Bizkortu egin da exodoa

Migratzaileen bi karabana abiatu dira Hondurastik tarte motzean; azkena, abendu erdialdean. Urakanek eta COVID-19ak hango herritarren babesgabetasuna areagotu dute, eta migrazio olde berri baten abiapuntu izan liteke herrialdea. AEBetako gobernu aldaketak ere azkartu dezake ihesaldia.

Migratzaile talde bat Guatemalako armadaren kamioi batera igotzen, Morales (Guatemala) herrian, urrian, Hondurastik abiatutako migratzaileen karabana bat desegin ondoren. ESTEBAN BIBA / EFE.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Tantakako ihesaldia olatu bihurtzen ari da, berriz ere. Ehunka migratzaileko karabana bat Hondurasko San Pedro Sula hiritik abiatu zen abendu erdialdean, AEBak jomuga hartuta. Oinez abiatu ziren, bizkarrak zamatu dezakeen pisua adina ondasun gainean hartuta. Egun bakarreko bidaia izan zen, ordea, Honduras eta Guatemala arteko mugan desegin baitzuen Poliziak karabana. Guatemalara igaro ezinda geratu ziren, COVID-19an negatibo emana zutela frogatzen zuen agiririk ez zutelako.

Hiru hilabeteko epean Hondurastik abiatu den bigarren karabana da. Urri hasieran, 2.500 migratzaile inguruk iparralderako bidea hasi zuten, baina Guatemalan geldiarazi zituzten, Izabal eta Chiquimula departamentuetan; Orduan ere COVID-19aren hedatzea eragozteko neurrien argudiopean.

Migratzaileen fluxua bigarren mailan utzi du pandemiak, baina, izurria denboran luzatzearekin batera, berriro azaleratu dira Erdialdeko Amerikatik ihes egiteko arrazoiak. Muturreko indarkeriak, pobreziak eta sistema politiko ustelek sortutako babesgabetasunari ihesi egiten dute AEBetarako bidea milaka herritarrek, urtero.

Pisuzko beste arrazoi berri bat ere badute orain. Izan ere, Eta eta Iota urakanek kalte handiak eragin dituzte Erdialdeko Amerikako herrialdeetan; nagusiki, Hondurasen. Gutxienez 94 lagun hil eta zortzi desagertu ziren herrialde horretan, bi urakanen eraginez. Lau milioi laguni eragin diete hondamendiek, eta haien albo ondorioak nozitzen ari dira milaka herritar. 62.000 etxeri kalte egin diete bi urakanek, CEPAL NBEren Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoaren kalkuluen arabera, eta 92.000 lagun gobernuz kanpoko erakundeek eraikitako behin-behineko aterpeetan daude, beste inora joan ezinda. Sula eskualdean da agerikoena bi urakanek sortutako kaltea. Herrialdeko jarduera ekonomikoaren epizentro nagusia da bailara hori, eta bi milioi biztanle inguru ditu. Hondurasek esportatzen dituen hornigaien erdiak, gutxi gorabehera, han sortzen dira. Herrialdeko ekonomiaren motorra den bailara hori inguru lokaztu bat bihurtu dute urakanek, hogei egunez euria etenik gabe egin eta gero.

Izan ere, larria da egoera, ikuspuntu humanitariotik begiratuta, baina baita ekonomikoki aztertuta ere. Kalte ekonomikoak zenbakitara eraman ditu CEPALek: 576 milioi lempirako —1.540 milioi euro baino gehiago— kaltea eragin zuten Eta-k eta Iota-k azaroko lehen bi asteetan, eta %0,8ko jaitsiera barne produktu gordinean. Zenbateko horri COVID-19ak herrialdeko ekonomian sortutako galerak batu dizkio erakundeak: 100.000 milioi lempira —3.397 milioi euro baino gehiago— eraman dituzte hondamendi naturalek eta pandemiak, guztira.

