Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galegoz, egunero

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, asteartean Galegozko Letren Eguna ospatuko dugu, eta oraindik ere errebeldiazko ekintza bat da egun hori. 1963an sortu zen, diktadura frankista bete-betean, eta erregimenaren aurkako erantzun bat izan zen, herrialdeko berezko hizkuntzaren aldekoa, frankismoak plazatik zokoratu baitzuen galiziarren hizkuntza. Eta halaxe iritsi da orain arte, beretarren hizkuntzari munduan leku bat atondu zieten idazleei omen eginez, hasi Rosalia de Castro paregabearekin, eta segitu aurtengo egilearekin, Florencio Delgado Gurriaranekin: Galiziako buruzagi nazionalista ezaguna izan zen 30eko urteetan, herri armadako gudari antifaxista, eta Mexikoko erbestean hil zen, frankismoaren kontrako borroka galdutako beste hainbat bezala.

Galegozko Letren Eguna sortu zen garaiko erregimen politikoaren nolakotasuna aldatu egin zen, eta hizkuntza politikak ere moldatuz joan dira azken 59 urteetan, baina galegoa oraindik ez da hizkuntza normalizatua, eta espainolaren mende dago orain ere. Hainbesteraino, non ez baitago lege xedapen bakar bat ere galegoa erabiltzera behartzen duenik, eta 500 arauk behartzen baitute gaztelania erabiltzera gizartearen esparru batean edo bestean. Inolako lege testutan ez da jaso galegoz aritzeko betebeharra, Auzitegi Konstituzionalak epai zenbaitetan ezarritako doktrinari segika.

Hizkuntzaren egoera interpelazio bat da guzti-guztientzat. Azken urteotan jakin ditugun datuen argitan, ez dago ez etenik ez aldaketarik hiztunen galeran, batez ere hiri inguruko belaunaldi gazteen artean. Galiziako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, 15 urtetik beherako 53.699 gaztek, hau da, adin horretakoen %23,9k ez dakite zipitzik ere galegoz, eta ez dira gai hizkuntza horretan mintzatzeko.

Maiatzaren 17an, Galegozko Letren Egunean, gogora ekarriko dugu Florencio Delgado Gurriaran, eta, harekin batean, Mexikon erbesteratutako galegozko literatura guztia, Nós Diario-n hilabete honetan egiten ari garen bezala, horretarako sortutako bilduma baten bidez. Era berean, hizkuntzaren aldeko gizarte ekitaldi guztietan mobilizatuko gara; hasteko, egun horretarako Queremos Galego taldeak antolatu ohi duen manifestazio nazionalera joango gara. Eta, egunero-egunero egiten dugun bezala, galegoz bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.