Iker Aranburu.
Finantzen Euskal Kontseilua. Zerga bilketa. ANALISIA

Baikor, eta herren

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Iragarleak panorama ekonomikoa belzten ari direnean, baikortasuna saldu nahi izan dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek. Ustekabeko baikortasuna, esango bainuke Lakuan bildutako kazetari gehienek espero zutela Azpiazu eta ahaldun nagusiak justifikazio bila hasiko zirela aurtengo helburura ez iritsi izanaren arrazoiei buruz. Bada, oker ginen.

Hori bai, iragarpenak iragarpenak dira, eta horrelakoetan huts egiteko joera handia du Finantzen Euskal Kontseiluak: azken hamabost urteetan hiru aldiz besterik ez da asmatzetik gertu izan —eta hori aurtengo 120 milioiko balizko desbideraketa txikia ontzat hartuz gero—.

Kalkuluak beteko badira, errenta zergaren bilketaren indarrarengatik beteko da. Seinale ona da, normalean horrek esan nahi duelako enplegua sortuko dela eta soldatak igo.

Baina bada Finantzen Euskal Kontseiluaren kalkuluetan beste behin herren dagoen zerga bat: sozietateena. Hau da, enpresek beren irabazien arabera ordaintzen dutena. Bilketa, handitu beharrean, txikitu egingo da, bai kopuru aldetik (19 milioi), bai zerga guztien artean duen pisuan (%8,6tik %8,2ra).

Jaitsiera hori aurten gertatuko denari batuko zaio: iragarpenak betez gero, iaz baino 125 milioi gutxiago bilduko ditu. Egia da 2018. urtea aspaldiko onena izan zuela sozietate zergak —365 milioi handitu zen, eta %9,8ra heldu zen—, baina orain ikusten ari da gauza puntuala izan zela, egutegian egindako aldaketen ondorio. Urrun daude 2007ko kopuruak —2.034 milioi—, eta urrun jarraituko dute azken erreformaren ondorioz enpresek ordaindu behar duten tasa beste bi puntu jaitsiko delako 2020an. Bide batez, tarte horretan errenta zergaren bilketa %40 handitu da, eta %23 BEZa.

Eta herren dauden atalen artean ezin aipatu gabe utzi Ekarpen Legearen berritzea, Finantzen Euskal Kontseiluko klasikoen artean klasikoena. 2011z geroztik, hura berritu ezinik dabiltza aldundiak eta Jaurlaritza, eta, urtea joan urtea etorri, berrituko dutela agintzen dute. «Zirriborroa nahiko aurreratuta dago», esan zuen atzo Pedro Azpiazuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.