Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galiziak ekoitzi, Madrilek baliatu

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Hilabeteak daramatzagu itsas ingurunea antolatzeko planak onartzeko esperoan, eta, bertze behin, Galizia galduan atera da. Izan ere, Galiziako kostaldean dago itsasoko haize errotak paratzeko aukera izanen den eremuaren %47: hau da, estatu osoko 5.000 metro koadroetatik 2.350, eta tartean dira berrehun arrantzaleku ere.

Joan den astean aipatu nizuen itsas arrantzaren sektorean zer-nolako kezka piztu den Bruselak onartutako murrizketen harira. Galiziako ekonomian, puntako sektoreetako bat da itsas arrantzarena, eta, nekazaritzak eta abeltzaintzak ez bezala, Galizian egiten du transformazio prozesua. Bada, sektore horretako adituen erranetan, energiaren arloko lobbyaren interesak daude Europako Batasunaren politiken gibelean. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak itsas ingurunea antolatzeko zehaztu dituen planek hauspoturik, presio talde horrek aberasten segituko du, hala Galiziako natur baliabideen nola itsas arrantzaren sektorearen bizkar horiek hala, itsas arrantzaren sektoreak iragarria du mobilizazioak eginen dituela.

Iberdrola, Capital Energy, Ferrovial, Grupo Cobra, Bluefloat eta Abei Energy enpresak, hots, Galizian itsasoko parke eolikoak egiteko aurkeztu diren bederatzi proiektuen bultzatzaileak, kanpokoak dira, eta Galiziatik kanpo pagatzen dute sozietate zerga. Zenbait kexu dira Ferrovialek Herbehereetara alde eginen duelako, baina ulergaitza zaie egoitza Galizian daukaten eta, beraz, hemengo baliabideez baliatzen diren enpresei eskatzea zergak hemen ordaindu ditzatela. Preseski, 2022an, Galiziako 158 konpainiak aldatu zuten egoitza soziala bertze lurralde batera; horietatik 70ek Madrilera jo zuten. Eta, Madril hizpide hartuta... Energia enpresa handien zergak biltzen ditu, eta ez du haize energiako megawatt bakar bat ere ekoizten: dirudienez, Madrilgo mendietan ez dabil haizerik. Nestor Rego BNGko diputatuak arrunt argi adierazi zuen Kongresuan, batzuei haserre bizia eragiteraino: «Madrilek energia nahi baldin badu, paratu ditzala haize errotak Castellana pasealekuan».

Jakin nahi nuke argindar konpainiek zenbat ordainduko duten itsasoko haize errotentzako eremuak alokatzearen truke, eta administrazio publikoek eskuratuko ote duten irabazien parte bat. Norvegian, bai eta AEBetan, argindar konpainiek ekarpen handia egiten diete diru kutxa publikoei, diru zama handiak ordaintzen baitituzte energia berriztagarriak sortzeko prozesuan natur baliabideak ustiatzeagatik. Mendiak haize errotaz josiak dituenez gero, bidezkoa litzateke Galiziak ere etekinen bat lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.