Koronabirusa

Positiboek gora egin dutela egiaztatu dute Zestoan, eta neurriak hartu dituzte

Jaurlaritza ez da udalarekin harremanetan jarri, baina kasuak areagotzea espero da. Hegoaldean gora egin dute positiboek eta ospitaleratzeek

Pertsona batzuk paseoan, maiatzeko arintze fasean, Zestoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Zestoako Udalak (Gipuzkoa) segurtasun neurri gehiago hartzen hastea erabaki du, azken egunetan positibo kopuruak gora egin baitu herrian. Eusko Jaurlaritzak ez ditu herriz herriko datuak ematen asteburuetan, baina asteazkenetik ostiralera bitartean hamabi kasu atzeman zituzten bertan. Udal gobernua ere konfinatuta dago, bi zinegotzik positibo eman baitute. Gainera, Mikel Arregi alkateak jakinarazi du asteburuan PCR proba gehiago egiten ari direla zenbait herritarri, eta badakitela positibo gehiago egon direla: «Bat-batekoa izan da agerraldia, eta, ematen duenez, hainbat jatorritatik sortutakoa».

Jaurlaritza, gaur-gaurkoz, ez da udalarekin harremanetan jarri, baina Arregik adierazi du «zain» daudela, gero eta positibo gehiago agertzea espero baitute. Egoerari aurrea hartu nahian, beraz, neurriak hartu dituzte. Besteak beste, eguneko zentroa itxi zuten herenegun arratsaldean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala aholkatuta. Bertan behera utzi dituzte astebururako antolatuta zituzten hiru ekitaldiak ere, eta Arregik gaineratu du seguruenik bihar liburutegia eta kiroldegia itxi beharko dituztela. Herriko eskolarekin ere kezkatuta daude: «Ume batzuek ere eman dute positibo, eta kezka horrekin gaude; astelehena jarri dugu etor daitezkeen erabakiak hartzeko epe muga bezala, datu gehiago edukiko ditugu eta».

Zestoako alkatearen arabera, datozen egunak «funtsezkoak» izango dira, eta herritarrei neurriak betetzeko eskatu die: «Zentzuz eta erantzukizunez jokatzeko garaia da, eta zaintzekoa; lehen ere hala egiten zen, baina orain, gehiago».

Hegoaldean gorakada

Positiboek gora egin dute Hegoaldean. Hain zuzen, 12.746 PCR proba egin ziren atzo, eta horietatik 932 pertsonak eman zuten positibo, herenegun baino 139 gehiagok. Hau da, egindako proba guztien %7,31k eman zuten positibo. Gainera, bost pertsona hil ziren: Nafarroan bi emakume eta Bizkaian zahar etxeetako hiru egoiliar.

Lurraldeka, Nafarroan atzeman zituzten kasu gehienak: 334. Gainontzeko hiru lurraldeetan ere gora egin zuten datuek: Bizkaian 266, Gipuzkoan 229 eta Araban 98. Beste bost positiboak Hegoaldetik kanpo bizi diren herritarren artean jaso dira.

Ospitaleetako datuek ere gorantz egin dute azken egunetan. Hegoaldeko ospitaleetan beste 57 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta, beraz, guztira, 525 pertsona daude ospitaleetan. Areago, zaintza intentsiboen unitatean 69 pertsona daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.