Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

Konpainia elektrikoak agintean

Maria Obelleiro - 'Nòs Diario'-ko zuzendaria

2023ko urtarrilak 29

Martxelo, Vicent, Diputatuen Kongresuak 20/2022 errege dekretua onartu du aste honetan. Estatuko gobernuak egindako nahas-mahas bat da, eta hainbat neurri biltzen ditu: oinarrizko salgaitzat jotzen diren produktu jakin batzuei BEZa apaltzea, 2.000 milioi euroko diru sail gehigarri bat erabilita enpresa elektriko handiei konpentsazioa ematea —ez dakigu zer dela eta—, eta parke eolikoen tramitazio administratiboa moldatzea, besteak beste.

Elektrizitate konpainiei konpentsazioa emateko 2.000 milioi euro erabiltzeak eta energia eolikoaren arloko proiektuak tramitatzeko prozesua aldatzeak agerian utzi du zein dagoen oraindik agintean eta zeinek duen boterea: oligopolio elektrikoak. Bereziki kezkagarria iruditzen zait aldaketetako bat: aurrerantzean, enpresen esku egongo da parke eolikoak egiteko baimena emateko prozesua, eta ezabatu egingo dira ingurumen inpaktuari buruzko adierazpenak eta jendaurreko azalpena; hala, parte hartzeko eskubidea kenduko zaie herritarrei eta kaltetutako sektoreei —nekazaritza eta abeltzaintza sektoreari, esaterako—.

Aldaketa horrek zera dakar: 50 megawatt baino gehiagoko lehorreko parke eolikoak —horiek tramitatu ohi ditu Espainiako Gobernuak— nahieran eraiki ahalko direla Natura saretik kanpoko tokietan. Eta horrek hauxe esan nahi du, gutxi gorabehera: Galiziako lurren %80 energia konpainien esku utziko dituztela; izan ere, Galiziako eremuaren %12 baino ez du babesten figura horrek, eta estatuan %27 da portzentajea, batez beste. Gainera, Energia Eolikoaren Galiziako Behatokiak emandako datuen arabera, gune babestu horretan 54 parke daude, eta Natura sareko ia 320.000 hektareetatik 107.000 hartzen dituzte garapen eolikorako eremuek —sareko eremu osoaren ia herena parke eolikoek hartzen dute—.

2011n, EBk eskatuta, Xuntak Natura sarea handitzeko proiektua prestatu zuen, beste 100.000 hektarea eremu horretan sartzeko. Hala ere, PPk ez zuenez lehenetsi lurrak babestea, hamabi urte pasatu diren honetan oraindik ez da tramitatu asmo hori, eta, orain, energia eolikoaren arloko zenbait proiektu lantzen ari dira 100.000 hektarea horietako eremu batzuetarako.

Holaxe gaude: Galiziak energia esportatzen du; ingurumen inpaktu handia jasaten duen arren, ez dauka aparteko tarifa elektrikorik; eta oraindik ere alfonbra gorria jartzen diote oligopolio elektrikoari. Ez dezagun ahaztu beste 300 parke inguru daudela tramitazio bidean. Hori ez al da espoliazioa?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...