Eskoziako prozesu independentista. Michael Russell. SNPko presidentea

«Desafioa Erresuma Batuko Gobernuarentzat da, ez guretzat»

Gizarte mugimendu independentistan ahots berri ugari agertu direla jakitun, «aberastasun hori onartu» eta elkarrekin lan egiteko beharra nabarmendu du Rusellek: «Oso argi izan behar dugu gure helburuak independentzia ziurtatzea izan behar duela».

ANDY RAIN / EFE.
jon olano
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Michael Russell (Bromley, Ingalaterra, 1953) iazko azaroaz geroztik da SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko presidentea, eta, aurtengo ekainetik, hari dagokio alderdi barruan independentziarako kanpaina zuzentzea.

Johnsonek ezetz dio. Orain, zer?

Egoera ez da duela bi urtekoa. Urtarril arte, galdera guretzat zen: 'Zer egingo duzue?'. Orain, kontrakoa da: zer egingo dute? Bi lege egitasmo argitaratu ditugu; orokor bat independentziaz eta beste bat erreferendumaz. Bigarrena promulgatzen denean —[lehen ministro Nicola] Sturgeonek esan du hala egingo duela izurriak modua ematean—, aurrera egingo dugu bozketa antolatzeko. Erresuma Batuko Gobernuaren esku egongo da «ados, aurrera» esatea edo Auzitegi Gorenera jotzea.

Hala egingo duela espero duzu?

Inork ez daki, ez delako inoiz probatu. Erresuma Batuko Gobernuari iradokiko nioke ez duela oso itxura onik ematen parlamentu batek lege egitasmo bat onartu, parlamentuaren eta herrialdearen gehiengoaren babesa eduki eta haiek kontra egitea. Beraz, bizi dugun garaiaren garrantzia da desafioa Erresuma Batuko Gobernuarentzat dela, ez guretzat. Guk badakigu zer egingo dugun; erreferendum bat antolatuko dugu, eta Erresuma Batuko Gobernuaren esku dago hura geldiaraztea, zintzoki uste badute Eskoziako herritarren adierazpen legitimoa geldiarazi behar dutela.

Uste duzu toryek onartuko dutela erreferenduma?

Guretzat frustrazioa da, jendeak nahi duelako. Adierazpide demokratiko normal batean, alderdi batek hauteskundeak irabazten dituenean eta gobernua osatzeko gai denean, posible izan beharko litzateke haren proiektua ezartzea.

Noiz izango da hori?

Egokia denean. Kontua ez da soilik noiz den segurua; independentzia erreferendum batean egin behar duzun kanpaina ez da hauteskundeetakoa. Erreferendum kanpaina bat pertsuasiorako da, atez atekoa eta mitinez osatua, eta hori egiteko ahalmena izan behar duzu.

Egoera honetan, nola ikusten duzu independentismoa?

SNPren posizioa argia da; iraileko konferentzian, gehiengo zabal batek esan zuen ez dela erreferenduma egin behar pandemia urritu arte. Beste batzuek nahi dute bihar bertan gertatzea. Besterik gabe, ez gaude ados. Oso mugimendu ezberdina daukagu 2014koaren aldean. Orduan zaila zen hura kudeatzea, baina egin zen. Ez dut uste orain kudeatu daitekeenik; onartu behar da ahots ezberdinak daudela eta elkarrekin lan egin behar dela, baina desadostasunak dituguña.

Batzuek diote talde gehiago egotea ahulezia dela; beste batzuek, aniztasuna erakusten duela. Baina gehienek nahi dute norbaitek denak koordinatzea.

Uste dut gertatzen hasi dela. Baina ez da hainbeste koordinatzea, baizik eta adostea elkarrekin lan egin behar dugula. Aberastasun hori onartu behar dugu. Aberastasun hori dator mugimendua asko zabaldu delako 2014az geroztik. Oso argi izan behar dugu gure helburuak independentzia ziurtatzea izan behar duela.

Zer ikasi du SNPk 2014tik?

Lan izugarria egin genuen Liburu Zurian, baina agian laburragoa eta zehatzagoa izan behar du. Beste ikasgai bat da lasai hartu behar dugula gurekin erabat ados ez dagoen jendearekin lan egiten.

Inkestek diote independentismoa eta unionismoa berdinduta daudela. Nola handitu lezake independentziaren aldeko aukerak bere babesa?

Gehiengoa %50+1 da. Eskozian, aldaketek denbora luzea behar dute. Gaitasuna hor dago, eta brexit-ak aukera sortu du, baina mezuak positiboa ere izan behar du. Finantzetan eta beste arlo batzuetan egin behar dugu ahalegina,mezu positiboak onartzen errazagoak izan daitezen. Soilik ikuspegi negatibo batean oinarritutako kanpaina batek ez du irabaziko.

Eskumenen itzuleratik SNPren gobernura zortzi urte igaro ziren, eta beste zazpi independentzia erreferendumera. Markoa urte gutxian aldatu zen.

Jende askok espero zuen baino lehenago heldu zen SNP boterera. Alderdia oso azkar aldatu zen 1990etik 2007ra. Uste dut potentzialtasuna hor dagoela oraindik; jende askok espero zuen 2014an SNP txikitu egingo zela. Baina 20.000 kide zituen lehen, eta beste 100.000 lortu zituen. Zoru berri bat irabazten da, eta gero eten bat dago. Orduan, beste zoru bat lortzen da berriz. Politikan, aurrera egiteari uzten badiozu, atzera egiten hasten zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.