ireki da, eta ez da gutxi. Ikusi dugu zein izan den Josu Jon Imaz eta halako jendearen erreakzio biszerala. Urkulluk ere ez zuen gaiaren inguruko galdera erantzun nahi izan. Neurri horrek izan beharko luke energia sektorearen gaineko interbentzio publikoaren lehen urratsa, eta baita zergen inguruko eztabaidarena ere.

Parlamentuan asko leunduko duten beldur al zarete?

Ezohiko irabazien zerga? Uste dut Sanchezek aukera bakarra daukala. Urte eta erdi falta zaio legegintzaldia amaitzeko, eta erakusten du ezkerrak benetan balio duela, baduela planteamendu alternatibo bat, edo eskuina etorriko da, eta kito. Kontrako jarrerak oso indartsuak izango dira, eta ikusiko da lobby eta oligarkiahorrek zein gaitasun duen instituzioak eta alderdiak baldintzatzeko. EAJ, esaterako, bere planteamendu energetikoen oso menpekoa da, Josu Jon Imaz ordezkari dutenak. Edo ezkerrak demostratzen du horren gainetik dagoela interes komuna bermatzeko, edo bestela eskuina etorriko da atzetik, eta ez edozein eskuin.

Energia aurrezteko hainbat neurri aurkeztu dituzte. Ze iritzi duzue? Zer egingo zenukete?

Energia kontsumoaren murrizketa handi baterantz goaz, behartuta gainera, ez da hautu ideologiko bat izango. Kontua da prestatuko garen ala ez. Ekonomiaren eta gure bizitzen esfera materiala murriztu beharko da. Planteatzen ari diren neurri batzuk badira hazkunde osteko ekonomia baten lehen zantzuak. Estrategia energetiko bat behar da, neurri bakan eta partzialekin ezin zaio aurre egin. Eraginkortasun energetikoaren aldeko Marshall plan bat behar da: eraikinetan, mugikortasunean... Euskal industriak zer eta nola ekoitziko duen erabaki behar du, sektore batzuk gain behera etorriko baitira. Automozioaz ari naiz. Aldatzera doa, eta auto kopurua asko murriztuko da.

Parke eoliko eta fotovoltaikoen proiektuekin nahiko hotz azaldu zarete. Zer eskatzen diozue proiektu bati onargarri izateko?

Bi gauza: bat, eredua ezin daiteke izan udalek lurra jartzen dute, eta Iberdrolak, Endesak, Naturgyk eta horrelako enpresek negozioa egiten dute. Eta bi: egon dadila gutxieneko parte hartze demokratiko bat. Eremu lokalean jokatu behar da. Jendea prozesuaren parte egin behar da, eta, ez badugu jendea horren parte egiten, norbaitek dioelako interes publiko proiektu bat dela, ez du onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.