Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Sen ona ala erraiak

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, asko aldatu da egoera azken Zuzendarien Galeusca idatzi genuenetik. Lerro hauetan, mintzagai izan genuen Alberto Nuñez Feijook asmoa duela Galiziatik alde egin eta bere etxera, hau da, Madrilera itzultzeko —Estatuko hiriburuan hainbat kargu bete eta gero etorri zen Galiziara—, eta, orduan, oraindik ez zegoen argi Errusiak zenbateraino inbadituko zuen Ukraina. Orain, komunikabide gehienek bere egin dute atlantismoaren kontakizun hegemonikoa, eta atlantismoak berak baldintzatuta daude, Sanchezen gobernuak atzera egin izana baliozkotzat jotzeraino, zeinak suari su ematea erabaki baitzuen Ukrainara armamentua bidaltzeko agindu zuenean.

Kontraesana da armak bidaliz bakearen alde egitea, negoziazioaren alde egin beharrean, nahiz eta negoziazio horren testuingurua herrialde batek —Errusiak— egindako okupazioa eta herri baten —Ukrainaren— subiranotasunari egindako erasoa izan. Biderik zailenetik egin behar da, eta bide zailena ez da erraiei kasu egitea, baizik arrazionaltasunera jotzea: negoziazioa eta elkarrizketa erabiltzea, NBEren gisako organoen babesean, eta alde batera uztea gerra tentsioa, NATOk Europa ekialderantz hedatzeko duen asmoa eta Borrell aztoratu baten hitzak, zeinak «gaizkiaren indarrei» aurre egiteko deia egin duen eta «gure alde ez dauden horiek» mehatxatzen dituen. Hain zuzen, gatazka horrek agerian utzi du Europako Batasuna proiektu estatubatuarraren luzakin bat dela, zurikeriaz jokatu duela armak bidalita bake egitasmoak sustatzearen aurka, eta haren politika hutsala dela.

Diplomaziaren ordez armak aukeratzeak gerra elikatzea dakar, eta ustekabeko ondorioak dituen gatazka militar bat handitzea. Gerrazaletasuna areagotzearen aldeko apustu horrekin batera, manipulazio mekanismo sofistikatuak ez ezik, komunikabideen zentsura ere badago, inolako prozesu judizialik gabe, setio eta gerra egoeraren inguruko deklaraziorik gabe. Gerrak, gogora dezagun, ez dira gudu zelaietan bakarrik gertatzen: informazioa erabiltzeak eta maneiatzeak indarra hartzen du errealitate globalizatu batean, eta horren helburua zera da, lehiatzeko abantaila lortzea aurkariaren aldean. Are gehiago gertatzen da horrela gerra hibridoak agintzen duen garai hauetan, komunikabideak gerrarako tresna bihurtzen baitira gatazkan dauden bandoen zerbitzuan, eta kontrastatutako informazio egiazko baten zerbitzuan. Ez dugu alferrik esaten egia dela gerra baten lehen biktima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.