Albistea entzun

Herriko bozak berriz eginen dituzte bihar Arbonan

Urte bateko prozeduraren ondotik, Beñat Arlaren zerrendaren helegitea ontzat eman zuen maiatzean Frantziako Estatu Kontseiluak
Hats Berri Bat Arbonari zerrendako kideak, iazko maiatzean.
Hats Berri Bat Arbonari zerrendako kideak, iazko maiatzean. HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko uztailak 17

Herriko bozak izanen dituzte Arbonan (Lapurdi) igande honetan. Urte bat pasa iraun duen justizia prozedura baten ondotik, 2020ko martxoaren 15ean iragan ziren bozak bertan behera utzi zituen Frantziako Estatu Kontseiluak, iragan maiatzaren 31n, «bozkaren zintzotasuna faltsutua» izan delako. Azken asteetan, auzapezaren taldea kargutik kendu du Baionako suprefeturak, eta administrazioko hiru agente izendatu ditu egunerokoa kudeatzeko.

Iazko bi hautagai berak izanen dira parez pare: Marie-Josephe Mialocq orain arteko auzapeza eta Hats Berri Bat Arbonari zerrenda zuzentzen duen Beñat Arla. Ezkerreko abertzaleek parte hartzen dute zerrenda honetan.

2020ko martxoan Mialocqen zerrenda gailendu zen, 530 boz eskuratuta. Arlaren zerrendak 416 boz eskuratu zituen —emaileen %44—, baina auzapezak baliogabetzat jo zituen, boto paperetan ez zelako zehaztua Zigor Goieaskoetxea zerrenda kidea espainiar nazionalitatekoa dela. Egoera horren aitzinean, helegitea ezarri zuten Arlaren zerrendakoek, eta arrazoia eman diete azkenean auzitegiek, bozak berriz egitera behartuz. «Gertatu den irregulartasunak zerrenda horretako bozkatzaileei beren boza balioski adierazteko parada kendu die», zioen Paueko administrazio auzitegiaren epaiak.

Ezarri nahi izan zuen tranpan erori zen auzapeza, Goieaskoetxearen ustez: «Beldur zen ez zituela hauteskundeak irabaziko, eta beldurrak bultzaturik hartu ditu sobera deblauki erabakiak. Nahi izan gaitu tranpa batean sartu, eta, azkenean, bera erori da», adierazi zion Ipar Euskal Herriko Hitza-ri.

114 bozen diferentzia

Kartak mahai gainean dira berriz, eta ikusi beharko da hautesleek zer erabakitzen duten. Mialocqen izaera eta kudeaketa auzitan jarri dituzte Arlaren zerrendakoek: erabakiak bakarrik hartzea leporatzen diote, baita klientelismoz jokatzea eta boterea bere intereserako erabiltzea ere.

Iazko bozak koronabirusaren testuinguruan iragan ziren, eta anitz ez ziren joan bozkatzerat. 2014ko bozekin konparatuta, iazko martxoaren 15ean 400 bat bozkatzaile gutiago joan ziren. Ikusita 114 bozen aldea izan zela bi zerrenden artean, uztaileko bozetan irabazteko parada ikusten dute Arlaren zerrendakoek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

2021eko Ospa! eguna, Altsasun. ©Maialen Andres / FOKU

Ospa Eguna irailaren 3an egingo dute Altsasun

Oihane Puertas Ramirez

Espainiako polizia indarrak herritik joan daitezela eskatuko dute Altsasun, Poliziarik ez! Langileon aurkako errepresioa gelditu lelopean.

Etxeratek joan den astean Donostian egindako protesta. ©ANDONI CANELLADA/FOKU

Beste sei euskal preso jarri dituzte hirugarren graduan azken hilabetean

Berria

Guztira, 23 presori eman diete hirugarren gradua Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik

Blboko agerraldia ©Monika del Valle / Foku

Preso eta iheslarien egoera «normalizatzeko» eskatuko dute manifestazio baten bidez

Gotzon Hermosilla

Sarek eta Bilboko konpartsek batera antolatuta, abuztuaren 26an egingo dute, Bilbon

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Maia: «Prentsaren bidez izan dugu PPren erabakiaren berri»

Iñaut Matauko Rada

Maiak PPri egotzi dio koalizioa uzteko modua ez dela «egokia» izan. Esan duenez, Nafarroan zentro-eskuinaren liderra UPN izan da «historikoki», eta ez Alderdi Popularra, Telladok esan bezala

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...