Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galiziarrak, hizkuntzarengatik

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Estaturik gabeko nazioen hizkuntza ofizialei espainieraren aldean egiten zaien diskriminazioak zerikusia du Franco hil eta gero instituzionalizatutako erregimen politikoaren izaerarekin. 1978ko legegileek berek ez zuten ezbairik izan: estatus berezi bat ezarri zioten hizkuntza bakoitzari, eta tratu asimetriko bat ezarri zuten, arau konstituzionalaren hitzetan finkatua, gerora Auzitegi Konstituzionalak espainieraren mesedetan interpretatu izan duena. 1986an, jurisdikzio organo horrek zalantza izpirik gabe arrazoi eman zion Domingo Garcia Sabell-i, PSOEren gobernuak Galizian zuen ordezkari eta Galizieraren Errege Akademiako presidente izandakoari, esanez galizieraz jakitea ez zela nahitaezkoa.

Espainieraren aldean galizierak duen egiturazko parekotasun falta horri mesede egin izan diote Alderdi Popularrak Galiziako Gobernuan eginiko politikek. Hizkuntzaren atzerakadari eta hiztunen galeraren datuei erreparatuz gero, ez dago zalantzarik; Galiziako Xuntaren mendeko organismo batek, IGE Galiziako Estatistika Institutuak, argi eta garbi erakutsi du 15 urtetik beherako galiziarren %24k ez dutela ez hitz egiten ez idazten galizieraz. Hizkuntza horren egoerak eta gai horren inguruan gobernuak agertu izan duen jokabideak kezkaturik, Europako Kontseiluak salatu egin behar izan zuen Xuntaren hizkuntza politika, eta eskatu zion «Galizian galiziera irakasteko dauden mugak kentzeko».

Hala ere, espainieraren osasuna da Feixoo presidentearen gobernuaren kezka, eta, azkenaldian, estaturik gabeko nazioen hizkuntza ofizialen «inposizio» politikak salatzeko darabil artilleria astuna hein hain batean. Alderdi Popularraren diskurtsoa koherentea da bere diseinu politikoarekin, Espainiaren kontzepzio jakin baten zerbitzuan egindako diseinu horrekin. Helburua zera da, eragoztea espainiera ez diren beste hizkuntzen erabilera normalizatzea eta leheneratzea zein bere lurraldean, konbentziturik baitaude hizkuntza kontzientzia zenbat eta handiagoa izan orduan eta handiagoa dela nazio kontzientzia ere, eta, gure kasuan, are handiagoa galiziar garelako kontzientzia. Haiek argi daukate, Castelaok bezala: «Oraindik galiziarrak bagara, hizkuntzaren amorez eta graziaz gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.