Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Korridoreez eta trenez

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Atlantikoko trenbide korridorearen inguruan idatzi duzu, Vicent. Izena burla hutsa da galiziar guztientzat, bai. Gogora ekarri dit Kantauriko Autobiarekin gertatutakoa: hark ere gutxi zeukan Kantauritik, Fragak bere jaioterri Vilalbatik pasarazi nahi izan baitzuen, eta, hala, Galiziako iparraldea egituratzeko behar-beharrezkoa den tren konexiorik gabe utzi zuen Mariña eskualdearen parte bat.

Oraingo honetan, lehenik, iragarri zuten Atlantikoko korridorea egingo zutela, eta trenbide nagusia Irundik Madrilera iritsiko zela, Atlantikoa Espainiako hiribururaino helduko balitz bezala. Aurrena pentsatutako lehen ibilbide horretan, Galizia aparte geratu zen, eta ez zaigu harritzekoa iruditzen, kontuan hartuta zenbat bidegabekeria jasan ditugun trenbide azpiegiturei dagokienez. Lehenago ere, abiadura handiko trenen zerbitzua diseinatzeko planetik kanpo utzi zuten Galizia, Arias-Salgado Sustapen ministro zela.

Gure historia urraketaz eta mespretxuz betea dago azpiegiturei dagokienez. Ez dituzte inoiz lehenetsi, ezta arlo horretako ministroak Jose Blanco sozialista eta Ana Pastor PPkoa izan zirenean ere, nahiz eta biak Galiziako barrutietan hautatu zituzten diputatu izateko. Zoritxarrez, ez ziren ospetsu egin Galiziak trenbideen arloan dituen gabeziak arintzeagatik edo haiek gutxitzen saiatzeagatik: Alvia tren batek Angroisen izandako istripuaren erantzukizun politikoak izan dira haien jardunaren emaitzarik nabarmenena.

Denak Madrildik pasatu behar zuela zioen eredu erradiala aireportuekin ere jasaten dugu hemen negargarria izan zen, eta gaur egungo ibilbideek duela ehun urtekoak dirudite oraindik. Adibide bat: Santiago de Compostelatik Lugora ez dago tren konexio zuzenik. Are, Galiziako hiriburutik harresiaren hirira trenez joateko, hiru ordu inguru behar dira. Beste adibide bat: Ferroldik Coruñara doan trenak ordubete eta hogei minutu behar ditu bidea egiteko, eta autoz, berriz, berrogei minutu baino gehixeago behar dira.

Espainiako Estatuan aldiriko trenen sarerik ez duten autonomia gutxietako bat da Galizia, Vigoren eta Coruñaren metropoli barrutiek eduki arren zerbitzu hori duten Espainiako beste hiri askok beste biztanle edo gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.