Bi aldiz onena

Bong Joon Hok mugarri bat jarri du Oscar sarietan, 'Parasite'-rekin: lehen aldiz, ingelesez besteko lan batek filmik onenaren saria irabazi du; nazioarteko filmik onenarena ere lortu du, gainera

Bi aldiz onena.
itziar ugarte irizar
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Oscar sarien 92 urteko historian, soilik 11 bider egon da ingelesa ez den hizkuntza bateko pelikula bat filmik onenaren sarirako izendatuta. Eta soilik sei bider egon da lan bat nazioarteko film onenaren eta, aldi berean, film onenaren kategorietarako, bietarako izendatuta. Baina aurrez inork ez ditu inoiz sari biak irabazi igandera arte. Bong Joon Ho zuzendari korearrak egin du urratsa Parasite filmarekin, eta bera bilakatu da 92. Oscar sarietako garaile nagusia; lau garaikur bildu ditu denera —gidoirik onenarena eta zuzendaririk onenarena ere jaso ditu—, eta atzean utzi ditu faboritotzat jotako lanak. Umoreak eta musikak jantzi zuten igandeko gala, eta sarituen hitzaldietan aspaldiko aldarri gutxien entzun zen.

Klase borrokaz dihardu Oscarretan historia egin berri duen Parasite filmak, bere hamaika geruzekin: maila ekonomiko altuko eta baxuko familia bana gurutzatzen dira kontakizunean, eta, arrakala unibertsal horrekin batera, Hego Koreako gatazka propioak ere ateratzen ditu lehen mailara. Thriller politiko baten forman eraiki du Joon Hok istorioa, eta zuzendaririk onenaren aitortza egin diote kontatzeko era horregatik. Sari hori jasotzera igotakoan hunkitu zen gehien egilea, eta Martin Scorsese goraipatzeko baliatu zuen unea, aurrean eserita baitzeukan: «Zinema eskolan nengoela, Scorseseren pelikulak ikasten nituen. Ez nuen pentsatuko egun batean berarekin izendatuta egongo nintzenik; are gutxiago irabaziko nionik». Berdin aupatu zuen Quentin Tarantino ere: «AEBetako jendeak ez zuenean nire zinema ezagutzen, Quentin Tarantinok nire pelikulak jartzen zituen bere zerrendetan». Zuzendaririk onenaren sarirako izendatuta zeuden Sam Mendes eta Todd Phillips ere ez zituen ahaztu.«Orain bai: bihar arte edango dut», bukatu zuen.

Izan ere, zuzendari horien azken lanak ziren aurtengo Oscar sarietarako lau faboritoak: Philipsen Joker-ek 11 hautagaitza zituen, eta Tarantinoren Once Upon a Time in... Hollywood, Scorseseren The Irishman eta Mendesen 1917 filmek, hamarna. Azken horrek hiru garaikur lortu zituen —argazki, soinu nahasketa eta efektu berezirik onenak—; Joker-ek, bi —musikarik eta gizonezko aktorerik onenak—; Tarantinoren filmak ere beste bi —ekoizpen diseinurik eta gizonezko taldeko aktorerik onenak—; eta Scorseseren The Irishman-ek, aldiz, bat ere ez.

Horiek garaitu izanak ere areagotu zuen Bong Joon Horen itzala igande gauean. Filmik onenaren eta nazioarteko filmik onenaren sari bikoitzarekin —orain arte ingelesez besteko filmik onena zen—, askorentzat agerian gelditu da Hollywoodeko Zinema Akademiak egin duen norabide aldaketa: AEBetatik kanpoko 1.500 lagun batu dira azken urteetan botoa eman dezaketen kideen batzordera, eta, ondorioz, «bozketak gero eta nazioartekoagoak» direla diote. Antonio Banderas aktoreak, esaterako, kontuz ibili beharra dagoela esan zuen galaren bezperan: «Nazioarteko filmak hedatzen ari dira, Oscarrak munduko sari bihurtu nahi baitituzte. Jendeak uste duen baino azkarrago ari da gertatzen hori». Joon Hok, ordea, egoera globalizatuaren testuinguruan kokatu zuen joera aldaketa, gala amaitu osteko agerraldian: «Streaming-ak eta sareak publikoa ohitu egin du edukiak beste hizkuntza batzuetan jasotzera».

