Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Emigrazioaren zauria

2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Galiziak mendeak daramatza emigrazioak eragindako zauritik odoletan. Isidro Dubert Santiago de Compostelako Unibertsitateko historialariaren arabera, errealitate estruktural bat da hori: «intentsitate eta iraupen desberdineko bost emigrazio olatu handi» izan ziren XVI. mendearen amaieratik XXI.aren hasierara, eta haien ondorioek baldintzatu egin zuten etorkizuna, demografiari, ekonomiari, gizarteari eta kulturari dagokienez.

Lehen olatua XV. mendearen erdialdetik XVI. mendearen hasierara gertatu zen; bigarrena XVII. mendearen bukaeran hasi zen, eta hurrengo mendearen parte handi bat ere hartu zuen; hirugarrena 1860tik 1930era izan zen, eta tarte horretan gutxi gorabehera 1,1 milioi lagunek baino gehiagok egin zuten alde, batez ere Ameriketako lurraldeetara, Argentinara eta Kubara nagusiki. Laugarrena 1950 eta 1975 artean izan zen: 475.000 pertsona joan ziren Galiziatik Espainiako Estatura eta Europako beste hainbat herrialdetara. Eta gaur egun bosgarrenean gaude oraindik ere, XXI. mendearen hasieran hasi baitzen.

1920an, Galiziak 2.342.545 biztanle zituen guztira, estatuko populazioaren ia %11. Ehun urte pasatu diren honetan, 2,7 milioi biztanle baino gutxiago ditu, eta estatuko populazio osoaren %5,78 besterik ez da hori. Mende hori pasatuta, estatuko biztanleria ia %248 handitu da; Galizian, berriz, biztanleriak zertxobait gora egin arren, erdira txikitu da estuarekiko posizio erlatiboa. Azken hamarkadan 326.824 lagunek emigratu dute guztira. Datuen arabera, 2009tik 2019ra 213.511 pertsonak emigratu zuten Espainiako Estatura, eta beste 113.313k Europako kontinenteko beste estatu batzuetara. Tarte horretan, 16 eta 29 urte arteko 75.000 lagunek egin zuten alde.

Azken urteetako exodoak eragin du beherakada demografikoa. Dubertek uste du «emigrazioaren ondorioak zahartzearenak baino askoz larriagoak» direla, eta analisi lerro horrekin bat dator USCko katedradun Ruben Lois ere. Haren esanetan, bi arrazoik eragin dute gaur egungo arazo demografikoa: batetik, «60ko eta 70eko hamarkadetako emigrazio masiboek, zeintzuen ondorioak ez baitira berehalakoak izan», eta, bestetik, «nekazaritzaren sektore zaharrak hondoa jo izanak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.