Etxeko lanak egiteko eskaera

Etxerat-ek Eusko Jaurlaritzako eta EHUko agintariei esan die Euskal herritar guztiek ez dutela bermatua ikasteko eskubidea; presoen eskubidea gauzatzeko eskatu die.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Iñaki Goirizelaia errektorea, presoek ikasteko duten eskubidea aldarrikatzen zutenen aurretik igarotzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Hezkuntza sustatu beharreko balio gisa aitortua dago mundu osoan. Pertsonen, herrien zein gizarteen aberastasun iturri eta bermatu beharreko oinarrizko eskubide gisa. Baina euskal preso politikoen kasuak salbuespena dirudi. Ikasteko eskubidea ez dute bermatua; are, oztopoz josia dute. Horretan badutela zeresana ohartarazi die Etxerat-ek EHUko zein Eusko Jaurlaritzako agintariei, ikasturte hasierako ekitaldira joan direnean. Haiena ere badela erantzukizuna; herritar guzti-guztien ikasteko eskubidea bermatu beharra dutela eta ez dutela horretarako behar beste egiten. Neurriak eskatu dizkiete.

Espainiako presondegietan dituzten euskal herritarren egoera dela okerrena salatu du Etxerat-ek. 2003. urteaz geroztik, ez dute EHUn ikasteko aukerarik. Hirurehun bat presok ikasten zuten EHUn orduan, eta, Espainiako Gobernuaren erabaki baten ondorioz, kanporatu egin zituzten. Zail dute, ordutik, inolako ikasketarik gauzatzea. Eta, horren inguruan, «ezer gutxi» egin dute bai EHUk bai Eusko Jaurlaritzak, Lourdes Rodriguez Landa Etxerat-eko Ikasketa Batzordeko buruak dioenez. «Hitz onak» esaten dituztela dio, baina praktikan ez dutela sekula egin egoera iraultzeko behar adinako indarrik.

EHUk bere eskubideari heldu behar liokeela deritzo: «Bere zeregin nagusia den irakasteko ahalmena kendu zioten 2003an, eta eskubide horren alde borrokatu behar luke». Jaurlaritzari herritarren hezkuntza eskubidea gauzatzeko eskatu dio: «Presoak Euskal Herriko seme-alabak dira, eta hemengo ikastetxeetan ikasi nahi dute, euskaraz».

Hain zuzen, euskaraz ikasteko ezintasuna da EHUn ikasi ezinaren gabezietako bat. Espainian dituzten euskal presoek UNED urrutiko ikasketa zentroaren bidez soilik egin ditzakete unibertsitateko ikasketa gutxi batzuk. Horiek guztiak, gazteleraz, tutoretzarik gabe eta ikasteko materialak lortzeko zailtasunekin.

Rodriguezek argi du ikasteko eskubidea bermatze aldera zein heldulekuri eutsi behar dioten Jaurlaritzak eta EHUk: 2004an onartu zen Euskal Unibertsitateen Sistemarako Legeari. 8. artikulua ikasteko eta aukera berdintasunerako eskubideei buruz ari da. «Euskal unibertsitate sistematik arrazoi ekonomikoengatik, askatasunik ezagatik, osasun arazoengatik edo gutxitasunengatik inor baztertu ez dadila bermatzeko, araudi bat garatuko du Jaurlaritzak, eta berdintasun politikak bultzatuko ditu diru laguntza eta bestelakoen bidez, oztopo sozial, ekonomiko eta geografikoak gainditzeko», dio. Lege hori betearaztea da, Rodriguezen hitzetan, presoek EHUn ikasteko eskubidea berreskuratzeko gakoa. Baina arauak ez du inolako garapenik izan, eta Jaurlaritzak ez du baliatu Madril estutzeko, Etxerat-en ustez. Hori egiteko eskatu dio.

EAEko gobernuak gehiago ere egin dezakeela dio, gainera. Hizkuntzak irakasteko eskumena, esaterako, berea duela ohartarazi du, eta presoei ikasketa horiek egitea ahalbidetu behar liekeela.

«Dirua dutenek soilik»

Frantziaren espetxeetan dituzten euskal presoek badute EHUn ikasteko aukera. Horietako hogei bat presok ikasten dute han, baina oztopo handiekin. Batetik, joan ziren presoek unibertsitateko irakasleen tutoretza eta jarraipena jasotzen zuten garaiak. Bestetik, ikasketak egiteagatik banatzen diren diru laguntzak desagertu egin dira presoentzat.

Urteko matrikulak mila euroko kostua izan dezake. Horri ikasketetarako materiala gehitu behar zaio. Presoek ez dute inolako diru iturririk, eta haien familia askok ezin dute beren gain hartu gainkostua. Ondorioa argia da, Rodriguezen hitzetan: «Egun, dirua duenak soilik ikasten du». Beraz, Etxerat-ek eskatu du ikasketak egiteko baliabideak jar ditzatela eta diru iturririk ez duten herritarrak izanik ikasketak doakoak izan daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.