jon olano
ANALISIA

Mesfidantzaz

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Kaleko zenbait istiluk eta horietan Ertzaintzak izandako rolak zeresana eman dute azken asteetan. Oharkabean igaro da, ordea, gaiarekin zerikusia daukan beste berri bat: urtarrilaren 26an osatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea. Poliziaren Legearen berritasun nagusietako bat da batzordea, eta haren egitekoa, «Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren barruko jokabide edo jardunbideak ikertzea»; helburu nagusia, berriz, «legitimitatea eta herritarren konfiantza indartzea», hau da, «polizia jardunaren gaineko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibotasunarekiko konfiantza». Asteotako gertakariei erreparatuta, batzordea osatzen duten sei kideek galtzak bete lan izango dituzte, ematen badizkiote: Poliziak inor hil edo larri zauritzen duen kasuak baino ezingo ditu ofizioz ikertu; bestela, Segurtasun sailburuak, arartekoak edo dagokion udal agintaritzak eskatuta esku hartu beharko dute.

Konfiantza. 2015ean, demokraziaren testuinguruei eta perspektibei buruzko liburu bat argitaratu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko 17 irakaslek, Pedro Ibarra Politika Zientzietako katedradunaren omenez. Gogoetatzen zuten justiziaz, herritarren parte hartze politikoaz, zibilizazio krisiaz, demokrazia ereduez. Eta mesfidantzaz. Kapitulu interesgarria da Noemi Bergantiños irakasleak mesfidantzari, haren kausei, ereduei eta ondorioei eskaintzen diona.

Charles Tilly, Pierre Rosanvallon eta beste autore batzuetatik tiraka, instituzio politikoekiko mesfidantza aurkezten du elementu demokratizatzaile gisa; «mesfidantza liberala» ez bezala, «mesfidantza demokratikoaren» mamia da «pertsona askok uste dutela demokrazia horren instituzio politikoak ez daudela bideratuta interes orokorra ahalbidetzera»; funtsean, mesfidantza horren helburua dela «botereak bere konpromisoekiko leial» jokatzea eta ongi komunaren zerbitzura jokatzea. Horrek «mesfidantza sortzaile» bat eragiten du, helburu duena «demokraziaren interpretazio erradikal bat egitea, politikotasunaren berreskurapenaren eta ekintza politiko kolektiboaren garrantziaren ideiatik abiatuta». Hitz bitan: instituzio politikoekiko mesfidantza motore izan daiteke sistema demokratiko baten kalitatea hobetzeko.

Polizia instituzio publiko den heinean, konfiantza/mesfidantza dikotomia horretan kokatzen dira azken asteetan Ertzaintzarekiko eta haren jardunarekiko jokabideak. Azken asteetan, polizien jarduna auzitan jarri duten irudi ugari ikusi dira: Ertzaintzaren auto batek herritar bat harrapatzeko keinua Donostiako Parte Zaharrean, «jotzeko tiro» egiteko aginduak, foam bala batek hautsitako matrailezurra, borraz apurtutako sudurra. Eta, horien ondotik, eztabaida politikoa; ertzainen jokabide ia ororen justifikazioa edo kritika, sektore politiko oso baten kriminalizazioa, polizia sindikatuen aldetik kazetari batzuen seinalatzea.

Polizia batzuen portaera horien aurrean, zertan laguntzen du agintari politikoek jarrera «proportzionalak» edota «eredugarriak» izan dituztela esateak? Adierazpen horiek ez al dute auzitan jartzen batzorde sortu berriaren egitekoa bera? Administrazio publikoen fiskalizazioak (hots, mesfidantzak) zer eragiten du, instituzioen kontrol demokratikoa areagotu edo gutxitu? Ertzaintzaren zilegitasun sozialari mesede egiten dio esku hartze ororekiko babes itsuak, edo kalte? Poliziaren sindikatu batek seinalatu ditzake kargu publikoak? Zer polizia eredu nahi dugu? Horra azken asteetan gertatutakoen inguruan agintari politikoek gogoetatzeko galderak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.