Erresuma Batuaren etorkizuna

Eskozia: une egokia aukeratzea da garrantzitsuena

Pandemiak eta Erresuma Batuko Gobernuaren ezezkoak berriz baldintzatu dute bigarren independentzia erreferendumerako egutegia. SNPk, baina, hauteskundeen ondorengo legealdirako nahi du galdeketa.

Printzipioz, SNPren lehentasuna da 2023a amaitu baino lehen egitea erreferenduma, betiere koronabirusaren pandemiak ahalbidetzen duenerako. BERRIA.
ander perez zala
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Dibortzio behartu bat jasan ostean, beste dibortzio baterako aukera mahai gainean dago Eskozian.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak bigarren independentzia erreferenduma egiteko herritarren babesa duela dioen parlamentu bat izango du aurrean datorren ostegunetik aurrera, mugaren beste aldean. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Eskoziako Alderdi Berdeak eta Alex Salmond gobernuburu ohiaren Alba Alderdiak? inoizko bloke independentistarik handiena osatuko dute inkestek aurreikusitakoa betetzen bada, eta, hortaz, datozen urteetan, Edinburgok argudiatuko du beste galdeketa bat egiteko zilegitasuna izango duela.

Johnsonen erantzuna, baina, jakina da: lehen erreferendumak finkatu egin zuela independentziaren auzia «belaunaldi batentzat»; edo, beste modu batera esanda, ez dagoela bide demokratikorik edota legalik bigarren kontsulta egiteko, oraindik zehaztu ez duen epe luze batean behintzat.

Bat-batean, Londresek paradigma aldatu du, esaten baitu helburu politiko bat betetzeko saiakerak ez duela izango ez arrakastarik eta ez aukerarik, izango duen babesa eta presioa edozein dela ere; Eskoziaren eta Erresuma Batuaren arteko harremanean, beraz, kontsentsua oinarri izan ordez, legediaren aplikazioaren inguruan bizirik iraun beharko dute, batzuen mesederako eta beste batzuen kalterako.

Hala, ez dago zalantzarik gatazka politikoak luzerako emango duela. Berez, independentziaren auzia ez da inoiz atera Eskoziako eztabaida politikotik, batez erebrexit-ak eta Erresuma Batuko egungo gobernuburu kontserbadoreak sortzen duen arbuioak lagunduta, eta independentistek uste dute oraingoan irabazi besterik ez dutela, milaka herritar ezezkotik baiezkora pasatu direlakoan testuinguru aldaketak baldintzatuta.

Aukera bakarra geratzen zaio, hortaz, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroari: datorren osteguneko parlamenturako hauteskundeen emaitzak beste fase baten hasiera bilakatzea, EB Europako Batasunean ez dagoen Eskoziarena, talde komunitariora itzuli nahi duen nazioaren independentziarako bidearena.

Garai erabakigarria has liteke orduan. Edo agian ez. SNP, halere, momentum-aren bila ari da, berriz ere.

Alderdi independentista 2007tik hona egon da Eskoziako agintean, eta inork ez du zalantzan jartzen gutxienez 2026ra arte toki berean jarraituko duela. Hamalau urte izan dira herrialdea kudeatzen, baina, hauteskundeen emaitzen ikuspuntutik behintzat, SNPri ez zaio neke handirik sumatzen; tartean, gainera, hiru aldiz jarraian bidali du diputatu kopururik handiena Eskoziatik Erresuma Batuko Komunen Ganberara, batasunaren subiranotasuna duen ganberara.

Esperientzia horretatik, Sturgeonek eta haren alderdikideek erreferendumari begira ikasiriko lezioetako bat zera da: botoak Eskozian daudela, eta legea Ingalaterrako hiriburuan. 2014ko galdeketak utzi zuen agerian errealitate hori, baina baita Erresuma Batua EBtik ateratzeko prozesuak —Eskoziak EBn geratzearen alde bozkatu zuen— eta azken urteotan independentziaren auzian izandako aurrerapausorik ezak ere.

SNPren gehiengoa?

SNPrentzat, testuingururik egokiena gehiengo osoa berreskuratzea da, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro ohiak aitortua baitu alderdi independentistak 2011ko bozetan lorturikoa izan zela lehen independentzia erreferendumari baiezkoa emateko arrazoia, 129tik 69 eserleku bildu zituenean —bere inoizko ordezkaritzarik handiena da—. Londresek Eskoziako Legeko 30 Sekzioa aktibatu zuen orduan, Edinburgori galdeketa antolatzeko eskumenak behin-behinean emateko.

Bide hori da Sturgeonen egungo lehentasuna, eta, haren alderdiaren hauteskundeetarako programak dioen bezala: «Independentzia erreferendum baterako gehiengo demokratiko sinple bat baldin badago Eskoziako Parlamentuan, Boris Johnsonentzat edo beste inorentzat ez da justifikazio demokratikorik, elektoralik edo moralik izango Eskoziako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea blokeatzeko». Esaldi hori bada Eskoziak urteotan jasan duen eboluzioaren erakusle, SNPren 2016ko bozetarako programak ez baitzion erreferentziarik egiten bigarren galdeketa antolatzeari.

Alderdi independentistan, halere, jakitun daude datozen urteak ez direla izango aurreikusi zuten bezalakoak. Horren erakusle da asteotako kanpaina: Eskoziako lehen ministroa orekari eutsi nahian aritu da, bigarren galdeketari begirako erasoaldi politiko eta diplomatikoari beste lehentasun bat eman behar izan baitio osasun krisia dela eta. Hainbatetan esana du koronabirusaren aurkako borrokan jarria duela arreta, baina, aldi berean, denbora izan du independentziari begirako mezuak bidali eta antolatu nahi duen erreferendumari buruzko lege testuen zirriborroak aurkezteko. Batak ez du bestea baztertu, alegia.

