Koronabirusa. Ikerketa

Kongotik Gurutzetara

Berez Ebola birusaren kontra sortutako remdesivir botika probatzen ari dira Gurutzetako ospitalean, COVID-19 gaixoekin, nazioarteko entsegu kliniko baten barruan.

Biocrucesko laborategi bat, artxiboko irudi batean. LUIS TTEJIDO / EFE.
jakes goikoetxea
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ere egiten ari da COVID-19 gaitzari aurre egiteko ikerketa. Zehatzago, antibiral baten eraginkortasuna neurtzen ari dira: remdesivirra, Gilead ekoizlearena. Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalea eta haren ikerketa institutua, Biocruces, nazioarteko ikerketa talde batean parte hartzen ari dira.

Nazioarteko entsegu klinikoa da, eta Kataluniako, Espainiako, Alemaniako, Frantziako eta Italiako ikerketa taldeek ere parte hartuko dute. Lehenengo fasean, 400 gaixo larri izango dira, eta bigarrenean 600 ez hain larri. Gaixoen bi taldeetan probatuko dute remdesivirra, ea segurua eta eraginkorra den ikusteko. Haren emaitzak ohiko tratamenduarenekin alderatu ahal izango dute. Hasierako asmoa zen Gurutzetan 30 gaixorekin egitea, baina gehiagorekin ere egiteko prest daude.

Remdesivirra, berez, Ebola birusari aurre egiteko sortu zuten. Orain, ordea, beste hainbat antibiralen moduan, COVID-19aren kontra ere probatu nahi dute. Izan ere, antibiral eraginkor bat aurkitu nahi dute gaitza arintzeko edo sendatzeko. Remdesivirra da OME Osasunaren Mundu Erakundeak mundu osoan probatuko dituen lau antibiraletako bat.

Remdesivirrak Ebola birusaren erreplikazioa eragozten du. Nola? Birusaren entzima bat, RNA polimerasa, inhibituz. Dena den, iaz probatu zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko izurritean, eta ez zuen efekturik izan gaixoengan.

Hala ere, 2017an, AEBetako ikerketa talde batek remdesivirra probatu zuen, ez Ebolaren kontra, baizik eta SARS eta MERSaren kontra. Remdesivirrak helburu duen entzima oso antzekoa baita beste birus batzuetan. AEBetan ikusi zuten remdesivirrak indargabetu egiten zituela SARSa eta MERSa eragiten zituzten koronabirusak, bai zeluletan, bai animalietan egindako esperimentuetan.

Remdesivirra eraginkorra da SARS-CoV-2 birusaren kontra? AEBetan botika horixe eman diete zenbait gaixori. Birusak herrialde hartan kutsatutako lehenengoari, esaterako. Hurrengo egunean, hobeto zegoen. Kalifornian ere remdesivirra eman zioten hilzorian zegoen beste bati, eta bizirik atera da. Ez batzuek, ez besteek, baina, ez dakite remdesivirraren eraginez izan den. Kasu bakanak dira, ez ikerketa sendoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.