Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Espainia'-k behea jo du Pedrafitan

2022ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, joan den asteartean A-6 autobiako zubibide nagusia erori egin zen, Pedrafita do Cebreirorako bidean. Azpiegitura hori funtsezkoa da Galizia estatuko gainerako probintziekin lotzeko, eta, eraiki zutenean, obra zibileko Espainiako ingeniaritza enpresen mugarritzat jo zuten. Zenbait sari ere eman zizkioten, erabilitako teknologiagatik eta azken emaitzagatik.

22 urtez erabilgarri egon eta gero erori da Pedrafita do Cebreiro eta Veiga de Valcarce lotzen zituen A-6 autobiako zubia. Francisco Alvarez Cascos Sustapen ministro ohiak inauguratu zuen, eta Manuel Fraga orduko Galiziako Xuntako presidentea ere izan zen inaugurazioan. Orain dela bost urte aurkitu zituzten lehen arazoak. Hain zuzen, autobia itxita zegoen ezbeharra gertatu zenean, azpiegitura hobetzeko lanetan ari baitziren.

Azpiegitura Ministerioak adierazi zuen eraikuntzan izandako «ezkutuko akats» baten ondorioa zela istripua, hori baino ez, eta ez zuen ezertxo ere esan zubibidea eraiki zuen enpresari buruz. Javier Ferreiro Sustapen Ministerioko Errepideen zuzendari nagusiak nabarmendu zuenez, «joan den udan zubibidea ixtea erabaki zen, azpiegiturako kableetan korrosio handia aurkitu ondoren», eta, baieztatu zuenez, «baliteke ordura arte atzeman ez zen azpiegiturako akats baten ondorioz erori izana, edo lanek azaleratutako akats baten ondorioz».

Gobernuko arduradunen azalpenak zalantza gehiago pizten ari dira Galizian. Izan ere, kaltetutako A-6 autobiaren zati horiek eraiki zituzten enpresen izenak ezkutatzea baino ez dute helburu, dirudienez. Espainiako obra zibileko enpresa handiek egin zituzten zati gehienak; kasu batean, aldi baterako enpresa elkarte baten bidez, eta, beste batzuetan, bakarka.

Hala, Espainia markak behea jo du Pedrafita do Cebreiron. Zubibide hori erori izanak agerian uzten du nola eraikitzen diren azpiegiturak estatuan, eraikuntza zenbateraino oinarritzen den azpikontraten lan egiteko moduan, eta zer asmo duten kontratu publikoak aldez edo moldez lortzen dituzten konpainia batzuek. Barcenasek PPren dohaintza emaileei buruz egindako kontabilitatea eta Fragaren hauteskunde kanpainetako datu ekonomikoak kontuan hartuz gero, gauza asko ulertzeko gakoak azaltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.