Eskoziako prozesu independentista. Demografia

Independentziaren soslaiak

Boto emaileen joerek erakusten dute, besteak beste, independentistak nagusiki 45 urtetik beherakoak direla eta beren burua ezkerrekotzat daukatela. Plazan «inplizituki» ageri da autodeterminazioaren ideia.

Independentziaren soslaiak.
jon olano
Edinburgo
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Duela zazpi urte Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko aukerak %55-%45 irabazi zuenetik —eta aurretik ere bai—, neurri batean zenbakiek definitzen dute bertako politikagintza; portzentaje horiek zenbat handitu eta urritu diren, aldagai bakoitzak zenbaterainoko eragina duen hazkunde eta urritze horietan, hautu bat edo bestea egiten dutenen soslaia zer-nolakoa den. Esan liteke monitorizazio etengabean dagoela Eskoziako gizartea. Ezin konta ahala inkesta argitaratzen dira hedabideetan independentzia erreferendum baten boto asmoez eta gisa berekoez, baina badira erreferentziazko ikerketa batzuk ere, joera komun batzuk antzematen dituztenak.



Horietako bat da Erresuma Batuko 2019ko hauteskundeen harira egin eta Michael Keating eta David McCrone irakasleek aurtengo martxoan argitaratutako artikulu batean xehatutakoa. British Election Study ikerlanaren arabera, eskoziarren %60k babesten dute autodeterminazio eskubidea, eta %17 ez daude ados horrekin. Hortik aurrera, ondorio nagusietako bat zera da: 2019ko hauteskundeen testuinguruan botoa polarizatu egin dela SNP aukera independentista eta europazalearen eta Alderdi Kontserbadore, unionista eta brexit zalearen artean. «Badirudi burujabetza auziek Eskoziako espazio politikoa birmoldatu dutela».

Elementu berria da brexit-ari eta independentziari buruzko jarreren uztartze hori, hasieran bi joerak ez baitzeuden horren lotuta: «Ebidentzia dago brexit-ari buruzko ikuspegiak oso lerratuta daudela Eskoziaren autodeterminazioari buruzkoekin». Alegia: 2016an Erresuma Batuak Europako Batasunean jarraitzeari edo irteteari buruzko galdeketa egin zutenean, alde batera eta bestera egin zuten boto emaileen multzoak heterogenoagoak ziren: independentisten multzoa ez zegoen erabat lerratuta Europako Batasunean jarraitzearekin, eta unionista guztiak ez zeuden brexit-aren alde; orain, bi ardatz horiek gerturatu egin dira.

Ondorio berera heldu da Common Weal think tank-a ere, 2021eko abuztuan argitaratutako Independentziaren demografiak azterketan: «2016an, independentziaren eta brexit-aren inguruko jarrerak ez zeuden oso lotuta, baina harrezkero korrelazioa askoz handiagoa da. Europako Batasunean segitzearen aldeko boto emaileen artean askoz ziurragoa da independentziaren aldeko botoa ematea». Oro har, Eskozia independente baten aldeko joeraren bilakaera jaso dute Craig eta Ellen Dalzellek lan horretan: 2014-2018 artean %45etik %40ra jaitsi zen; 2021 hasierarako %50 ingurukao zen, eta ekainerako berriro %45en bueltara itzuli zen.

Bada beste elementu bat ere hautesleak polarizatzen dituena, eta aipatutako bi haustura lerro horiekin erabat lerratzen dena: ezker-eskuin ardatza. McCroneren eta Keatingen arabera, subiranistak oso multzokatuta daude ezkerrean; horietatik %96k diote ezkerrekoak direla, eta unionisten %85ek, berriz, eskuindarrak direla. Hori horrela, agerikoa da laborismoak sufritu egin duela hautetsontzietan: 2015ean Alderdi Laboristaren aldeko botoa eman zutenetatik erdiek baino ez zioten eutsi boto horri 2019an, eta galera horretatik kontserbadoreek atera zuten probetxu handiena, haiengana joan baiziren botoa aldatu zutenen %23; SNPra baino gehiago (%16).

Datu horiek eskuan, Eskoziako boto emailearen —bereziki, independentistaren— zer-nolako soslaia marrazten dute hauteskunde emaitzek eta ondorengo azterketek? Hitz bitan: independentista, oro har, gaztea dela, 45 urtetik beherakoa, bere burua ezkerrekotzat daukala, unibertsitate ikasketak dituela, nagusiki lanbide liberalen bat daukala eta, identitate nazionalaren arloan, bere burua soilik edo nagusiki eskoziartzat daukala. Sexua, ordea, ez da aldagai erabakigarri bat alde horretatik.

Burujabetza, oinarrian

Testuinguru horretan, aldagai esanguratsu bat da zein den jokalekua; zer marko diskurtsibotan mugitzen den independentismoaren eta unionismoaren arteko eztabaida. Gogoeta publiko horretan, apenas ageri diren erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, burujabetza eta gisako kontzeptuak, eta, aldiz, askoz sarriago entzun daitezke demokrazia eta independentzia hitzak. Aldea dago Euskal Herriko eztabaidaren markoarekin konparatuta. «Espainian, galdetzearen zilegitasuna dago auzitan. Ez da aukera bat, eta, beraz, eztabaidaren ardatza lege argudioak dira, Espainiako Estatuaren banaezintasunari buruzkoak. Aldiz, Erresuma Batuko Gobernuak esan izan badu ere ez duela erreferendumik onartuko berehala, erreferendumaren ideia erabat onartuta dago», azaldu du Coree Brown Swan Centre of Constitutional Change erakundeko ikerlariak: «Erreferenduma badator; gerta daiteke, zilegi da. Eztabaida dezakezu independentzia gauzatu behar den edo ez, baina onartuta dago erreferendum bat baliabide legitimoa dela erabaki politikoak hartzeko».

Burujabetza ulertzeko era dago hitzen aukeraketaren oinarrian, Brownen iritziz: «Subiranotasunari buruzko kontzepzio partikular bat dago Eskozian; Eskoziak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela. Autodeterminazioa nahikoa asumituta dago. Independentziari eta autogobernuari buruzko argudio gehienak zera dira: gauza ona edo txarra diren. Gehiago da balioei buruzko eztabaida bat eskubideei buruzkoa baino, barneratuta dagoelako eskoziarrak burujabeak direla erabakitzeko».

Antzera mintzo da Nicola McEwen Edinburgoko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakaslea ere: «Eskozian, oinarrian, ideia horrek ez du kontrakotasunik. Eskozia nazio bat delako ideia ez dago eztabaidagai. Aitortza bat dago erreferenduma zilegi dela; kontserbadoreen argudioa da ez dela garai ona». Horregatik, haren iritziz, «autodeterminazioa nola definitu» da gakoa: «Bereziki brexit-aren ondoren, autodeterminazioaren markoa inplizituki ageri da denboran zehar; erabaki bat hartu dugula eta erabaki hori ez dugula utzi Johnsonen esku». Demokraziaren markoa, berriz, maiatzeko hauteskundeen ostean nagusitu da, McEwenen esanetan: «Alegia, mandatu bat dagoela. Uste dut oraindik oso lotuta dagoela autodeterminazioaren markoari; aurrez autodeterminazio eskubiderik izan ezean, mandatuak ez luke zentzu handirik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.