urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Etorkizuneko begirada

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Munduko gertakari historiko garrantzitsuen gainean dagoen egungo ikuspegiaren ondoan, interesgarria da unea bizi zuteneko perspektiba ere izatea. Jose Antonio Agirre lehendakariak II. Mundu Gerran idatzi zuen egunkari eta gutunetan XX. mendeko gure historiaren dokumentu garrantzitsuak izateaz gain, Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz berehala harrapatzen zaituen abentura liburua da. Unerik zirraragarrienetakoa 1940ko udaberrian daukazu, lehendakaria Flandriako kostaldean dagoela familiarekin; Alemaniak inbaditua du Polonia, eta Frantziara eta Europa mendebaldera ere joko duen zurrumurruak geroz eta handiagoak dira. Mantxako itsasartea zeharkatzeko azken aukeren aurrean dauzkaten zalantzak ia amorrarazteko ere baden inozotasunarekin irakurtzen da.

Beste horrenbeste gertatu zitzaidan Imre Kertesz-en Zoririkez itzultzean. Egia da literatur lan bati buruz ari garela kasu honetan, oinarri autobiografikoa daukan nobela bati buruz. Baina eleberriaren detaile garrantzitsuenetakoak dira ziur aski nerabe baten ikuspegitik dauzkan hausnarketak eta begirada. Budapesten Daviden izarra janzten hasten den gaztetxoak eskertu ere egiten du trenez giro baztertzaile eta itogarri horretatik alde egiteko duen aukera. Auschwitz distantzia batetik hartzeko era bakarra ere bada ziur aski leku ezezagun bat bezala erakustea.

Asteotan ikusitako telesail eta filmen artean Hotel Rwanda latza dago. Filmaren hasieran Paul Rusesabagina Mille Colines hoteleko zuzendariarengana doaz Thomas eta Felans adiskide tutsiak. Gertatzear dagoenaz ohartarazten diote, hark ere ikusiak ditu zantzuak, bezperan auzokide bat atzeman, jipoitu eta eramaten dutenean, eta hotelean bertan kutxa bat apurtu eta matxeteak agertzen direnean. Thomasek kezka adierazten dio, laguntzaile duen Interahamweko miliziako kide batek jakinarazi dio zer datorren, ahalik bizkorren alde egin dezan. Zuzendariaren erantzuna: egon lasai, zure laguntzaileak zure lekua hartzea besterik ez du nahi. Hortik aurrerakoa, egunotan ari dira 26. urteurrena gogorarazten: Tanzaniako bake-akordioak sinatzetik bueltan zetorren hegazkina bota, Burundi eta Ruandako presidenteen hilketa, eta genozidioari ekiteko deia irratitik. Lana kentzeko asmoz egindako zurrumurrua esatetik luzaroan prestatutako genozidioa abian dela ohartarazi bitartean egun gutxi baino ez ziren; minutu batzuk doi-doi filmeko metrajean.

Filma ez dago euskaratuta tamalez. Eta paradoxikoki —zinema itzultzea literatura lanak euskaratzea baino errazagoa izan arren, azpidatzietan funtsean elkarrizketak baino ez baitira idatzi behar; eleberri baten ekintza eta deskribapenetan doazen hitzak irudiek azaltzen dituzte— badugu duela mende laurdeneko gertakari larrienetakoa ulertzeko eleberririk indartsuenetakoa irakurgai: Gael Fayeren Ene herri txikia, Burunditik begiratuta, Irati Bereauk euskaratuta eta Igelak iaz argitaratuta.

Frantzia okupatzear zela munduaz zuten begirada, Holokaustoaren atarian izan zezaketena edo Ruandako genozidioaren bezperatan zeuden zurrumurruen aurrean zeukaten jarrera, une horietan hartutako erabakiak, oso zailak dira gaur egunetik baloratzen, baina oso interesgarriak dira halaber jakiteko.

2020 honetan idazten eta esaten ditugunak beste begirada batekin ikusiko dira bost, hogei edo berrogeita hamar urte barru. Egunotako erabakiak, iragarpenak eta gezurrak, zelan ez. Nork eta zergatik egin zuen zer. Baina zaila da oso gaur egungo begiekin dimentsio horri heltzea. Horregatik da interesgarria egunerokotik ere irtetea, literaturan, zineman, bertsoan babes hartzeko. Beste begirada batzuk izateko. Gure sortzaileenak, eta mundua gure hizkuntzara dakartenena. Bihar Euskaraldi berri bateko proposamena izango dugu, etxealdian euskaraz zelan bizi hausnartzeko sasoia izango da. Etzi eta etzidamu, berriz, kulturgileen greba etorriko da. Luzaroan ukatutako protagonismoa krisiak ekarri dien beste sektore batzuen artean, kulturgileek badute nolabaiteko aitortza; euskarak izan dezakeen antzekoa: sinbolikoa, garrantzia duela onartzen zaio, baina beharrezko baliabideak baino nabarmen urriagoekin. Horregatik guztiagatik ere, isiltasunak ikusaraziko ditu. Etorkizuneko begirada ere desberdina izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.