Ohi baino epelago

Interpretazioari lotutako garaikurretan ez zen ezusteko handirik izan. Izan er,e beste sari banaketa batzuetan ere nabarmendu zirenak saritu zituzten Los Angelesko (AEB) Dolby antzokian: Joanquin Phoenix (Joker) eta Renee Zellweger (Judy) aktore protagonisten kategorian; eta Brad Pitt (Once Upon a Time in... Hollywood) eta Laura Dern (Marriage Story) taldeko aktorerik onenetan. Lehen Oscar saria izan zuten denek, Zellwegerrek salbu —Cold Mountain (2003) filmarekin taldeko emakumezko aktorerik onenaren saria lortu zuen—.

Azken urteko filmak saritzeko denboraldia hasi zenean, Phoenixek eskaera bat egin zien, zeharka, ofizioko kideei: ez emateko bizitza irakaspenik sariak jasotzean, jaso zezatela, esker zezatela eta jaitsi zitezela agertokitik. Eta eman lezake askok kasu egin ziotela igandean, ohi baino epelagoak izan baitziren saria eskertzeko hitzaldiak. Ez, ordea, Phoenixena: berak egin zuen hitzaldirik erreibindikatzaileena, larrialdi klimatikoa gogora ekarriz, eta, oro har, «injustiziaren» aurka eginez: «Zinemak ematen digun dohain nagusietako bat gure ahotsa erabiltzeko aukera da. Batzuetan, pentsa dezakegu kausa batzuen buruak garela, baina nik alderdi komunak ikusten ditut: hitz egin dezagun genero ezberdintasunaz, LGTBI kolektiboaren eskubideez, indigenez, animaliez... Injustiziaren aurkako borrokaz ari gara».Gizakia naturatik «deskonektatuta» dagoela salatu zuen, bere zilborrera begira bizi dela.

Izendapen dezente zituzten beste lanen artetik, azkenean bakarra irabazi zuten Jojo Rabbit (egokituriko gidoirik onena), Marriage Story (taldeko emakumezko aktorerik onena) eta Little Women filmek (jantzirik onena), besteak beste.

Aurkezlearen faltan, musikak lotu zituen sari batetik besterako bitarteak. Eminem rap kantariaren eta Billie Eilishen emanaldiek sortu zuten zirrara gehien: Lose Yourself abestu zuen lehenak, zeinarekin jatorrizko kanta onenaren saria irabazi zuen 2002an, 8 Mile filmagatik. Eilish, berriz, In memoriam tartean aritu zen; Yesterday abestu zuen, atzeko pantailan Agnes Varda, Anna Karina, Terry Jones, Kirk Douglas eta azken urtean hildako pertsona gehiago ageri ziren bitartean.

Oro har umoretsua izan zen ekitaldia, eta Rebel Wilson eta James Cordenek bereganatu zuten gehien publikoa, katuz jantzita atera baitziren, Cats filmari keinu eginez. Brie Larson (CaptainMarvel), Gal Gadot (Wonder Woman) eta Sigourney Weaverrek (Ellen Ripley) utzi zuten eguneko beste argazki bat —hiru aktoreek superheroien pertsonaiak jokatu dituzte—:«Emakume guztiok gara superheroiak», esan zuen Weaverrek, eta antzokia txaloz bete. Natalie Portmanek ere egin zuen ekintza bat emakumezko zinema zuzendarien hutsunea ikusarazteko; akademiak ez du bat bera ere izendatu aurten, eta horietako zenbaiten abizenak jakan josita agertu zen aktorea: Greta Gerwig (Little Women), Celine Sciamma (Portrait of a Lady on Fire), Lulu Wang (The Farewall)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.