Baina, pandemia betean egonda, 2021-2026ko legealdia laburra eta luzea bilaka daiteke aldi berean. Sturgeonen alderdiak 2023a amaitu aurretik egin nahi du galdeketa, betiere osasun krisia amaitzen denerako, baina agintariak kanpainan aitortu du aukera handia dagoela kontsulta are gehiago atzeratzeko.

Azkenean, iduri dezakeenaren kontrara, Eskoziako lehen ministroak ere ez du horrenbesteko presarik erreferenduma egiteko, gakoa bestelakoa baita, Centre for Constitutional Changeko zuzendarikide Nicola McEwenekBERRIAri azaldu dionez: «Galdeketaren auzia, bozen emaitzen araberakoa bainoago, iritzi publikoaren araberakoa izango da. Oso erraza da independentziaren aurkakoentzat inkestak begiratu eta adieraztea gai horrek Eskozia zatitzen duela. Herrialdea zatitzen duen gai bat aldatzen hasten bada, orduan askoz ere zailagoa bilakatuko litzateke Erresuma Batuko Gobernuarentzat erreferendum hori blokeatzea».

Azkenaldian, independentziaren aldekoak %50-54 artean ibili dira —2014ko galdeketan %45 izan zen—, batez ere iragan udatik Gabonetara arte, eta ez du lortu ezezkoarekiko tartea gehiago handitzea, hogei bat inkestatan jarraian unionisten aurretik egon arren. Orain, baina, %50era itzuli da, eta horrek independentistei ez die behar adinako segurtasun eman erasoaldi politikoari eusteko.

Izan ere, Quebeceko kasuak erakutsi du erreferendumen arteko tartea kontuan hartu beharreko faktore bat dela, bi aldiz jarraian galtzeak nabarmen adoregabetzen baitu mugimendu independentista. «Denbora garrantzitsua da. Bigarrena galtzen baduzu lehena egin eta hain denbora gutxira, oso zaila izango da hirugarrenera deitzea, bi aukeren arteko tartea txikia bada ere. Hori erakutsi du Quebecek. SNPk 2014koa galdu zuen, baina, aldi berean, asko irabazi zuen: harrezkeroztik izandako boz guztietan gailendu da, eta militante kopurua 25.000tik 120.000ra igo zaio. Sekulako gorakada da kidegoan eta babesean».

Estrategien talkak

Erabakiak edozein direla ere, pazientzia beharko dute Erresuma Batutik ateratzearen aldekoek. Hauteskundeen ostean, Sturgeonek berriz eskatuko dio Johnsoni galdeketa egiteko baimena, eta hark ezezkoa emango dio; Eskoziako Parlamentuak, hortaz, erreferenduma egiteko lege proiektua onartuko du —Eskoziako Gobernuak ez du adierazi noiz bozkaraziko duen—, eta, lege bilakatu aurretik —erregetzaren baimena behar du—, Londresek auzitara eramango du, Erresuma Batuko Gorenera. Sorpresarik ez da izango bide horretan.

Salmond politikara itzultzeak, ordea, egoera azkartzea behar lezake, baina, aldi berean, ez erabat. Kanpainan jakinarazi duenez, Alba Alderdiak ordezkaritza eskuratzen badu, legealdiaren «lehen astean» aurkeztuko dute Londresekin negoziazioak hasteko mozio bat. Hori bai, estrategiaz, zera azaldu dute: «Eskoziaren negoziazioetarako jarrerak 30 Sekzioaren eskari formala izan behar luke, baina ez litzateke horretara mugatu behar». Egungo gobernuburuak, baina, mozioan ezezkoa bozkatuko dutela erantzun zion herenegun.

Lehen ministro ohiak, publikoki behintzat, presa handiagoa du Sturgeonek baino bigarren independentzia galdeketara iristeko, baina, bozetako programak agerian utzi duenez, proposatzen duen bide orria nabarmen dago lerratuta bere alderdi ohiarenarekin: «Independentzia ez da suspertzearen alternatiba bat: ezinbestekoa da suspertzerako», adierazi zuen iragan astean —Eskoziako gobernuburuaren hilabeteotako argudio bera da—.

Alba Alderdiaren sorrerak mugimendu independentistaren barne zatiketa azaleratu du, baina, McEwenen ustetan, SNPri mesede egin dio: «Ez dago zalantzarik Sturgeonek zailtasunak izan dituela fakzio batzuei eusteko. Halere, paradoxikoki, Salmonden indarraren sorrerak lagundu egin dio SNP elkartzen, harekin kritiko agertu diren gehienak Albara joan direlako. Bozetan ez dio kalte egingo».

Bidea mailaz maila edo apurka egin nahi dutenen eta fundamentalisten arteko barne borrokak bere horretan jarraituko du datozen urteetan ere, eta talka handiagoa edo txikiagoa izango da Alba Alderdiak lortuko duen ordezkaritzaren arabera. «Halere, ez nuke Salmonden garrantzia handizkatuko, batez ere kanpainan. SNPren buruzagi zenean, ez zen inoiz izan fundamentalisten aldean, eta beti izan da mailaz mailakoen oso gertukoa».

Pandemiaren eboluzioak eta Erresuma Batuko Gobernuaren jarrerak zehaztuko dituzte datorren legealdiko Sturgeonen pauso eta erabakiak. Egoera, bien bitartean, bere horretan egongo da: bada marmotaren egunaren sentsazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.