Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Ez uko egin

2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun

Badu hilabetea orain Ipar Euskal herriko artistak eta sortzaileak, ostiral arratsalde guztiez, Baionako karriketara jaisten direla, Macronen gobernuaren kultur politika salatzeko. Michel Portal antzokia okupatzen dute eta hiriko toki askotako leihoetan aldarrikapen argiekiko banderola agertzen dira: Kulturarik ez, etorkizunik ez edo kultura bizitza da bezalako lemak irakur ditzakegu, ez bakarrik Baionan, baizik eta Hendaian, Donibane Lohitzunen edo barnealdeko zenbait lekutan. Berrehun bat jende biltzen dira beraz, musikaz eta batukada ozenez lagundurik, Gorner diktadorearen kontra borrokatzen diren Alain Damasioren Les furtifs zientzia-fikzioko nobela marduleko pertsonaien antzera.

Kultur guneak, antzokiak eta zine-gelak itxiak dira iragan urri hondarraz geroztik. Premiazkoak ez izateagatik, liburutegiak zerratu zizkiguten garaian ohartu ginen zeinen beharrezkoak ziren erosketak eta harreman zuzenak harilkatzen zituzten leku horiek. Halaber kulturarekin, praktiken eta eraldaketa indibidual zein kolektiboaren bihotzean dela ahanztear geundela aitor dut, ohituragatik, indiferentziagatik, artera hurbiltzeko erraztasunagatik. Astelehenetik larunbatera, ondorioz, goizeko hamarretatik arratsaldeko bostera, joan gaitezke artistengana, haiekin mintzatzeko, hauen egoera larria eta prekarioa aipatzeko, etorkizuneko elkartasun xedeak finkatzeko.

Osasun krisiak mundu osoa jartzen du zalantzan, esku gibel ukaldi soilaz ahulenak peko errekara bulkatuz. Industria farmazeutikoa irabazle suertatuko da, hegazkingintza, autogintza, turismoa pixka batean, oroz bat mundu zaharra; kultura aldiz, betiko legez, petzero geldituko da, Parisko endogamia intelektualaren zurrunbilotik kanpo egiten dena bereziki. Eskualde hauetan berdin, mailak izango dira iharduki-zurubian: frantsesez ekoizten denak burua salbatuko du, euskarazkoak aldiz... baina bai, euskarazkoa ere aterako da ateka gaitzetik, diru gutxirekin eta sorkuntza kalipu askorekin irauten usatua delako. Zorigaitzez, zorionez (irakurle, marratu ezazu debalde irudi zaizun hitza).

Ez uko egin kantatzen dute, ahoak eman ahala, Michel Portal teatrotik abiatuz Hallesko plaza berriturainoko bidean. Maika Etxekoparrek jarri dizkio euskarazko hitzak HK eta Saltinbankoak taldearen Ne pas renoncer abestiari. Ene adiskide artistak solastatzen ditut manifestaldi denboran eta nire egundainoko eskaera zera da : idazlea artista bat al da? zer da artista izatea? Artistak dira bakarrik taula gainetara igotzen direnak publikoarekin kontaktua bilatzeko? Galderak utzi eta goazen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.