Izurriaren bilakaera ere ez da positiboa Hondurasen. COVID-19ak gogorren jo dituen Erdialdeko Amerikako herrialdeen artean hirugarrena da Honduras, Panamaren eta Guatemalaren atzetik, eta gora egin dute positiboek eta COVID-19ak jota hildakoek azken egunetan. 3.000 baino gehiago dira pandemiaren ondorioz hil direnak, dagoeneko. Pandemiaren hedapena gelditzeko nahikoa baliabide ez duela ere erakutsi du Hondurasek. Ahula da hango osasun sistema, eta gutxi dira PCR probak egitera deitzen dituztenak, herrialdeko biztanleriarekin proportzioan.

Nabarmen larritu du egoera urakanen astinduak alor horretan ere. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak jakinarazi du 250.000 lagun osasun arretarik gabe daudela, urakanen eraginez. Erakundeak gaineratu du herrialdeko osasun zentroen erdiak itxita edo kaltetuta daudela, edo beharrezko arreta bermatzeko zailtasunak dituztela.

Itxaropena AEBetan jarrita

Hondurasek azken hilabeteetan jasan duen astinaldiari buelta eman eta herrialdea berrabiarazteko mezuak zabaltzen ari dira bertako agintariak, baina herrialdetik kanpoko erabakietan jarria dute esperantza herritar askok. Joe Biden AEBetako presidente berriak Donald Trumpen migrazio politikan aldaketa sakonak egiteko asmoa duela jakina da, eta, horren itxaropenez, datozen hilabeteetan migratzaileen karabana gehiagok haranzko bidea hasiko duten susmoa dago.

Horren kontziente da AEBetako gobernu berria. Orain arteko asilo sistema aldatzeak eragin dezakeen migrazio olde berri bati buruz mintzatu zen Biden duela astebete, eta adierazi zuen haren gobernuaren plan berriak martxan jarri arte «hilabeteak» igaroko direla. AEBetarako bidea ez hartzea ere aholkatu zien Erdialdeko Amerikako herritarrei.

AEBetan bizi diren hondurastarren egoera ere alda lezake gobernu aldaketak. Hango gobernuak jakinarazi du TPS Behin-behineko Babes Estatusa luzatuko diela AEBetan bizi diren El Salvador, Honduras, Nikaragua, Haiti, Nepal eta Sudango herritarrei, 2021eko urrira arte. Hondamendi naturalen edo gatazka armatuen ondorioz euren herrialdea utzi behar izan dutenek jaso dezakete estatus hori. Lanerako baimenak eta herrialdean jarraitzeko beharrezkoak dituzten agiriak eskuratu ditzakete hala.

Donald Trumpen gobernuak urtarril hasieran amaitu nahi zuen TPS programa, baina Kaliforniako auzitegi batek hura luzatzearen aldeko epaia eman zuen. Hala eskatu zuen egun batzuk lehenago Hondurasko presidente Juan Orlando Hernandezek ere. Izan ere, AEBetan bizi diren 44.000 hondurastar inguru programa horren barruan daude.

Mugitzeko trabak edonon

Hondurasek mugakide edo hurbilago dituen beste herrialdeen erabakiek ere baldintzatzen dute Erdialdeko Amerikako migrazio mugimendua. Mexikoren eta AEBen arteko mugan izan ohi dira oztopo nagusiak, baina pandemiak herrialde guztien arteko joan-etorriak zailtzea eragin du, eta Hondurasen inguruko herrialdeek ere gogortu dituzte mugako kontrolak. Duela hiru hilabete abiatutako migratzaileen karabana Guatemalan geratu izana horren adibide da, esaterako.

Mugitzeko zailtasunak ikusita, Hondurasko, El Salvadorko eta Guatemalako migratzaileek geroz eta gehiago Mexikora jotzen dutela adierazi zuen duela hilabete batzuk REODEM migratzaileen eskubideen aldeko erakundeen sareak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.